Dokumentuaren akzioak
Arrisku kontua
Kritika, Noord Nederlandse Dans -Galili Dance
Lehenengo biak iraupen laburrekoak dira eta emakumeek rol nagusia jokatzen dute batean zein bestean. Chameleon izenekoan sei neska dantzari agertzen dira agertokiko lehen lerroan aulki banatan jesarrita, eta horrela dantzatuko dute denbora guztian, zango, beso eta buruarekin mugimendu segida geometrikoak deskribatuz eta haien artean tartekatuz bizitza arruntean egin daitezkeen keinuak. Izan ere, libertate pasarte txiki haiei esker lortzen du koreografoak piezaren estudio itxura hutsa gainditzea eta izaera femeninoaren ikuspegi polit bat aurkeztea.
Fragile-n, ordea, gizonezko bat agertzen da hasieran, eta publikoari bizkarra emanez dantzatuko du ia denbora guztian, protagonismoa bere inguruan dabilen emakumeari uzteko. Bien arteko amodio dantza musika malenkoniatsu baten pean garatzen da eta konposizioan txertaturiko disonantzia ugariek misterio giroa areagotzen dute. Gizonak hermetismoa eta keinu ekonomia itzela adierazten ditu, baina bere mugimendurik txikienak esaldi koreografiko luze eta aberatsak sorraraziko ditu emakumearengan, eta bien arteko kontrasteak izaera berezia ematen dio piezari.
Gaueko obra nagusia -Heads or Tales Hot- izen bereko lan handi baten laburpena da, eta estreinatu eta astebetera etorri da Miarritzeko Maitaldira. Koreografia konplexua da, hainbat atalez osatua, eta pisu handia hartzen dute haietan guztietan Natasja Lansenek diseinatutako kortse beltzek -bai emakumeek bai gizonek janzten dituzte-, Yaron Abulafiaren argiztapen efektista gogorrak eta Percossaren perkusio musikak.
Koreografiaren eraketan hiru atal nagusi nabarmenduko nituzke: dantzari isolatuek hirunakako lerrotan dantzatzen duten hasierako bals kolektiboa, bikote batek taulako mutur bakoitzetik burutzen duen ariketa sinkronizatu harrigarriak eta amaiera aldera datorren pantomima koreografikoa, primitibismoz zipriztindua eta umore ukitu asko txertatzen dituena. Horren guztiaren aurrean, eta dantzarien gorputz erakustaldi eta prestakuntza fisikoa ikusita, bakarrik esan ahal dugu ikusgarri bikaintzat jo behar dugula Galiliren lan hau. Niri, ordea, arrisku estetikorik gabea iruditu zait koreografoaren proposamena eta hutsaltasun sentsazio moduko bat utzi dit ezerezaren zerbitzura jarritako ahaleginak.
Koreografiak: Chameleon, Fragile, Heads of Tales Hot.
Lekua: Miarritzeko Kasinoa.
Eguna: Irailaren 12a.
Dokumentuaren akzioak