Dokumentuaren akzioak
Arriskuarekin dantzatzea
«Ia beste inor ekartzera ausartzen ez dena ekartzera ausartzen gara gu». Arriskuan eroso sentitze horrek ematen dio nortasuna Dantzaldia Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiari, Luque Tagua antolatzailearen hitzetan. Hogeigarren aldia hasiko du gaur, eta abendu erdialdera arte eskainiko du dantza garaikideko ezpal ia guztiez gozatzeko aukera. Besteak beste, Bilbon izango dira Dance Europe aldizkariak munduko 25 dantzaririk onenen artean aipatu zuen Olivier Dubois koreografoa eta Merce Cunningham dantzariaren lankide izandako Trevor Carlson dantzaria ere. «Urteetako lana izan da hau, eta dantzaren munduan jaialdiak badu nolabaiteko izen bat», laburbildu du Taguak.
Euskalduna jauregiaren programazioa dinamizatzeko jarri zuen martxan jaialdia Bizkaiko Foru Aldundiak, baina eraldatuz joan da hasierako asmo hori urteekin, hirian ere areto berriak azalduz joan diren heinean. Fundicion aretoa izan da beti jaialdiaren bihotza, halere.
Hiru hamarkada pasa daramatzate Taguak eta Laura Etxebarriak espazio hori kudeatzen, eta urte osoko dantza programazioa osatzen dute bertan. Baina formatu txikikoak izan ohi dira antolatzen dituzten saiorik gehienak, eta neurri ertaineko lanak eskaintzeko eta hiriko beste areto batzuetara hedatzeko baliatzen dute Dantzaldia. «Ez dugu beti kornerrean sentitu nahi».
Duboisen lana nabarmendu du Taguak, adibidez. Izen handiko koreografoa da, eta bere ibilbide osoan egindako lanen errepaso bat eskainiko du larunbatean. «Dantzariaren gorputza artelan ote den galdetzen du piezak».
Merce Cunningham koreografo estatubatuarra ere omendu nahi izan dute aurten. 100 urte dira dantza garaikidea eraldatu zuen sortzailea jaio zenetik, eta haren azken urteak izango ditu hizpide Not a moment too soon piezak. Cunninghamekin izandako harremana oroituko du haren lankide izandako Trevor Carlsonek, dantzaren eta hitzaren bidez, azaroaren 7an eskainiko duen lanarekin. Horrez gainera, Cunninghamen lan egiteko modua erakusten duen Asemblage bideo lanaren proiekzioa ere antolatu dute azaroaren 28rako.
Rocio Molinak erabat egiten du bat Taguak egindako arriskuaren definizioarekin. Izan ere, inprobisazioa da flamenko dantzari horren lan metodoa. «Inpultsuei» jarraituz eskaintzen ditu emanaldiak lehenik, eta saio horietan egindako probak hartzen ditu oinarritzat gero ikuskizun egituratuagoak osatzeko. Gitarra izango da, adibidez, bere hurrengo piezaren ardatza, baina 2020an egingo du estreinaldia, eta hara iritsi aurreko laborategi lana da Bilboko publikoari eskainiko diona.
Zirkuaren eta dantzaren bidegurutzean dabil Alexander Vantournhauten eta Bauke Lievensen proposamena. Gorputzaren hauskortasuna da Aneckxander ikuskizunaren gai nagusia, eta soinean boxeo eskularruak soilik dituela agertuko da oholtzara dantzaria, koreografia akrobatiko eta konfesionala eskaintzeko.
Publiko berria eratzea
Bada elkarlanik ere: Idoia Zabaleta euskal dantzariarekin batera eskainiko du Claudia Dias dantzari portugaldarrak Thursday ikuskizuna. Zazpi piezaz osatutako sorta bateko parte da Diasen alea, eta lankidetza du lanerako ardatz guztietan. Taguak eman du azalpena: «Lan bakar bat egiteaz harago joan nahi zuen Diasek, eta horregatik hartu zuen zazpi urtez urtero pieza berri bat sortzeko konpromisoa, eta beste artista batzuekin aritzen da lanean horretarako».
Nazioarteko azoka eta jaialdietara egiten dituzten bisitetan ikusitakoak ekartzen dituzte Dantzaldira Taguak eta Etxebarriak, eta publikoari atea ahalik eta irekien uztea izaten dute buruan beti. Horregatik hautatzen dituzte dantza mota ezberdinak ikuskizunetarako, eta horregatik saiatzen dira prezio eskuragarriak proposatzen. 6 eurokoa da sarrerarik merkeena, eta 20 eurokoa garestiena. Tagua: «Hiri berri bat sortu behar badugu, publiko berri bat ere eratu behar dugu».
Dokumentuaren akzioak