Uzturre elkarteak gazteentzako ekintzak antolatzen dituzten euskal gazteriaren hainbat elkarte ditu bere baitan. Proiektua martxan jartzerakoan, ordea, ez dituzte arduradunek Euskal Herritik kanpo diren euskal gazteak albo batera utzi nahi izan. Xede honekin, beraz, Atlantikoan zehar zubiak eraikitzearen alde ari da lanean taldea, alde bateko eta besteko gazteak eta errealitateak konektatzeko, beti ere euskal kultura tresna bezala erabilita.
Irailaren 2an iritsi ziren Argentinara Uzturre Munduan-eko kideak: Koldo Bilbao, proiektuko koordinatzailea, eta Jon Ander Beraza, Garazi Uriarte, Erlaitz Arozena eta Gorka Mostajo, Elai Alai taldeko dantzari ere badirenak. Bi astetan zehar lau euskal etxe bisitatu eta bakoitzean tailerrak eskaini zizkieten bertako gazteei. Bira bukatutakoan EuskalKultura.com-ekin konpartitu dituzte esperientzia eta bidaiaren balantzea:
-Nola sortu zen Argentinara etortzeko bidaia?
Argentinara aurten etortzearen ideia aurreko bisitaren ondoren eginiko hausnarketaren ondoren sendotu zen. Iaz pare bat bidaia egin genituen Argentinako euskal etxeen egoera eta diasporaren errealitatea ezagutzeko. Rosario, Bahia Blanca, Mar del Plata eta Buenos Aireseko Laurak bat euskal etxeekin hartu emana egin genuen. Guk aurkeztutako proiektua begi onez ikusi zuten, beraz, aurten bueltatzeko lanean jarri ginen.
-Ezaguna zen, orduan zuentzat Argentina eta Argentinako euskal diaspora?
Gorka eta Koldorentzat hirugarren bisita izan da Uzturre Munduan-ekin eta Erlaitzentzat bigarrena. Jon Ander eta Garazirentzat lehena izan da, eta oso pozik geratu dira taldeak barnetik ezagutzerakoan. Dantzariek gainetik ezagutzen zuten argentinar diaspora, 2012an Rosarioko Euskal Astea Nazionalera dantzatzera etorri baitziren Itxartu Taldearekin, baina esperientzia hau desberdina izan da, taldeak eta euskal etxeak barnetik ezagutzea ahalbidetu digulako eta jende askoz gehiagorekin harremana sortzen dugulako.
-Zein euskal etxe bisitatu dituzue? Zergatik horiek?
Bisitatu ditugun euskal etxeak Rosarioko Zazpirak Bat, Mar del Platako Denak Bat, Bahia Blancako Union Vasca eta Buenos Aireseko Laurak Bat izan dira. Iazko bidaian eginiko harremanaren ondorioz hasi gara euskal etxe horietara joaten, baina ez dugu baztertzen aurrerago euskal etxe gehiagotara zabaltzea. FEVArekin Laurak Baten egindako jardunaldiek hori ahalbideratu digute, euskal etxe gehiagotara hurbiltzea.
-Nolakoak izan dira tailerrak?
Tailerrak bi eratara antolatu ditugu. Alde batetik zenbait euskal etxetan egin ditugu eta bestetik, FEVAren eskutik, Laurak Bat euskal etxean. Lehenengoak Rosarion, Bahia Blancan eta Mar del Platan eman genituen, beraien eskaerei jarraituz. Ez genuen nahi guk nahi genuena dantza zezaten, baizik eta haiek dantzatzen zutena kontatzea, ikustea, eta ikasi nahi zutena esatea. Gu beraien nahien arabera aritu gara, beren interesei erantzunez. Partehartzea nahi genuen tailerrak antolatzerakoan, euren entseguetan bat gehiago izatea nahi izan dugu, guk ere dantzak nola egiten dituzten ikusteko.
Batez beste hogeita hamar bat lagun izan ditugu tailer bakoitzean. Kontuan izan behar da eurekin izan ditugun tailer asko astean zehar izan direla edota euren entsegu orduetatik kanpo, eta horrek euren ikasteko denbora, lana… moldatzera eraman diela. Beraz, dantzarien partehartzea altua izan dela esan dezakegu eta argi utzi digute noraino inplikatzen diren euskal kulturarekin harremana duen edozein ekintzatan. Eskertzekoa benetan.
-Nola ikusten dituzue Argentinako euskal dantzak eta dantzariak?
