Dokumentuaren akzioak
Arropa harrian garbitzen zenekoa
Bertsolaritza, kritika
Xukan taldeak Iturrian zer dago ikuskizun berria estreinatu zuen aurtengo triki-bertso zikloari amaiera emateko. Hasierako ideia xumea bezain erakargarria da: baserriko andre batek Peñagarikanok, emakumezko jantziekin! eta bere bi alabek, latsarrian direla, baserritar baten Egañaren eta bere bost semeren bisita jasotzen dute. Feria eguna denez, aita eta mutilak zenbait trago edanda agertu dira, jaiarekin jarraitzeko eta neskak ligatzeko asmoz. Giro honetan sortuko dira Peñaren eta Egañaren bertso zorrotz eta dibertigarriak, ohi bezala.
Dantzak ere ikuskizunaren atal garrantzitsu dira, eta aurrean Euskal Herriko txapeldunak izan genituen, urrats berriak asmatuta. Trikitixa ere naturaltasunez sartzen da gidoian, eta Ansorregik «armairu bihurtu zaigu», bota zuen Peñak eta Larrañagak lan dezente bete zuten dantzarien artea ateratzearren. Larrañagak, gainera, seme erromantikoaren rola bete zuen «honek ez dit baserrirako balio», Egañak eta maitasuna zer den mila modutan azaldu zigun.
Egaña eta Peña, primeran
Primeran bete zituzten bertsolariek beren rolak, Zarauzkoak semeen itxura eta abileziak defendatzen, Albizturkoak neskak eta mutilak banantzen, gehiegi hurbiltzen zen mutikoari zaplastakoren bat emanez eta beti mesfidati, «mutil hauek txoritxoak ez dakit, pajaroak badira».
Dantzen aldetik dotoretasuna eta berritasuna ikusi genituen, eta amaiera aldera, neskak eta mutilak ligatu eta gero, tango bero bat ikusteko aukera izan genuen. Beraz, ongi dago Xukanen proposamena: garai hartako neska-mutilen arteko arazoak kontatzeko balio du, eta zenbait aldiz gehiago eginez gero, behar dituen dinamika eta bizitasuna hartuko ditu. Langaiak ezin hobeak dira.
Dokumentuaren akzioak