Dokumentuaren akzioak
«Arizmendiarretak esandakoak eta egindakoak oso dira baliozkoak»
Jose Maria Arizmendiarrieta apaiza euskal enpresa talde handienaren ideologoa eta Deba Goienako kooperatiba mugimenduaren mundu mailako erreferentzia da. Bere izena ezaguna da, izana ez hainbeste? «Beharbada izena ere ez askorik. Berak egindakoa bai, Arrasateko kooperatibak eta denok ezagutzen ditugu, baina bere izena nik uste jendartearen %90ak ez duela ezagutzen eta jende gazteak are gutxiago. Hori horrela da, ezezaguna da gehien bat. Kooperatiba munduen daudenenetzat behar bada bai, baina hortik kanpora askorik ez», zehaztu du Gontzal Mendibilek (Zeanuri, 1956).
Aspalditik du eskarmentua musikalak sortzen. «Beti estimatu ditut gure historian izan ditugun pertsonaiak. Olentzaro, Iparragirre… Ondoren Aita Arrruperen gaineko musikala egin nuen enkarguz», gogoratu du. Eta Deba Goienako kooperatibak ardatz hartuta ‘Humanity at Music’ sinfonia ere idatzi zuen.
Larunbat honetan estreinatuko du ‘Hazia’ Arrasateko Amaia antzokian. Eta hurrengo egunean ere izango da bigarren saioa, 19.00etan.
Ikuskizuna 16 eszenaz osatuta dago, 22 abesti kantatuko dituzte denera. Horietatik 20 kantuz osatutako diskoa ere prest izango dute ordurako, ikusleek antzokian bertan eskuratzeko aukera izan dezaten. Oiartzunen ari dira grabatzen.
Hurrengo emanaldiak Bilboko Arriaga antzokian (urriak 1), Iruñeko Baluarten (urriak 29), eta Gasteizko Principal antzolian (abenduak 17) izango dira. Ari dira beste herri batzuetan saio gehiago hitzartu nahian, aurrerago iragarriko direnak.
Seigarren muntaia
Hau seigarren musikala du. «Ez da egin dudan muntaiarik handiena tamainan, baina bai konplexuena. Batez ere teknikoki. Musika, eszenak, dantzak, proiekzioak... koordinatzea da zailena. Denera hemezortzi inalanbriko daude, pozgarria da teknikari handiak izatea, Angel Katarain eta Iban Zubeldia, tartean».
Arizmendiarretak berak idatzita utzitako gogoetak poematara ekarri eta poemak musikatu egin ditu zeanuritarrak. «Testuen %90a nik idatzi dut, bada Lauaxetak kartzelan egon zenean idatzitako testu bat ere», azaldu du.
«Arizmendiarretaren nondik-norakoak aztertzen hasi nintzen. Soziologia ikasi nuen eta beti izan naiz gai sozialen zalea. Miguel Angel Azpirozekin harremanetan jarri nintzen 2019an. Ondoren pandemia iritsi zen eta itxaronaldia onuragarria izan zen lan egiteko», kontatu du.
Bere bizitzaren pasarteak ikusiko ditu ikusleak agertoki gainean, kooperatiboen sorreran eta garapenean mugarri izan ziren gertakariei bereziki fokua jarriz. «Markinan, Barinaga auzoan, 1915ean jaio zen. Hiru urterekin begi bat galdu zuen. Seminarioan egon zen Artean. Gerran ‘Euzkadi’ egunkarian erredaktore aritu zen. Berak abisatu zion Lauaxetari egunkarira Gernikako bonbaketa hasi zenean», gogoratu du.
Hori guztia aipatu du lanean baina batez ere ondorengo urteetan zentratu da. 1941ean Arrasatera iritsi zen, frankismo garai betean, gosetea… Unión Cerrajera zen orduko enpresa handia, oso bertikala funtzionamenduan. 1949an bertako gerente Don Camilorengana jo zuen enpresa herrira zabaltzearen komenigarritasuna planteatzera, herritarrek lana izan eta pobreziatik atera zitezen. «Ez bakarrik euren aldekoek, ordura arte bezala. Baina Don Camilok ‘ingeniariaren semeak ingeniari eta peoiaren semeak, peoi izan behar du’ esaldia bota zion. Ez zegoen zereginik. Gauzak horrela Eskola Politeknikoa sortu zuen. Eta handik lasterrera kooperatibak etorri ziren».
«Don Camilok, enpresan emakumeak sartzearen aukera aipatuta, ideia horiek bazituen hobe zuela Afrikara misiolari joatea esan zion. Kooperatiban bai, lehen haurtzaindegiak ateak ireki zituen. «Gure sufragistak izan zirenak Arrasaten egon ziren, hamazazpi emakumek Ausolagun sortu zuten», azpimarratu du.
