Dokumentuaren akzioak
Arraunak dantzari
Zientzia eta dantza. Bi mundu, Hendaiako Abadia eremuan uztartzen ari
direnak bi aste hauetan Mugimenduan izeneko proiektuaren
barnean. Art and Project sorkuntza garaikidea sustatzeko lanean ari den
elkarteak bultzatu eta Abadiako Adiskideak elkarteak, zeina Abadiako
eremuaz arduratzen den, antolatua du. Izan ere, orain arte, arte
ederretan murgildu artisten egonaldiak proposatzen bazituen ere,
elkarteak lan esparrua zabaltzea erabaki du. Horra, beraz, bi egonaldi
berezi. Bata dantzari eskainia, eta bestea, zientziari. Biek Abadia
eremuko Nekatoenea baserri ohia dute egonleku. Emaitza, Batteleku
batean izeneko sorkuntza, Hendaiako Antzerkiaren Maiatza
jaialdiaren karietara aurkeztuko dute, maiatzaren 29an, Hilen
Monumentuaren ondoko plazan. Ondotik, beste leku batzuetan emateko
esperantza daukate.
Dantzari dagokionez, Mikel Aristegi koreografoa da proiektuaren
buru. Eneko Gil eta Silvana Suarez Cedeño dantzariekin osatzen du
hirukotea. Zientzia arloan, Stephanie Fance etnologo eta ikerlaria dago
Nekatoenean. Materiarik gabeko itsas ondarearen inbentarioa egiten ari
da memento honetan, Lapurditik Landetako Capbretoneraino. Gaur egun
transmititua dena aztertzen du, baita teknikak, eraikuntzak, lasterketak
ere. «Ez dugu bakarrik objektua bilatzen, baina bai horretan
oinarritzen diren praktikak».
Bi munduak auzo, naturalki aurkitu dute elkarrekin aritzeko
aukera. Dela zientzien begietatik, dela dantzatik, Aristegi zein Fance,
biak atxikiak dira memoriari. Fancek du ukan battelekuaren (batel
tradizionala) ideia, eta koreografoak segituan bereganatu du. Izan ere,
aita arraunlaria du Aristegik, Espainiako txapelduna izana eta Olinpiar
Jokoetara ere joana, eta, ondorioz, txikitatik aritu da arraunean.
«Mugimendua gorputzean barneratua izateaz gain, mugimenduak segidan
inspiratu nau», adierazi du.
Bideo eta argazkiei begira egon da ondotik, baina laster
irudimena utzi du askatzera. Joan den astean hasirik, Gil eta Suarez
Cedeñorekin batera egunero ari dira horretan. Ikerlaria hortxe daukate,
argazkiak hartzen egunez egun. Fancek bizi-esperientzia paregabea dela
deritzo: «Gai bera ikuspuntu arras ezberdinei irekitzeko aukera ematen
du». Lehenik mailez hasi da komunikatzen koreografoarekin. Battelekuaz
interesaturik agertu zaiola Aristegi, horretaz zekiena eman dio, «baina
nik proposatzen diodana berezia den bezala, hark gero ondotik beste
zerbait ekarriko du».
Dantzariekin ikasi duena bezala, oro har egonaldiaren karietara
ezagutuarekin biziki kontent da zientzia ikerlaria: «Ohiz kanpoko
trukaketa horiek dute egiten leku honen magia». Dela Abadiako
adiskideena edo besteena, «gauzak baloratu eta memoria atxikitzeko gogo
hori. Hori guztia proiektu komun batean elkar aurkitzea bikaina da».
Zientziaz eta dantzaz gain, beste zenbait arte ere presente dira
sorkuntzan. Musikan, Xanok espresuki sortutako giroa. Jantziak,
Francisco Dussourdek asmatuak ditu. Eta bururatzeko, Iñigo Aristegiren
eskulturek ere osatuko dute sorkuntza.
Dokumentuaren akzioak