Txupinazoa bota eta ordubete eskasera, besarkadatik besarkadara dabiltza, kasik saltoka, Duguna dantza taldeko kide Aritz Ibañez (Iruñea, 1979) eta Itxaso Martinez de la Pera (Iruñea, 1995). Angel Aranarekin batera bota dute suziria —taldeko kidea da hura ere—, eta hirurak dabiltza, ordutik, zorion mezuak jaso eta jaso. «Hustuta bezala» Ibañez, «dagoeneko lasaixeago» Martinez de la Pera. Irribarrea ahoan, biak ala biak.
Lortu duzue bezperan lo egitea?
ARITZ IBAÑEZ: Bi ordu eta erdi egin dut lo ongi. Gero, esnatu egin naiz, eta, ordutik aurrera, lokartu-esnatu-lokartu-esnatu...
ITXASO MARTINEZ DE LA PERA: Gehienez ere, esnatu aurreko hiru orduak-edo eman ditut lo. Eta, horri esker, behintzat gelditu naiz lo egin izanaren sentsazio txiki batekin, baina lotara sartu nintzenetik 05:00ak arte...
Zeresana eman ohi du txupinazoa bota aurreko mezuan baliatzen den hizkuntzak, baita, euskara eta erdara erabiltzen direnetan, ordenak ere. Zuek «iruindarrok» esanaz hasi duzue, eta bukatu ere, euskaraz.
IBAÑEZ: Testuak zein behar duen hasiera-hasieratik dago esana, baina udalari galdetu genion ea posible zen euskaraz hastea, eta bukaerako «Gora San Fermin!» ere euskaraz egin nahi genuen, kristoren indarra duelako. Galdetu genuen ea mugitu genezakeen esaldi bat aitzinera, eta haiek, baietz. Iruditzen zaigu polita dela norberak bere ukitua ematea momentu horri. Gainera, gu euskaraz mintzatzen gara gure jardunean, nahiz eta geurea gorputz hizkuntza izan; bueno, biak daude oso lotuta.
M. DE LA PERA: Bere lekua eman nahi genion euskarari. Honen bidez gure aletxoa jarri badugu horretan, pozik.
Bazen duda bat: nola jantziko ote zineten, zuriz edo dantzariz.
MARTINEZ DE LA PERA: Hainbat elkarrizketatan esan dugu gure jantziak ere badirela zuri-gorriak [barreak]. Baina guk argi genuen izanen ginela zuri-gorriz, baina sanferminetako jantziekin. Dantzatarakoak biharko utziko ditugu.
Aurrez emandako elkarrizketa horietako batean, Euskalerria Irratian eginikoan preseski, aitortu zenuten beldur zinetela ez ote zitzaizuen balkoiko unea oharkabean pasatuko, emozioak hartuta. Horrela gertatu da?
IBAÑEZ: Zorionez, balkoira atera garenetik hitz egiten hasteko agindua eman diguten arte, izan ditugu segundo batzuk eskuinera begiratzeko. Eta hor ziren dantza taldeko gainontzeko kideak. Ni horrek errealitatera ekarri nau, eta gozatu dut, lortu dut momentuari zaporea ateratzea, eta asebeteta gelditu naiz.
Uztailaren 7an Udaletxe plazan dantzatzen zarete, eta aitortua duzue eskapatu ohi zaizuela begirada balkoi aldera. Aldrebes egin duzue orain. Zer itxura hartu diozue plazari?
M. DE LA PERA: Izugarria izan da: plaza bete-betea, jende olatu horiek... Halere, bihar [gaur] plazan ariko gara berriz, eta eginen ditugu gure lanak. Hori bai: goxotasun berezi batekin begiratuko dugu balkoira hemendik aurrera.
Eta balkoian izan zareteneko bideoren bat ikusi duzue jada?
M. DE LA PERA: Baten bat bai, eta sartu zait urduritasuna. Oraindik pil-pilean dagoen seinale.
Momentuan, nor izan duzue gogoan?
IBAÑEZ: Aspertzeraino esan dugu, baina kontua da txupinazoa ez dela izan hirurona, baizik eta talde guztiarena, eta 75 urteotan kide izan diren guztiena. Bestalde, azken egunotan Euskal Herri osotik jaso ditugu babes eta zorion mezuak, eta jende hori ere izan dugu gogoan, gertukoez gainera.
M. DE LA PERA: Taldekideak izan ditut gogoan. Eta uste dut hori izan dela politena: sentitzea taldeko guztiok bat ginela.
Pentsa liteke txupinazoa izanen duzuela festetako klimaxa. Aurrerantzean, baretzera, beraz?
IBAÑEZ: Espero dut baietz; bestela, ez dakit nola bukatuko dugun.