Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arin-arin bat bezain sinple

Dokumentuaren akzioak

Arin-arin bat bezain sinple

Aurten bigarren aldia duelarik, dantza eta kantua elkartzen ditu Karrikaldiak; igande arte, euskal giroaz gozatzekoa ematen du.

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2007/08/04

Batzuk beren buruaz segur, jauziak aspalditik edo berrikitan ikasiak, baina hortxe dabiltza, uros. Beste batzuk, dudan. Urratsak badakizkite, baina loturak egiten ez. Dena dela, ez dira amore ematekotan. Tematurik, ordu bat daukate praktikatzeko. Eta ez bada gaur, bihar. Karrikaldia 16:30ean hasi eta egunero 23:00ak arte irauten du.

Beste dantzari zenbait ez dira hainbeste arduratzen. Alkohol botila lepotik zintzilik soka batekin, mutil gazte talde batek ziztu batean bereganatu du biribilaren zentroa. Leinua txarangaren musikak erakarririk itxura guztien arabera, mutxikoak zer diren ideiarik ez dutela ageri da. Baina berdin dio. Erritmoa ahal bezala segitu, eskuinera noiztenka, besteetan ezkerra, irri karkaila bat eta jo aitzina. Garrantzitsuena gozatzea dela ohartuak dira hauek ere. Ikasi eta gozatu, urtez urte biribila hantzeko gisan. Larrain, fandango, arin-arin... entresatak eta fini.

Dantzatik landa, berdin-berdin, kantuarekin. Kanta Leon! Kantu bilduma eskuen artean eta, hor ere, kantua ezagutzen duenak bota dezala boza, eta ez dakienak saia dezala: «Agure zahar batek zion...». Erribera, Gora ta gora eta beste, Tuntuna eta Ibaialdeko koroak finkatutako notek badituzte jarraitzaileak. Hor ere ordu osoa zintzurrak berotzeko. Baionan Kantuz-ekin urte osoan hilabetean behin ahotsa berotzeko doia ukan eta merkatu estalian, orduan ikasiak beste behin praktika daitezke.

Dudarik gabe karrikaldiak aurten ere bere parioa irabazi du. Iaztik Jacques Portesen jarria, iaz udalak xoko batean eman baldin bazituen musikariak, aurten taula gain bat apailarazi die baita behar den bezalako soinu instalazioa ere. Ezin hobeki. Urtez-urtez hobetzen ari. Beste marka bat, plazaren saihetsean dagoen Galerie Lafayette saltegiaren erakusleihoa. Udako jantziak soinean dituzte panpinek iraganeko eguneroko baita dantzatzeko jantziei utzi diote lekua. Joan den urtean bezala, Lagun Donibane Garaziko tailerraren jantzi ederrak jarri dituzte.

Diskretuki, baina euskal giroa hedatuz doa. Karrikaldia besten hitzordu nagusietako bat bilakatua da. Alta, euskal ohiturek ez du beti harrera hain ona ukan. Talde txiki bezain errabiatu batek abiatu zuen erresistentzia duela 20 urte, euskal dantzek ere beren lekua ukan dezaten bestetan. Orduz geroztik talde txikia anitz hazi da, eta gaur egun, euskal dantzez gain, euskal kantuak, bertsoak baita sorkuntzak ere elkartzen ditu Karrikaldiak.

Hasteko, 16:30ean ikusgarria. Ostegunean, adibidez, Naizena ez Naiz sorkuntza estreinatu dute hainbat nerabeek; ondotik, Maiana Garat eta Xalbador orkestrakoen aldi izan zen. Atzo, berriz, Euskal Urrats ttikikoek zuten erakutsi zer egiten zekiten. Mugerre, Milafranka eta hiriburuko Leinua dantza eta musika eskolako gaztetxoak dira horiek. Gaur, Iruñeko Dugunaren aldi izanen da, eta bihar, lehen aldiz, zuberotarrak ariko dira. Aidez aire sorkuntzak Zuberoako ondarearen edertasunaren artetik fandangoak ere dantzatuko dituzte. Ikusgarrietatik landa, beraz, egunero euskal dantzak eta kantuak baita beste dantza mota anitz ere Trikili Trakalarekin.

Dokumentuaren akzioak