Dokumentuaren akzioak
Arraroa da jendea plazan berez dantzan hastea; galdu egin da naturaltasuna
40/4 erronkan murgilduta dabil Roberto Etxebarria trikitilaria (Gatika, 1969). Berrogei urte bete ditu urrian soinu txikiaren munduan, eta ibilbide horretan lau belaunaldi ezagutu ditu, Rufino Arrola Andrakako errementariagandik hasi eta bere alaba Miren Etxebarriara arte. Azaroaren 20an hasi zuen erronka: astero kanta bat argitaratuko du, ia denak bereak, eta, tarteka, garrantzitsu izan dituen pertsonen ingurukoak ere idatziko ditu.
Zure aititak soinua jotzen zuen, Gatikan. Haren eraginez heldu zinen soinuaren mundura?
Nik ez nuen ezagutu garai hura. [1936ko] Gerra aurreko sasoia zen. Herriko soinularia ezin ei zen gaixotu. Begi bakarra itsuen herrian errege denez, gure aitita ere urtebetez edo bi urtez ibili zen ordezko. Amak esanda dakit soinulari ibili zela, eta gerora aititaren aurretik soinulari izandakoaren semeak egiaztatu zidan horrela izan zela; oraintsu hil da, 94 urtegaz.
Beraz, zuk zelan sortu zenuen lehen harremana soinuarekin?
Etxetik sortu zen; amaren bultzada izan nuen. Amak beti eduki du zaletasuna kulturarekiko eta musikarekiko. Ez dakit amagan zenbateko pisua izango zuen aitita soinulari izateak.
Txiki-txikitan hasi zinen ikasten.
Aurretik, akordeoia ikasten hasi nintzen, baina soinu txikerrarekin 1982an hasi nintzen, urrian. Gurasoak gure etxetik paraje bizi zen Rufino Arrolarengana eroan ninduten, Andrakara [Lemoiz]. Trikitiaren munduan ikono bat izan da, eta da gaur egun ere. Rufino eta gure aitita ere ezagutzen ziren, eta beti egon da harremana.
Gogoratzen dituzu Arrolarenean jasotako lehen eskola haiek?
Holakoak askotan idealizatu egiten ditugu, baina bai, gogoan ditut. Haren aurrean paratu, eta hark markatzen zidan zer egin. Hamaikatxu bider errepikatu, ahal zena gorde buruan, etxera joan, eta han ere errepikatu. Igual hurrengo egunean ez zenuen ondo gogoratzen, baina ekin eta ekin ikasten nuen.
Zelako ikaslea zinen?
Niretzat, gogorra izan zen. Askotan pentsatzen dut gero eskerrak oinarri musikala eroan nuen, nahiz eta gero ez genuen aplikatzen eskoletan. Horrek lagundu zidan. Askotan gertatzen zaizu akordatuko zarela pentsatu, baina gero beste gauza batzuk pentsatzen hasi eta ahaztu. Badaukat anekdota bat, nire lehen soinuarekin; 40/4 proiektuko lehen pieza ere harekin grabatu dut: presaz etorri nintzen Rufinorenetik etxera, nire gelara sartu nintzen arin-arin, klasean ikasitakoa ahaztu barik praktikatzeko, atearekin jo nuen, eta oraindik ere han du kolpearen marka.
Zuen ingurua soinuzalea zen?
Zaletasuna bazegoen, baina ez zegoen transmisio handirik. Rufino zen gurean erreferenterik handiena. Beste batzuk ere egon ziren Durangaldean eta Arratian. Nik gogoratzen dut jotzen genuenean beste giro bat zegoela, gaur egungoaren aldean. Jendeak asko egiten zuen dantzan. Galduz joan da.
Gaur egun ez da dantzatzen?
Antolatuagoa da orain. Orduan, modu naturalagoan egiten zen. Egun, arraroa da plazan jotzen hasi eta bikote bat berez dantzan hastea. Orduan, jende nagusiak egiten zuen dantzan, eta ziren gaztetatik dantzan egin zutenak. Hori guztia galdu egin da. Naturaltasun hori galdu da.
