Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arrakasta biribila izan zuen makinaren eta dantzariaren arteko elkarrizketak

Dokumentuaren akzioak

Arrakasta biribila izan zuen makinaren eta dantzariaren arteko elkarrizketak

Egilea
I. E.
Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2006/09/11

Zamatzeko pala baten eta pertsona baten arteko dantzaren goxotasuna eta bi protagonisten arteko erlazioaren sinesgarritasuna izan ziren “Transports exceptionnels” laneko gauzarik harrigarrienetarikoak, bai eta industriako aparailua gidatzen zuen langilearen gaitasuna ere.

Bi protagonisten arteko elkarrizketan, haserrea, alaitasuna, tristezia eta, beharbada, maitasuna ere ikus zitezkeen, baina Christine Erbe eszenaratze-laguntzaileak azaldu legez, horrelako sentimenduak ikusleen begietan bakarrik nabari dira. «Jendeak ateratzen dituen ondorioak koreografiari dagozkio, eta ez antzerki-izaerari. Musikak eramanda, publikoak horrelako istorioak osatzen ditu», adierazi zuen Erbek. Philippe Priaso dantzariak, berriz, honakoa esan zuen: «Istorio antropomorfikoa da. Dominique Boivin koreografoak objektua ikusi zuenean, makinaren artikulazio gaitasunaz jabetuta, istorio bat osatu nahi zuela pentsatu zuen, eta denborarekin inprobisatzen joan ginen». Koreografia nola osatzen joan ziren azaldu zuen dantzariak: «Ni godaletean sartu nintzen eta dantza osatzen joan ginen; bide melodiko bat osatu genuen egin genituen irudiekin, eta gero zentzu bat atzematen saiatu ginen».

«Armonia lana egin dugu obra osatzerakoan. Musikarekin lan egin dugu, besterik ez; armonia bilatu dugu. Gero, publikoak nahi duena irakur dezake bertan», adierazi zuen eszenaratze-laguntzaileak zamatzeko palari eman dioten goxotasuna eta dotoretasuna nola ailegatu diren azaltzeko.

«Musika asko bilatu genuen. Musika garaikidea eta industriala entseatu genituen, baina gogorregiak ematen zuten, eta horregatik opera ahots bat aukeratu genuen. Hala, eztitasuna eta goxotasuna eman genion». Izan ere, musika oso elementu garrantzitsua da makina aparatu industriala izatetik harago dagoen ikusgarriko pertsonaia bat bezala ikusia izan ahal izateko.

«Teknikoki beldur handia izan genuen hasieran, baina pixkanaka arriskuak txikitzen joan ginen, ezagutzarekin. Hala ere, ez da erraza izan. Zamatzeko pala gidatzen duen langileak lan handia egin behar izan du; asko ikasi du. Lan honetan bi protagonista daude: dantzaria eta gidaria», esan zuen Christine Erbek obra ezohiko hori nola egin zuten azaltzeko.

Publikoaren berotasuna


«Super originala da», esan zuen berotasun handiarekin atzo Biarrizko hondartza nagusiaren ondoan “Transports exceptionnels” dantzarekin miretsita zegoen neska gazte batek. Eta ikusleari begiratuta, ez zen iritzi horretakoa zen bakarra, ikusleen artean memento oro hiruzpalau pertsona ikus baitzitezkeen, argazki kamera eskuetan, dantzariari eta bikotekideari argazkiak ateratzen. Ikusleak begiak protagonisten gainetik ezin kenduz egon ziren, eta behin ikuskizuna bukatuta, emozioak eramandako txalo zaparradek luzaz iraun zuten. Philippe Priasso dantzaria lau aldiz atera zen plaza erdira ikusleen txaloen deiari erantzuneko.

Dokumentuaren akzioak