Dokumentuaren akzioak
'Ari du' DVD berriaren aurkezpenak hasiko du Oinkariren Dantza Astea
Oinkari dantza taldeak gaur emango dio hasiera
larunbatera arte luzatuko den Dan-tza Asteari, 'Ari du' bere DVD
berriaren aurkezpenarekin. Gurea Zineman izango da, 19:30etik aurrera.
Bertan izango dira Alazne Gurrutxaga, Juan Kruz Igerabide, Edu
Muruamendiaraz, Garazi Esnaola eta Agus Barandiaran.
DVD hau Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegian grabatu zuten
urriaren 11n. Halaxe azaltzen dute taldetik proiektu honen nondik
norakoa. «Hasieratik garbi genuen dan-tza guztietan erritmoa dela guztia
markatzen duena. Dantzari baten belarrietan erraz desberdintzen baitira
fandango bat, arin arin bat edo Bizkaiko zortziko bat, esaterako.
Euria, aipatu dugun erritmo hori markatuko zigun elementu garbia zela
ikusi genuen, berak ere erritmo desberdinak izan baititzake: xiri-miria,
itogin bat, ekaitz gogor bat. Lotura hori probestuz eurian oinarritu
gara emanaldi hau osatzerako garaian».
Hala, emanaldian zehar dantza bakarrik utzi nahi ez eta,
literaturako arlo desberdinak aztertu ondoren, poesia iruditu zitzaien
euriak markatutako erritmoa bilatzeko modurik errazena. «Esaldien
luzerek, hitzen errimek, errezitaldiak berak erritmo ugari marka
ditzakete eta joko honek asko errazten du dantza eta poesiaren arteko
uztarketa hori. Poemetan deskribatzen diren egoerek ere lagundu egingo
digute dantzen arteko lotura ulertzen».
Dantzari dagokionez, Oinkari dantza taldeak tradiziotik
edan du orain arte eta edaten jarraituko duenez, emanaldi honetan
hainbat euskal dantza ikusteko parada izango da. «Hain ezagunak ez diren
inguruko herrietako dantza tradizional batzuk ere berreskuratu nahi
izan ditugu emanaldia osatzerako garaian».
Bestalde, eta garaiak aldatuz doazenez, euskal pausoetan
oinarritutako eta Edu Muruamendiarazek osatutako koreografia batzuk ere
errepertorioan sartu dituzte. «Gure iritziz bi munduek baitute lekua
gaur egunean eta bien arteko uztarketa posible dela erakutsi nahi izan
dugu emanaldian».
Lan hau DVDratu nahi izanak ere badu esanahi
garrantzitsua. «36 urte luzeetan zeharreko Oinkariren historia argazki
bidez mantenduda orain arte eta gu ere historia horren zati izanik, modu
berezi batean gorde nahi izan dugu azken urte hauetako lañaren fruitua.
Emanaldiaz gain, gaur egun Oinkari dena islatzen saiatu gara DVD
honetan, nola egiten dugun lan, norekin, norentzat. DVDratu dugun 'Ari
du' lan hau harrotasunez betetzen gaituen lana dela onartu behar dugu,
eta era berean, gustatuko litzaigukeena da hasiera-hasieratik taldeko
partaide izan diren guztientzat opari polit bat izatea, eta nola ez,
etorkizunean etorriko diren guztientzat ere, erreferente eta oroigarri
goxo bat izatea».

Oinkariko dantzariak 'Ari du' ikuskizunaren entseguetako batean. :: UNANUE
Azken boladan gauza berritzaileak egiten ari da Oinkari
Dantza Taldea: Korrontzi taldearekin diskoa, DVD berria. Taldearen
iraute hori honelako gauzei dagoela uste dute haren arduradunek. «Bere
lehen pausoetatik Oinkari dantza taldearen helburua beti izan da euskal
dantzak jaso, ikasi eta irakastea. Helburu honek lagundu digu
hasiera-hasieratik irauten. Hala ere, gaur egun iraute hori bera oso
zaila gertatzen denez, egungo gizartearen ezaugarri nagusi bihurtu den
berrizaletasuna kontuan hartu behar izan dugu, beti ere gure erroak
ahaztu gabe. Bide honetan Korrontzirekin izandako elkarlanak, Amantalen
Ahotsa 75 urte ikuskizunean parte hartzeak. asko lagundu digute Oinkari
gaur egun dena izatera iristen. Azken pausoa DVD berri hau dugu».
Azken urteetan, gainera, landidetza emankorra osatu du
taldeak Edu Muruamendiarazekin. «Edu taldean sartu zenean, duela 7 bat
urte, hasi ginen gure emanaldiei itxura berri bat ematen. Betiko euskal
dantzak ikasten jarraitzeaz batera, koreografia eta dantza molde
desberdinak jorratu ditugu. Maisu aparta izan dugu Edu lan honetan eta
horren adibide ditugu berarekin atera ditugun hiru emanaldiak: Oroituz,
Aspaldikotik eta aurten plazaratu berri dugun 'Ari du'. Ikasle eta maisu
moduan hasi zen erlazioa, bi lagun ezinhoberen artekoa bihurtu da
denboraren poderioz».
Dokumentuaren akzioak