Plazetara hasi zinen Euken Arrolarekin. Zelan gogoratzen duzu?
Rufinoren iloba zen. Gure aurretik ibili zen Imanol Arrola; oker ez banago, Rufinoren lehengusu baten iloba zen. Ni hasi nintzenean, Imanol bere kontura hasi zen, eta ni Eukenegaz. Pozik joaten ginen: 13 urtegaz baserritik urtetako aukera zen, beste gauza batzuk ezagutzekoa. Eukenegaz joateak ere asko laguntzen zidan. Rufinogaz genuen belaunaldi diferentzia itzela zen. Orduan 70 bat urte edukiko zituen. Alde hori txikitzen edo zubi lana egiten asko lagundu zigun Kepa Arrizabalagak. Orduan Rufinoren pandero jolea zen. 35-40 izango zituen Kepak orduan. Ez ginen denbora osoan jotzen aritzen. Rufinok esaten zigun: “Pieza hau jotzen ere lagundu egidazue”; baina, gero, denbora librea ere izaten genuen, eta olgetan ere asko egiten genuen geure artean.
Hogei urte elkarrekin. Roberto Etxebarriaren izena Kepa Arrizabalagarenari lotuta dago. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan Euskal Herrian eta atzerrian ere ibili ziren. Besteak beste, Mundakan —irudian—.
Kepa Arrizabalaga aipatu duzu, gero urteetan zurekin pandero jole ibilitakoa. Roberto eta Kepa izan zarete beti. Nor da Kepa Arrizabalaga zuretzat?
Nire bizitzako parte handi bat da: izan dudan lagunik handiena. 1983an Rufinoren pandero jolea zen. 1990etik 2010era arte batera ibili gara; hogei urte oparoak izan dira elkarregaz.
Zer ikasi duzu harengandik?
Pandero jole eta koplari ezin hobea da, bai, baina maila pertsonalean ere asko irakatsi dit: gizatasuna, kidetasuna… Horretan maisu handia izan da niretzat.
Lehen txapelketara 1987an joan zinen, Txetxu Urrutiarekin. Leioan izan zen. Han, orduko trikitilari handiekin lehiatu zineten.
Belaunaldien artean lekukoa pasatzeko momentua izan zen. Trikitilari nagusiek hartu zuten parte: Rufinok eta Kepa Arrizabalagak, Fasiok [Arandia] eta Mauriziak [Aldeiturriaga]… Ikonoak ziren. Gazteak ere bagentozen bide berriak markatzen. Kepa Junkera ere egon zen, Imanol Arrola… Ikusten genuen nagusiak atzeraka egiten hasita zeudela, adinagatik, eta gazteak gure lekua eskatzen genbiltzat. Niretzat, esperientzia berezia izan zen.
Belaunaldi arteko jauzia aipatu duzu. Zelan definituko zenuke belaunaldiotako bakoitza?
Guztiok ez bada ere, guk gehienok musikaren eragina genuen, eta aplikatu genuen. Beste batzuk Rufinogaz ikasitakoagaz geratu ziren; ni, gero, Kepa Junkeraren ikasle izan nintzen. Teknika aldetik beste garapen bat zegoen gure kasuan. Hori ezinbestekoa izan da gaur egungo mailara ailegatzeko: beste soinu batzuk, beste jokera batzuk… Zorionez, inoiz ez da arriskuan egon gure aurrekoek egindakoa, grabatuta geratu delako. Ostera, haien garaia naturalagoa zen. Azken batean, gure musika hau dantzan egitekoa izan delako betidanik, baina gure garai honetan egiten dugun trikitia, dantzan egiteko bai, baina entzuteko musika ere bada.
Nor da Kepa Junkera soinu txikiaren munduan?
Gure mundu hau irauli zuena. Hura gazte-gaztetatik hasi zen musika beste era batera aplikatzen soinu txikerrari. Nik irakasle izan nuen, eta ikuspegia asko zabaldu zidan. Rufino aurrekari nuela, haren tradizioa eta Keparen berritasuna nahastatu besterik ezin izan nuen egin.
