Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arrantzaleen ohiturak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Arrantzaleen ohiturak dantzan

Txalo eta irrintzien laguntza izan zuen Asier Uskolak kaxarranka dantza bosgarren urtez dantzatzeko, Lekeitioko San Pedro egunean.

Egilea
Mikel Carramiñana
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lekeitio
Mota
Albistea
Data
2007/06/30

San Antolinak izango dira, seguru asko, Lekeition kanpotarrek gehien ezagutzen dituzten jaiak, baina badira San Pedro eguneko ospakizunak nahiago dituzten lekeitiarrak, arbasoengandik jaso eta odolean daramatelako akaso itsasoarekiko maitasun eta gorrotozko harremana. Dei eittekuak, Kilin-kala eta arratsaldeko danborrada herrikoia izaten dira zaindariaren egunean egiten dituzten ekitaldi nagusietako batzuk baina; atzokoan, urtero bezala, kaxarranka dantzak bildu zuen ikusle kopururik handiena, Euskal Herriko dantza ezagunak beste inon ez bezala eskaintzen dituelako Asier Uskolak Lekeition. Zortzi lagunek sorbalda gainean daramaten egurrezko kaxa batera igota egiten duen ekitaldi ikusgarria da kaxarranka. Arrantzalez jantzitako zortzi lagunek eusten diote kutxari eta, inguruan, beste zortzi arraunlari doaz.

Andra Mari elizan goizean egiten duten meza nagusiaren ostean abiatu zen atzo, urtero legez, San Pedroren omenezko prozesioa. Zaindariaren irudia porturaino eraman zuten, jendea zain zegoela. Hamabiak aldera birritan egin zuten santua uretara botatzeko keinua, kilin-kalakoa deritzona. Emakume batek esan zuen bedeinkazioekin ere, antxoarik ez zela itsasoan agertuko. Txaloak izan ziren, edonola ere.

KAXARRANKA. Eguerdian zeru grisa ageri zen Lekeition, baina euri tantarik ez. Jendez gainezka zegoen kalea Asier Uskola noiz agertuko zain eta, azkenean, 12:30ean aurreneko kaxarranka egin zuen Sanpedropean. Ederki dantzatu zituen San Pedro zortzikoa lehenengo, fandangoa bigarrenik eta arin-arina azkenik. Irrintziak eta txaloak ez ziren falta izan;Uskola, galtzutsik eta frak jaka jantzita, ederki aritu zen kaxa gainean. San Pedro arrantzaleen kofradiara jo zuen ondoren dantzariak, arrantzale eta arraunlariek osatutako segizioarekin batera. Bigarrenez dantzatu zuen han, eta txaloak errepikatu ziren. Herriko plazan egin zuen aurtengo azken kaxarranka, emakumeen aurreskuaren ostean, eta arrakasta izan zuen berriro.

Uskolaren oholtza, arrantzale kofradiaren 1797.eko kaxa, turismo bulegora eraman dute berriro, datorren urteko dantzaren zain.

Dokumentuaren akzioak