Esan beharra daukagu ez diogula inoiz harritzeari utziko hemengo dantzariek daukaten merituagatik. Itzela da ikustea gure herritik 10.000 kilometrotara eramandako ohituren sugarrak bizirik jarraitzen duela; benetan hunkigarria da horrenbeste gazte dantzan ikustea. Bai euskal etxeetan eta bai FEVAk antolatutako ikastaroan oso gogotsu ikusi ditugu; oso gazte inplikatuak dira euskal kulturarekin eta euren euskal etxeekin eta benetan uste dugu euskal gazteek ikasteko asko dugula Diasporako gazteriaz. Argentinako dantza taldeak, euskal etxeetako etorkizuna dira, euskal etxeetan egiten diren ekintzetatik gazteen partehartze gehien eta elkarbizitza gehien sustatzen dutenak dira argi eta garbi. Gainera euskal etxe desberdinetako harremana ere talde hauei esker ahalbidetzen da alde “instituzionala” edo “formala” alde batera utziz.
Dantza talde hauekin egon garenean Euskal Herriko dantza talde batean egotearen sentsazioa sumatu izan dugu, giro ederra daukate; Euskal Herriko taldeetan dugun bezalakoa, eta neurri handi batean Argentinan geundela ere ahaztu izan dugu. Sentsazio hori magikoa da.
Dantzei erreparatuz, argi dago Euskadin egiten ditugun dantzekiko diferentziak badaudela, baina kontuan izan beharra dago dantza hauek zein testuingurutan, noiz, eta nola eboluzionatu duten, euren jatorritik isolatuta. Testuingurua ulertu gabe dantzetako desberdintasunak aztertzea, akatsa litzateke beraz. Bestalde, dantza modernoaren eta musika modernoaren ukitua asko nabaritzen da Argentinako euskal jaietan. Kepa Junkera moduko artisten musikaren edota Kukai dantza taldeen bezalako ikuskizunetan oinarrituta dantzak sortzen dituzte batzuek. Argi dago hori ere euskal kultura dela, baina euren artean ematen ari den eztabaida beharrezkoa dela uste dugu: tradizioa modernitatearen kontra. Bakoitzari bere tokia uztea bata bestearen izenean egin gabe. Esaterako: "Euskal asteetan horrelako koreografiarik lekurik al du? Bai ala ez? Niretzat ez, eta baldin badu, tradizioan oinarritutako, edo dantza pauso tradizionalak erabiltzen dituen koreografia modernoa dela argi uztea. Ez euskal dantza tradizionala". Horrelako elkarrizketa asko izan ditugu bertako gazteekin, eta iritzi hori adierazten ziguten gehienbat.
Hala ere esan beharra dago talde oso onak eta dantzari oso finak daudela Atlantikoaren alde honetan ere eta goraipatzekoa da euren arbasoek duela hainbat hamarkada ekarritako dantzak, bizirik jarraitzen dutela ikustea.
-Beraz, bidaiaren balantzea, ona da…
Bai, oso positiboa. Alde batetik aurretiaz ezagutzen genituen euskal etxeekin eta euren gazteekin harremanak sendotzeko balio izan digu. Zenbait euskal etxetan dantzarien etxeetan egin dugu lo, eta benetan oso oroitzapen onak eramango ditugu Euskal Herrira.
Bestalde Laurak Baten FEVArekin eduki dugun ikastaroak ere harrituta utzi gintuen izan dugun erantzunarekin. Hirurogeita hamar bat gazte izan genituen gurekin, askok kilometroak eta kilometroak bidaiatu eta gero. Horrek beste euskal etxe batzuetara iristeko balio izango digu. Gure espektatibak gaindituta itzultzen gara etxera.
-Eta bueltatuko zarete?
Eduki dugun harrera ona ikusita, proiektuak bidea duela ikusi dugu. Gure asmoa proiektuari jarraipena ematea da, Atlantikoko alde bietako euskaldunak batuz. Etxean bezala sentitu gara bi aste hauetan egon garen euskal etxe guztietan eta denek komentatu digute horrelako proiektuek bizitasuna ematen dietela Diasporari eta Diasporako gazteriari batez ere. Beraz bueltatzeko asmoa badugu, baina horretarako euskal etxeekin harremanetan jarri behar gara jakiteko noiz, nola, eta zer hobe dezakegun jakiteko.
Bestalde ez dugu proiektu hau alde bakarrekoa izatea nahi, eta euskal etxe desberdinek, dantza taldeekin batez ere, etortzeko erabakia hartzen duten heinean, euren bidaia ahalbidetzen saiatu nahi dugu, aurtengo udan Mar del Platako dantza taldearekin egin genuen bezala. Argentinatik horrelako bidaia luzeak antolatzea zail samarra baita horrenbeste jende mugitzerakoan. Gure helburua, Atlantikoan zehar zubiak eraikitzea da eta hasteko Argentinan hasi gara proiektu hau gauzatzen, izan ere diaspora argentinarra da jende gehien mugitzen duena, eta antolatuen dagoena.