Dokumentuaren akzioak
Arraten gonbidatuak, Donostia, Anoeta, Deba... eta Ameriketatik
Renoko 'Zenbat gara' taldeko sortzaileek Kezkarekin egongo dira. Arrateko Amaren dantzak seigarren urtez eskainiko dira bihar, ezpatadantza eta trokeo dantzekin
Kezka Dantza Taldeak gero eta internazionalago dabil.
Abuztuan Hungarian erakustaldiak eman eta gero etxera bueltatu da,
baina urrunetik etorritako lagunak jasoko ditu Arrateko jaietan.
«Aspalditik harremana daukagu Lisa eta Enrique Corcosteguirekin.
Abenduan hemendik ibili ziren eta bere egutegia begiratuz, Arraten
egoteko aukera sortu zen» dio Kezkako Oier Araolazak. Lisak Ontarion du
bere jaioterria baina betidanik izan du interesa euskal dantzetan.
Euskal Herrian hilabeteak pasatzera etorrita Enrike ezagutu zuen eta
harekin batera 1989. urtean 'Zenbat gara' taldea martxan jarri zuen
Reno hirian.
AEBetan, bikote honek euskal dantzen inguran egindako
lana handia izan da eta erlazio zuzena dute euskal dantzariekin, baita
eibartarrekin ere. Ikerketan ere badute zer esan, Lisa Corcosteguik
orain dela gutxi aurkeztu baitu Oñatiko euskal dantzen inguruko tesi
doktorala. Aurretik Euskal Herrian eta Arraten bertan egon badira ere,
biharkoan leku protagonista okupatzea tokatuko zaie.
Modu tradizionalean
Amerikarrak bitxienak dira hain urrunetik datoztelako
baina kategoriazko beste hiru dantzari egongo dira Arraten. Donostiako
Argia taldearen dantzari eta dantza-maisua den Fernando Aristizabal
Eibarrera etorriko da, aurreko urteren batean lesioz dantza egin ezinik
geratu eta gero. Bestalde, Ion Olano Tolosako Udaberri dantza taldeko
dantzaria da eta bertako bordon-dantzan buruzagi lanak bete ditu.
Bakarlari lanetan arituko den azken dantzaria
Debabarrenako eskualdetik bertatik dator. Andoni Iriondok urteak darama
Debako Gure Kai dantza taldean, bai dantzari bai arduradun bezala.
Aipatzekoa da Debako San Roke dantzen alde egindako lana eta Arraten
ikusle izan eta gero, dantzan ere izango da aurten.
Arrateko Amaren dantzak orain dela sei urte martxan
jarri ziren, euskal dantzen elementuak eta Eibarko dantzen ezaugarriak
batuz. Dantza berri bat modu tradizionalean egitea badu bere punto
paradoxikoa baina urte gutxitan jaiaren osagaia bihurtu da. Hasieratik
beste herrietako dantzariak omen-tzeko aukera bihurtu zen Arrateko
Eguna, eta aurreko urteetan Donostia, Galdakao, Elgoibar edo Beasaindik
etorritako dantzariek eibartarren 'Amatxo'ren aurrean dan-tza egin
dute.
Meza, prozesio eta zelaira
Jaia ospatzeko bazkaria izango dute dantzariak, baina
aurretik ondo irabazitakoa. Hauen programa 11.00etan hasiko da, Meza
Nagusian ezpata-dantza jorratuko baitute. Meza bukatzean dantza-gorputz
osoa Ama Birjinarekin batera prozesioan aterako da. Bueltatzean,
Santutegiaren aurrean ezpata-dantza eskainiko dute. Arrateko Ama
elizara sartu eta gero, dantzaldia zelaira egingo du bidaia eta bertan
ezpata-dantza osorik eskainiko da. Trokeo dantzaren hiru piezak egingo
dituzte ere, makila txikiekin, makila handiekin eta brokel-makilekin.
Dokumentuaren akzioak