Dokumentuaren akzioak
Arizterrazu, trikitilarien plaza
Erromeriak galtzen ari dira, baina oraindik ere Aiako Arizterrazun erromeriak bizirik dirau. Leku berezi horri eskaini nahi izan dio Joxemari Iriondok bere azken liburua.
Aiako Andatza auzoko Arizterrazu baserri-jatetxea da erromeriari eusten dion leku bakarra. Urriaren erdi aldetik Sanjuanak arte igandero trikiti soinuak dira nagusi bertan, eta Joxemari Iriondok erromeria horien historia bildu du Arizterrazu mandioko (azken) erromeria liburuan. Bestalde, Arizterrazun egindako hainbat grabaziorekin osatutako disko bat ere prestatu du. Batzuek liburua saiakera bezala definitu duten arren, Iriondo berak lan hau “kazetaritza-artikulu” bat dela esango luke.
1964an ezagutu zuen Iriondok Arizterrazu, bertso jaialdi bat grabatzera joan zenean, eta harrezkeroztik Arizterrazuko erromerietako material ugari biltzen joan da; izan ere, gai bat gustatzen zaionean prentsan agertzen den guztia jaso-tzeko ohitura handia du. Bildutako informazio guzti horretaz gain, Arizterrazuko baserri-jatetxean bizi den Azkue familia izan da liburua osa-tzeko informazio iturri nagusia: “2005eko Eguberri egunean hitz egin nuen Azkue familiarekin eta gauza asko kontatu zizkidaten. Liburua idazten ari nintzela ere, kontsulta asko egin dizkiet”, dio Iriondok.
Auspoa sailerako egiten hasi zen liburua, baina programazioa egitean 2018an kaleratuko zutela aurreikusi zutenez, Iriondok Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin egitea proposatu zuen. Eta horrelaxe egin dute. Hala, Soinuaren liburutegiko 11. alea da liburu hau, eta Iriondori, gainera, gai hau “aproposagoa” iruditzen zaio Trikitixa Elkartearen bildumarako. Iriondok Azkue familiaren laguntza ezinbestekoa izan du liburua osatzeko, baina Trikitixa Elkarteko Andoitzen eta Maiderren laguntza ere izan duela aitortu beharra dauka.
Soinuarekiko lilura Iriondok haurra zenetik ezagutu zuen erromeria, eta lagunekin inguruko erromerietara joaten erromeria asko eta asko ezagutu zituen; hala nola, Oletan Trinitate egunean egiten dena, Kizki-tzan urtean bitan egiten dena eta Azpeititik Errezilerako bidean dagoen Zurruntzolan igandero egiten dena. Haurra zenean gazte jendea dantzan ikusten zuenean inbidia eta lilura sentitzen zuela dio Iriondok: “Urrestillan, hazi nintzen auzoan, Antonio Aranaga soinu-jolea mendiko baserri batetik bestera joaten zen gonbidatu moduan, eta txikia nintzenetik lilura berezi bat sortu zidan trikitixak. Nire amonari ere asko gustatzen zitzaion, eta nik herentzia hori jaso nuen”.
Mandioko erromeriak Azkue familiak Iriondori kontatutakoaren arabera, 1936an gerra hasi aurretik, mandioan egiten zituzten erromeriak: “Oso kuriosoa da, baina lehen erdi ezkutatuta egiten ziren erromeriak, eta batez ere apaizak ziren erromerien kontra zeudenak”. Mandioan egiten ziren erromeria horien ohiturak ere pasarte batean kontatu ditu liburuan: “Lehen ganbaran dantza egiten zenean, eta nik hori mutikotan ezagutu nuen, mutil koadrila bat dantzan baldin bazegoen txartel bat ipintzen zitzaion bati eta borondatea bota behar izaten zuen. Arizterrazun txartela orratz batekin jartzen zuten, eta askotan orratza erori egiten zen. Orratza oso arriskutsua da, abereek jan egiten dutelako eta sabela zulatzen zaielako. Beraz, gero pegatinak ipintzen hasi ziren”. Eta 60ko hamarkadan erromeria mandiotik plazara jaitsi zen.
Argitalpen honetan dagoen diskoari dagokionez, Arizterrazun egindako grabazioak daude bilduta, 1987an Loiola Herri Irratian grabatutakoak eta 2004an Euskadi Irratiak grabatutakoak, eta Sakabi eta Egañazpi, Izer eta Alabier, Laja eta Landakanda, eta Juan Mari Beltran entzun daitezke diskoan, besteak beste. Grabazioen kalitatean “salto handia” nabaritzen dela argi uzten du Iriondok, baina dokumentu bezala “diskoa oso polita” dela uste du kazetariak
Tritikilari onenak
Iriondoren ustez, ez dago zalantzarik, Arizterrazu trikitilarien erreferentziazko lekua da, eta liburuan dioen bezala, “ehunka trikitilari pasatu dira hemendik, eta izandakoak izendatzea baino, hobe nuen izan ez direnak kontatzen hasiko banintz, Arizterrazutik trikitilari guztiak pasatu baitira”. Trikitilari onenak pasatu dira, hala nola, Sakabi, Egañazpi edota Laja, baina Iriondoren arabera, gaur egungo gazteek “harrigarri” jotzen dute: “Gaur egun dagoen trikitixa maila ez da sekula inoiz izan Euskal Herrian”. Dena den, dantzariak ere erromerietan ezinbestekoak direla uste du.
Azken urte hauetan hainbat auzotako erromeriak galdu egin di
Dokumentuaren akzioak