Dokumentuaren akzioak
Argentinako eskola
Kritika, dFeria
Argentinako konpainia batekin hasi da Donostiako Antzerki Feriako bigarren eguna, eta herri bereko beste batekin amaitu. Tartean Brasilgo dantza lan bat ikusi dugu eta behiala orriotan komentatutako Amamaren memoria ere gaztelaniazko bertsioan eman da.
Buenos Aireseko Grupo Primo konpainiak eragin sakoneko antzezlan bat aurkeztu du Lugaritzeko agertokian. Dekoratuak udako etxe bateko egongela irudikatzen du, baina hasierako itxura konbentzional hori behar-beharrezkoa izan da eremu itxi horretan dauden gizakien drama irudikatzeko. Romina Paulak idatzi eta zuzendu duen Algo de ruido hace obra artegagarrian guztiz bat datoz testuak planteatutako gatazka intimista eta hiru antzezleen jarrera, bi gizonen keinu eta hitz lakonikoak neska gaztearen bizi gogoarekin kontrajarriz. Argumentuak tantaka azaleratzen ditu hiru pertsonaien barne emozioak, eta gu zeharo desarmatuta sentitu gara bi gizon protagonisten huts existentzialaren aurrean, bisitan datorkien lehengusina bezala. Lan eredugarri honekin beste behin frogatzen da Hego hemisferiotik gauza asko daudela esateko, eta nik uste dut gure garaiko klasiko bat bihurtuko litzatekeela Europan sortua balitz.
Brasilgo Cristina Mouraren My mother naked pieza, ordea, dezepzioa izan da niretzat, batez ere ikustean printzipioz berritzailea zirudien proposamenak ezerezaren aldeko apustu garbia izatearen itxura hartzen zuela. Moura bera izan da zuzendaria, koreografoa eta interpretea, eta sormen-endogamia horrek antzutasunera eramaten du gehienetan. Gainera, dantza garaikidearen zantzuak eta performance-aren arloko elementuak batera erabiltzeak nahasmena ekarri du, argitasun estetikoa sortu beharrean.
Egunaren azken atala Argentinako Enrique Federman konpainiaren Perras izan da, eta han ere egiaztatu dugu herri hartako aktore-sendotasun itzela. Taula gainean Claudio Martinez Bel eta Nestor Caniglia izan ditugu, bakoitza bere irudimenezko txakurrarekin. Arratsaldeko lehen antzezlanean bezala, ezin dugu imajinatu txakurrarekin paseatzea baino aitzakia zozoagorik argumentu baterako, baina lehenengoan bezala, bi gizonen arteko enkontrua giza arimaren azterketa zirraragarria bihurtu da, eta prozesu horretan funtsezkoak izan dira bi antzezleen gaitasun eszeniko paregabea eta keinuen ekonomiari nahiz erritmo pausatuari emandako garrantzia.
Dokumentuaren akzioak