Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arrateko Amaren egun eguzkitsua

Dokumentuaren akzioak

Arrateko Amaren egun eguzkitsua

Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2009/09/09
Eibarko herriak horrenbeste maite duen Arrateko Ama Birjinaren egun handia ospatu zuen atzo izen bereko eremuan. Eguraldi ona iragarrita zegoenez, lehen orduetatik jende ugari bildu zen Arraten, gehienak eibartarrak. Hala ere, eskualdeko bestelako herrietako hainbat lagun gerturatu ziren santutegiaren ingurura. Atzokoa jai eguna zen Arraten eta aukera izan zutenek ez zuten kale egin.

Ohiturari jarraiki, adin ezberdineko dozenaka pertsona bildu ziren 10.00etan Azitaingo industrialdearen inguruan, beti ere, Ama Birjinaren pausoen bide zaharretik Arratera oinez igotzeko. Animatu zirenek salda eta txorizoa dastatu ahal izan zuten Zesteroko iturrira heltzerakoan.

Batzuek ibilbidea lasaiago hartu bazuten ere, mendizale gehienak santutegian izandako Meza Nagusira heldu ziren (11.00etan hasi zen). Hori bukatzerakoan, prozesioa izan zen; eskualdeko agintarien, Kezka taldeko dantzarien, bertsolarien, Usartzako txistularien eta ehunka herritarren partaidetzarekin.

Minutu batzuk beranduago Eibarko dantzariek eta txistulariek Arrateko Amaren ezpata dantza eta makila txikien dantza eskaini zituzten txosna guneko zelaian.

Jarraian, Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta Azpillaga, Meabebasterretxea eta Narbaiza bertsolarien txanda izan zen.

Indarrak berreskuratzeko lagunarteko bazkaria izan zen Kantabria jatetxean eta horren ostean bertsolarien bigarren saioa; hamabost urtetik gorakoentzako dantza solte txapelketa eta Drindots taldearekin dantzaldia.

Atzoko jardunaldia berezia zen Arraten eta giro ona izan zen nagusi. Eguraldi eguzkitsuak asko lagundu zuen eta bildutakoek hurrengo urtean ezagunekin berriz elkartzeko desioa azaldu zuten. Arrateko Amaren egunean Arraten.

Kezka taldeko dantzariak atzo eguerdian Arrateko eremuan egindako prozesioaren buruan, atzean Ama Birjina eta ehundaka herritar dituztela.

Dokumentuaren akzioak