Dokumentuaren akzioak
Arriskuak zuzenean neurtuz
Itziar Barriok bertan zuzendu eta grabatuko du 'Obedientziaren arriskuak' prozesua
Obeditzeak dakartzan arriskuez gogoeta egiteko lana
zuzenduko du Itziar Barrio artistak aurten BAD jaialdian. Hiru kamerak
etengabean jasoko dituzte lau aktoreren imintzio, mugimendu eta
elkarrizketak, lau egunez segidan. Bilboko Zawp pabiloian itxita emango
dituzte gau eta egunak, Zorrotzaurre Art Working Progress gisa izendatu
duten prozesu artistikoaren barruan. Lee Strasbergek sorturiko metodoari
jarraituko dio Barriok, Obedientziaren arriskuak deritzon ikus-entzunezko lana osatzeko. Eta ontzen duen pieza heldu den urteko BADen aurkeztuko du artistak.
Arriskuez zuzenean jardungo du Barriok. Era berean, arriskuak
harturik eraturiko obrak eskainiko dituzte hainbat sortzailek eta
konpainiak abangoardiako antzerki eta dantzaren Bilboko jaialdian,
hilaren 29tik azaroaren 7ra. 24 konpainia izango dira. Zortzik lanak
estreinatuko dituzte.
Barriorena, noski, obra guztiz berria izango da, berritzailea
eta esperimentala ere. Zinema eta antzerkiaren kode eta teknikak
uztartuko ditu. Bilbon egin ondotik, New Yorken errepikatzeko asmoa ere
badu. Eszena bat eraikitzen deneko prozesua une eta toki horretan bertan
aztertuko du. Eta, harekin batera, hala egin nahi duten ikusle guztiek.
Izan ere, azaroaren 3an eta 5ean Zawp pabiloiko ateak irekiko dituzte.
Baina bestela ere izango da aukera Barrioren lana segundorik segundo
jarraitzeko. Rekalde aretoan berau erakusten duten pantailak izango dira
martxan sala zabalik den ordutegian, eta www.badbilbao.com atarian, une oro izango da aktoreak ikusteko parada, baita gauez lo daudenean ere.
Barrioren lanaz gain, izango da zer ikusia BADen. Estilo
askotariko piezen emanaldiak izango dira jaialdiaren ohiko agertokietan
-hau da, La Merced ikastetxean, Bilborocken eta La Fundicion aretoan-,
eta bestelakoetan ere -Campos antzokian, Rekalden, La Hacerian eta Kale
Nagusiko BBK aretoan, besteak beste-. Hain zuzen, sala horretan
paratutako jaialdiaren informazio gunean eros daitezke emanaldi
guztietarako sarrerak eta bonuak.
Osagaietako bat, gastronomia
Pako Revueltak Calle y come obra estreinatuko du, La Cocina taldearekin, azaroaren 1ean. Eta Ion Munduate koreografoak Sin título, en colores aurkeztuko du azaroaren 6an, La Merced ikastetxean.
Halaber, Helena Golabek, Bilbon finkaturiko koreografo
poloniarrak, gune horretan eskainiko du azaroaren 2an oraindik orain
onduriko pieza: Black diamond. La Merceden aurkeztuko du Khea Ziater taldeak ere La canción de Gloria obra berria, azaroaren 4an.
Musika, teknologia berriak eta antzerkia uztartuko dituzte
Sandra Cuestak eta Larraitz Torresek Bilborocken azaroaren 3an
estreinatuko duten kontzertu berezian, Colombina's lanean.
Performance-aren ildoari segitu dio ere Carla Fernandezek Bárbara humana con cola sortzeko. Azaroaren 5ean aurkeztuko du Campos antzokiko kupulan. Natalia Mongeren Organik konpainiak Maniatic@s estreinatuko du hilaren 31n, La Merceden.
Ohikoa denez, euskal taldeen lanek itzal handia izango dute
BADen eta Pre-BADen. Besteak beste, Ertzaren Zoo, Miriam K. Martxanteren
Make up eta Laida Azkonaren Hierba Roja ikusi ahal izango dira.
Orobat, atzerriko konpainiek obra berezi bezain berriak ekarriko
dituzte. Radhouan El Meddeb tunisiarrak «balada gastronomiko bat»
eskainiko du: Je dance et je vous en donne a bouffer. Kuskus plater bat prestatuko du, dantzatzen den bitartean. Eta Fred Bendongue koreografo frantziarrak Instant
erakutsiko du. Orain artean, Lyongo Biurtekoan baino ez du eman lan
hori. Hortaz, aukera paregabea eskainiko du BADek. Madrilgo Cambaleok
antzerki independentearen aldeko apustua berretsi du lan berrian, eta
hori berori aurkeztuko du BADen: El mapa no es el territorio.
'Itineris Apur BAD' egitasmoa bost pieza txikik osatuko dute
BADen barruan bada urtetik urtera sendotuz joan den atal bat, Itineris Apur BAD. Pieza txiki baina indar handikoak aurkeztu ohi dituzte, erakutsiko diren espaziorako sorturikoak. Melia hotelean izango da aurten, azaroaren 4an. Horman Posterren After You, Dakumeneren Vibraciones, Ismael Iglesiasen Pacebo Noooms, Raquel Sanchez, Monica Valenciano eta Sara Paniaguaren Cosas casas cosmos eta Ana de Vicente eta Marianela Leonen Ballet Futurista ikusi ahalko dira hiru txandatan: 18:00, 19:00 eta 20:00etan.Dokumentuaren akzioak