Igandean, abenduaren 12an, Beasaingo Antzizar kiroldegian eskainiko du Argia Dantza Taldeak Martin Zalakain koreografia, Dantzaren XVII. Zirkuituaren barruan.
Juan Antonio Urbeltz zuzendari eta koreografo, Ander Lipus zuzendari eszeniko eta antzezle, Harkaitz Cano idazle, Mikel Urbeltz musikari, Itziar Otamendi dantza maisu, Amaia Bueno jantzien diseinugile eta Josu Garate dantzariaren eskutik Martin Zalakain obra ikusgarria sortu da, Argia Dantza Taldearen partaidetzarekin batera.
Dantza eta antzerkiaz haratago doan obran, Juan Antonio Urbeltzek, Ander Lipusek eta Harkaitz Canok bat egin dute Pio Barojaren Zalacaín el aventurero eleberrian oinarritutako ikuskizun dramatiko berria egiteko xedez. Pío Barojak 1908an idatzitako abentura eleberri honek Martin Zalakainen historia harrigarria kontatzen digu.
Ikusgarria Xiberoko antzerki tradizioan oinarritzen da, pastoralean bereziki, baina italiar Pizkundeko aberastasunetan ere bai, Luis XIVak Frantzian asmaturiko baletan edo XX. mendeko errusiar baletan. Jantzitegiak ere sekulako garrantzia izanten du obran, elementu horrek eszena bikaina adornatzen baitu, eta ikusgarriago gertatuko zaio ikusleari. Fikzio dramatikoan oinarritutako obra izanik, gure musika tradizionalekin batera beste musika batzuen aberastasuna uztartu dute bertan.
Harkaitz Canok egin du eleberriaren egokitzapena eta Ander Lipus aktoreak antzezten du fikziozko pertsonaia.
Argia Dantza Taldeak 1970eko hamarkadatik gaur egun arte egindako ibilbidean, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, euskal dantza tradizionala berreskuratzeko, eta ikerketaren bidez sortzeko eta birsortzeko lan handia egin du. Taldeak hainbat ikuskizun propio sortu eta estreinatu ditu: Pas de Basque (2002), Axeri Boda (2008), Axuri-Beltza (2009), Aunitz Urtez (2012), Besta Berri (2013) eta Martin Zalakain (2017).