Maurizia Aldeiturriaga izan ezik, aipatutako izen denak gizonezkoenak izan dira. 2010etik oraintsu arte, Idoia Markaida izan duzu bidelagun, pandero jole.
Askotan Maurizia baino ez da aipatzen; ikono bat bihurtu da plazandrea delako, eta badirudi bakarra izan dela, ez dela besterik egon. Baina ez da horrela; batez ere, pandero jole ibili dira, baina egon dira. Soinu joleak gehiago Gipuzkoan, eta gazteagoak. Idoia Markaida nire ikasle izandakoa da, pandero jole eta soinu jotzaile aparta. Ikusi genuen bikotea osatzeko aukera ona zela, eta oso ondo funtzionatu dugu.
Orain, ostera, alabarekin zabiltza: Miren Etxebarriarekin.
Kanpotik, guk baino garrantzi handiagoa ematen diozue. Guretzat, modu naturalean pasatu den zeozer izan da. Ni beti saiatu izan naiz seme-alabei soinua eta trikitia transmititzen. Niretzat garrantzitsuena da ikustea transmisioa egon dela, eta badagoela hori bermatzeko aukera. Oholtzan alabagaz egotea gauza polita da, bai, eta, zelan ez, harrotasun puntu bat ere sentitzen da.
Jon Enbeitak egin ditu zure kopla gehienen hitzak.
Gazte-gaztetan ezagutu nuen. Txapelketetarako hitz berriak hark egin zizkidan. Taldetxo bat ere izan genuen, Paperetik Plazara, bertso zaharrak kantatzeko, eta han ibili ginen. Ezinbesteko laguna nire ibilbidean. Disko berrirako ere egin dizkit kopla batzuk. Gainera, haren aitak [Balendin Enbeita] Rufinori eta Kepari egin zizkien koplak. Aspaldiko lotura dugu gure artean.
Zelan daude koplak osasunez?
Koplak trikiti tradizionalarekin lotu izan dira, jotarekin eta porrusaldekin. Horietan ere ibili gara, baina gure helburua ere izan da kopla txikiak edo trikiti koplak beste musika doinu batzuetan sartzea, gehiegi urrundu barik. Kopla garai bateko pertsonen arteko komunikazio modu bat zen. Edozein erromeriatan jendeak koplatan egiten zuen. Hortik ailegatu dira gaur egunera heldu zaizkigun koplak. Gaur erromerietan bat-batekotasun horretan ez da entzuten. Polita litzateke berreskuratzea.
Tradiziotik abiatuta berritzen ahalegindu zarela esan duzu, baina harengandik lar aldendu barik. Zergatik hautatu duzu tradizioaren eta modernotasunaren artean puntu hori?
Nik neure estiloa daukat. Suertatu zait norbaitek esatea diskoa entzunda nire ukitua hor igartzen duela. Azken diskoan esan didate: “Doinu hau ez nuen espero zugandik”. Bada, doinu horrek igual eroan ditu hogei urte edo gehiago nire kutxatxoan. Beti-betikoa dut. Nire duda da euskal musika zer den eta zer ez den; musika zertarako den, entzuteko, dantzan egiteko edo jendea txaloka jartzeko. Nik edo guk garrantzi handia ematen diogu tradizionaltasun puntu bat mantentzeari, eta, horretarako, ezinbestekoa da ahotsari eta kantuari bere garrantzia ematea.
Azken hogei urteetan irakasle zabiltza Bilbo Musika musika eskolan. Zelan ikusten dituzu belaunaldi berriak?
Hemen egin ditudan urteetan denetarik ezagutu dut. Nagusitzen goazenean ohikoa izaten da esatea: “Oraingo gazteak ez dakit zer eta ez dakit nor”. Baina pozten zara ikustean, hiri batean, gure mundua ezagutu ez duten gazte hauek harridura aurpegiagaz entzuten dituztela zuk kontatzen dizkiegun esperientziak. Beraz, esperantza badago etorkizunerako. Gazte hauek gogotsu daude.
Dokumentuaren akzioak