Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Argentina eta AEBn bira hasi du Dantza filmak

Dokumentuaren akzioak

Argentina eta AEBn bira hasi du Dantza filmak

Komunikabidea
Etxepare Institutua
Mota
Albistea
Data
2019/04/23
Lotura
Etxepare Institutua

Dantza, Telmo Esnal zinegile zarauztarraren hirugarren film luzea, Argentinako eta AEBko 10 hiritan ikusi ahal izango da apirila eta maiatzean zehar Txintxua Films ekoiztetxeak eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker.

Argentinan apirilaren 21ean hasi ziren emanaldiak, Misiones probintziako hiriburu den Posadas hirian egiten den Co-Cine Entre Fronteras zinemaldian, hain zuzen ere. Euskal Herrira luzatu dute parte hartzeko gonbidapena eta Dantza izango da ordezkaria. Horrez gain, bihar apirilak 24, La Plata hirian, Buenos Aireseko probintzian, ikusi ahal izango da filma.

AEBtako bira apirilaren 28an, igandea, hasiko da Seattle hirian (Washington) eta maiatzaren 1ean jarraituko du Ontarion (Oregon). Maiatzaren 2an, Boisen (Idaho) izango da Dantza ikusteko aukera eta hemendik Californiara igaroko da. San Franciscon emango da maiatzaren 3an, Chinon 5ean eta Los Angelesen 6an. Gainera, maiatzaren 9an Renon (Nevada) proiektatuko da, 11an New Yorken eta 17an Washingtonen. AEBko hiriburuko emanaldiarekin amaituko du bira.

Bira hau Etxepare Euskal Institutuaren kolaborazioari eta AEBko Euskal Etxeetako koordinazio lanari esker izan da posible. Biran zehar Telmo Esnal zuzendariaren eta Gari Otamendi dantzari protagonistaren aurkezpenak eta solasaldiak ikusi ahal izango dira.

Dantza tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Asmo handiko sormen-apustu handia egin du zinemagileak film horretan; Koldobika Jauregi artistak zuzendu du bertan islatzen den unibertso estetiko eta bisuala, eta Juan Antonio Urbeltz ikertzaile eta folkloristak izan du koreografiak koordinatzeko eta ikuskatzeko eginkizuna.

Filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, irailean, eta pasa berri den Nantesko Zinemaldian hasi zuen nazioarteko bira, non ikuslegoaren oso harrera ona jaso zuen. Datozen hilabeteetan Dantzak nazioarteko beste hainbat jaialditan hartuko du parte.

Dokumentuaren akzioak