Egoeraren eragina eta bestetik gai sozialekiko zuen arduraren –Lekuona eta Barandiaran izan zituen irakasle– eragina nabaria da Arizmendiarretarengan. «Bitxia da, orduko apaizek normala zenez Jainkoaz idazten zuten eta nik apenas irakurri diot izkribuetan horretaz ezer, gai sozialetaz idazten zuen beti Arizmendiarretak. Konpromisoa, justizia soziala eta elkarlana zituen ardatz idatzietan eta horrela izango da lanaren eszenatan ere».
Ezin testuingurua ahaztu. «Oso urte gutxian 9.000 biztanle izatetik 29.000 biztanle izatera pasa zen», dio. Inmigrazioak ere badu presentziarik musikalean. Eta hark Arrasate bezalako herrian izan zuen eragina.
Hazia haziz
Proiektuaren izenburuak gero hariztian bihurtu zen haziari egiten dio erreferentzia. «Hazia zen hasieran eta hazia, haziz haziz joan zen hazia zen hasieran eta onura ekarri zuen», hitzekin aurkeztu du Mendibilek proiektua.
Ametsak eraiki. «Ametsak ametsean gera daitezke, baina bera errealitate bihurtu zituen. Gaur egun 80.000 pertsona daude munduan zehar lanean berak eraindako hazitik hazitako enpresatan. Eta nabarmentzekoa da. Erreferente handia dugu. ‘Utopian sinestu behar duzu, baina pragmatismotik eta errealismotik’, esan ohi zuen berak. Zailtasun ugai izan zituzten eta horiek ere kontatu ditut. Frankismo garai betean aurrera egitea lortzea aipagarria da», esan du.
Baloreak
«Ez zen hizlari handia», Mendibilen esanetan, baina bai ezin ukatu karisma. «Bada herrian bere baloreak gazteengana zabaltzeko ahaleginean ari denik baina ez da erraza», gaineratu du.
Arizmendiarretaren baloreek gaur egungo jendartean duten indarraz galdetuta, «zoritxarrrez, hark sinesten zuen lehiakortasunaren bidean dago jende gehiago kooperatibatan baino. Gure herriaren ezaugarria bada auzolana, baina gaurko gazteak ikusita ez dakit konpromisoa eta elkarlana urrunegi geratzen zaien, baina ez dut ezkorregi jarri nahi, ez du merezi –aitortu du–. Dena den, Arizmendiarretak esandakoak eta egindakoak oso dira baliozkoak eta kantuetan hori agertzen da».
Gustura dago agertoki gainera igoko den taldearekin. «Ni naiz zaharrenetarikoa, pozgarria da hori. Taldea benetan txukuna da», dio. Denera hamar kantari (Mendibil bera barne) eta hemezortzi aktore.
Arkaitz Gartziandiak gorpuztuko du Arizmendiarrieta. Antzezleak eta kantariak honokoak dira: Ainhoa Tabuyo, Maddi Otamendi, Eneko Asiain, Xanti Korkostegi, Diana Irazabal, Begoña Rodriguez, Txomin Maidagan, Benito Patxeko, Antton Fernandez, Alberto Mendigutxia, Alfonso Diez, Samuel Gibert, Aritz Salamanca, Amaia Barasorda, Begoña Rodriguez, Adriano Herrero, Sua Enparantza eta Oier Zapiain.
Agertoki gainera igoko diren musikariak Jose Luis Canal –musika konponketaz ere arduratu da–, Angel Unzu, Raul Vera, Rober Caballero, Blas Fernandez, Iker Telleria, Mau Zienkiewich, Maider Zapiain, Iñaki Dieguez eta Joe Gonzalez dira.
Easo abesbatza ere bertan izango da Gorka Mirandaren agindupean. Baita Arrasateko Goikobalu abesbatza ere, Iñaki Maidagan zuzendari duela.
Koreografiak Uhinak sortu ditu Aritz Salamancaren zuzendaritzapean. Ohika Dantzako taldekideak honakoak dira: Aritz Salamanca, Nerea Arregi, Katerin Artola, Sua Enparantza, Mattin Etxebeste, Antton Fernandez, Aitor Garcia, Jone Mendiluce, Mederi Orbiso, Iker Sanz eta Ane Urruzola.
Arrasateko emanaldirako sarrerak hemen eskura daitezke. Gainontzeko saioetarako antzoki bakoitzean.
«Oso muntaia modernoa da, garaikidea. Musikalaren bidez gazteen arreta piztu nahi dugu, ikusiko dugu lortzen dugun», zehaztu du.
Dokumentuaren akzioak