Dokumentuaren akzioak
Argentinar eta goierritar gazteak euskarak eta euskal kulturak elkarturik
Amaia Alvarez beasaindarra, Maite Murgia lazkaotarra eta Alaitz Imaz segurarra gaur abiatuko dira Necocheara. Euskal Etxearen 'Hator Hona' programan hartuko dute parte
Euskal Herriko eta Argentinako gazteen artean harremanak sortzea eta bultzatzea da proiektuaren helburuetako bat. Horretarako, urtero Euskal Herritik hainbat gazte joaten dira Necocheara, euskararen eta euskal kulturaren irakaspenak ematera; euskal kantak, trikitia, euskara, gastronomia, herri kirolak… erakusten dituzte.
18 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako programa da. Aurten bost gazte aukeratu dituzte Necocheakoek, eta tartean dira hiru goierritar: Amaia Alvarez beasaindarra, Maite Murgia lazkaotarra eta Alaitz Imaz segurarra. Alvarezek dantza erakutsiko diete, Mungiako Julene Otegirekin batera. Murgiak eta Imazek, berriz, euskara eta trikiti eskolak emango dizkiete. Zumaiako Danel Llavori, azkenik, herri kirolak erakusteaz arduratuko da. «Izena emateko ez da baldintza berezirik bete behar, ikasketa titulurik ez da behar. Esperientzia baloratzen dute gehiago», diote goierritarrek.
Gaur joango dira
Gaur hartuko dute Argentinara joateko hegazkina, ilusioz beteta. «Hiru astean egongo gara Euskal Etxean, abuztuaren 5era arte. Han neguko oporrak dituzte. Haiek bi aste dauzkate jai, nahiz eta gu hiru asterako joan. Azkeneko aste horretan jende asko unibertsitatera joaten da eta jende gutxiago ibiltzen da», azpimarratu dute.
Hegazkina beraiek ordaintzea da proiektuaren baldintzetako bat; gainerakoa, ordainduta izango dute: «Hiru astean hango familiakoen etxeetan egongo gara. Ostatatua eta mantenua beraien kontura izaten da». Oraindik ez dakite zein familiatara joango diren.
Behin Argentinara joanda, beste hiru aste gehiago egingo dituzte bertan, oporretan. «Hango neska batek bidaia agentzia batean lan egiten du eta berak antolatu digu bidaia. Ez dakigu zer prestatuko zigun, baina Iguazura behintzat joango gara», diote.
Aurreko urteetan hainbat goierritarrek ere parte hartu dute Necocheako Euskal Etxearen proiektuan. Kontatu dietenez, oso esperientzia polita eta aberasgarria da. «Oso oso handia omen da Euskal Etxea eta izugarrizko ongi etorria egiten omen dute. Urte guztia zain egoten dira momentu hau iristeko». Necochera joan aurretik dena den, La Platan elkartuko dira. «Gaz-teak unibertsitatean ari dira ikasten eta Necocheara beraiekin joango gara».
Talde ugari
Necocheako Euskal Etxeko gazteentzat aukera ona izaten da Euskal Herriko gazteekin harremanak landu eta euskal kulturan murgiltzeko. Goierritarrek diotenez, gazte batzuek euskaraz badakite. Euskarako eskolak astean hirutan eskainiko dituzte; eta trikitiakoak ere bai. Murgiak eta Imazek aitortu dutenez, trikitia aspalditxotik jo gabe egon dira eta orain aritu dira hauspoa astintzen. Binaka emango dituzte eskolak.
Dantza eskolak, berriz, ia egunero emango beharko ditu Alvarezek. «Lau dantza talde daudela esan didate. 4-14 urte inguruko talde bat; bi helduen talde, Hator Hona Gazteak (14-19), Hator Hona Zaharrak (20 urtetik gora); eta Amatxoen taldea».
Euskal Astea eta San Inazio
Dantzak indar handia du Necochean eta aurten «motibatuago» aurkituko dituztela uste dute. Izan ere, Argentinan udaberria denean, azaroaren 11tik 13ra, Argentinako Euskal Aste Nazionala ospatuko dute, Necochean, Euskal Etxeak antolatuta.
Goierritarrek Euskal Aste Nazionalik ez dute biziko baina San Inazio eguna bai, uztailaren 31n. «San Inazio eguna egun handia izaten dela esan digute. Baserritar jantzia eramango dugu egun horretarako», diote.
Dokumentuaren akzioak