Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ARGIA Sariak, egoeraren ispilu

Dokumentuaren akzioak

ARGIA Sariak, egoeraren ispilu

Plazerra izan zen ostiralean ARGIA aldizkariak ematen dituen Sarien banaketan egotea. Kulturgintzako eragileak, ARGIAko lankide ohiak, idazle eta kazetariak, ezagun ugari, adiskideak.
Komunikabidea
lauramintegi.net
Mota
Albistea
Data
2013/01/28
Lotura
lauramintegi.net

Lehen ilaran Eusko Jaurlaritzako arduradun izendatu berriak zeudela profitatuta (Cristina Uriarte, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua; Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jokin Azkue, Euskara Sustatzeko Zuzendaria) Argiako zuzendariak eta mikrofonotik pasatu ziren guztiek ez zuten aukera galdu hedabideen egoera larria azaltzeko.

Orain bi hilabete Euskara hutsezkoak eta publikoak ez diren hedabideek HEKIMEN elkartea sortu behar izan zuten, “Euskal Herri euskalduna nahi badugu komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa delako”. Elkartearen helburuetako bat da euskal hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatiboa sendotzea, elkarlanean oinarrituta, “bakarrik baino elkarrekin hobeto egingo baitiogu aurre bizi dugun krisi latzari”.

Bereziki lazgarria egiten da entzutea dantzan.com webgune saritu berria (ona delako saritua, noski) laster batean itxi beharko dutela, ez dutelako segitzerik egoera ekonomikoaren erruz. Aurretik ere itxita mantendu zuten hainbat hilabeteetan eta ahalegin handia eginda bersortu zuten…. berriz ere ixteko.

Ongi asko ezagutzen dugu zer den proiektu on bati heldu nahi izatea eta ezin, eta nolako inpotentzia sentiarazten duen baliabiderik ez edukitzeak. Zenbat kazetari, kulturgile, idazle eta musikarik utzi behar izan dituzte albo batera sormen lan kolektiboak, ez zelako nahikoa nork bere denbora ematea; sosak ere behar ziren materiala lortzeko, webgunea ordaintzeko, inprentarako eta garraiorako. Eta ezin.

Espero dezagun Eusko Jaurlaritza berriak ulertzea kultura ez dela beste atal guztiak asetu ondoren atenditu behar den eremu ahula. Hizkuntzak egiten gaitu eta kultura gure izaera da, gure idiosinkrasia, gure kosmogonia, munduari begiratzeko dugun modu berezkoa. Gureak bezalako makinak beste edozein herritan egin daitezke; baina munduan ez dago beste herririk gure kultura sortuko duenik.


Laura Mintegiren bloga

Dokumentuaren akzioak