Dokumentuaren akzioak
'Argentina ere Hator Hona'; Necocheako dantzarien bisita Argentinara joan zen euskaldun batek kontatua
Hor ikusten ditugu orain, batzuk tranpaldoan dantzan eta beste batzuk igotzeko prest. Arraroa egiten zaigu, ia-ia sinestezina, baina egia da, hemen daude! Hogei neska–mutil inguru etorri dira, euren ametsa betez: arbasoen lurrak eta jendea ezagutzea. Askotan esaten ziguten Euskal Etxeko Txoko Txikin (Euskal Etxeko taberna) geundela, gustura etorriko liratekeela Euskal Herrira.
Gogoan daukat haserako egunak bertakotzen pasa genituela, eta ez zitzaigula asko kostatu. Hotz egiten zuen Buenos Aires probintziako hiri haizetsuan, baina jendearen beroak erraz uxatzen zizkigun neguaren kolpeak. Gazteek neguko oporrak zituzten uztailean eta oso pozik hartzen zuten parte gure klaseetan.
Ilunabarrean izaten ziren klaserik gehienak, pilotakoak izan ezik, hauek goizetan. Klaseak eta gero afaldu egiten genuen, Euskal Etxean bertan askotan, honen edo harenean beste zenbaitetan. Eta afaldu eta gero txintxo txintxo ohera. Bai zera! Orduan hasten zen onena, eta!
Sarritan, edariak erosi eta Julietaren kintxora joaten ginen. Bertan solasean eta dantzan jardun ondoren, bolicheetara abiatzen gonen hirurak aldean. Hau ia egunero egiten genuen eta batzutan, astean behin edo, deskantsatu beharra izaten genuen eta afalostean erretiratzen ginen. Harreman politak sortu ziren, ezberdinak, ederrak…
Orain oholtza gainean ikusten ditugu Maria biak, El Txori, Potxo, Diego, Andoni… eta oilo ipurdia jarri zaigu. Ez dakit zertan ari diren, arin-arina izango da agian edo fandangoa akaso, dantza eta biok ez gara oso ongi konpondu orain arte. Necochean parrandetan ere, ezpata dantzan eta aurreskuan jarduten zuten eta harriturik galdetzen zidaten: ¿vos no bailás vasco? Eta nik ezetz aitortu behar: ni vasco ni nada, amigo. Dantza talde potentea daukate Necochean. Lau edo bost urterekin hasten dira dantzan ikasten eta dantzarekin batera Euskal Herriari buruzko jakimina asetzen saiatzen dira.
[Mikel Arrillaga, 2005eko Hator Honan parte hartu zuen gazte eibartarra, Necocheako dantzariekin euskal etxean]
Dantza eta dantza artean, Carlos Bilbao Turcok egiten ditu aurkezpenak eta solasaldiak. Orain ere badihardu Azpeitiko tranpaldo gainean. Hator Hona proiektuaren berri ematen ari da. Ahots sakonez eta emozioz hitz egiten du, hizlari oso ona dela erakutsiz. Necocheako gazteen ekimena goraipatzen du, eurek Euskal Herriko gazteekin harremanetan jartzeko eginiko ahalegina. Eta harreman horren fruitua da gaur hemen Azpeitiko plazan Necocheako Gazte Alai dantza taldea aritzea, azaldu du ahots ozenez.
Jario handiko gizona da eta Necochean bere belaunaldiko gehienek daukate luze eta zabal hitz egiteko gaitasuna. Ederra zen Euzko Etxean Txoko Txikira sartu eta beraiei entzutea, hogei minutuz edo. Polita zen belaunaldi ezberdinak zein ongi konpontzen ziren ikustea. Helduenek ochotea zeukaten eta eskaini zizkiguten kanta batzuk. Orain gazteek Kalimotxotea sortu dute eta kanta zaharrak eta berriak parodiatzen dituzte. Ez dugu barre gutxi egiten.
Ikuskizunak Argentinako dantzak ere erakusten ditu. Juanchi eta Clara jo eta su ari dira 'Chacarera' dantzatzen. Euren etxeko izan nintzen ni, hilabetez. Familiako bat gehiago, eta hori hor barruan geratzen den zerbait da, horregatik nago hain hunkituta eta aho zabalik Azpeitiko plazan.Bukatu dute aktuazioa eta orain parranda dago. Santio jaiak dira eta tabernak jendez lepo daude. Necochean ere santu guztiak ospatzen dituzte. San Inaziotan sekulako jaia antolatzen da Euskal Etxean. Gogoan daukat uztailaren 30ean egin genuen afaria. Ia mila lagun bildu ginen Euskal Etxeko areto nagusian.
Orain parrandan dabiltzan gazteei zerbitzari lanak egitea tokatu zitzaien. Lana bukatzean, guregana etorri eta gaupasa ederra egin genuen DJ baten musikaren arira. Giro ederra zegoen, helduenek (los grandes) azkar egin zuten alde, besteak beste, goizean ekarri ziguten gosari mundiala prestatzera.
['El alegre despertar', Necocheako jai tradizionalak oroitzapen ederrak utzi zituen 2005eko Hator Honako partehartzaileengan]
Zazpirak ingurua zen, eta San Inazio eguna. Majo gosaldu ondoren egun ahaztezina hasi genuen: el alegre despertar. Gosaldu ondoren, autoetan sartu, 10 pertsona autoko batez beste, eta herriko nagusienen etxeetara joan ginen.
Etxe bakoitzera iristean autoetatik jeitsi eta trikitixarekin sartzen ginen eta petardo handi bat ere botatzen genuen (el estruendo). Gure esnatze alaia ez zen hain alaia izango igande goiz hartan lo zegoen edonorentzat. Polizia ere etorri zitzaigun, baina zarata gutxixeago ateratzeko baino ez zigun esan. Etxeetan jana eta edana ateratzen ziguten, eta kantuan, dantzan eta berriketan ibili ginen goiz osoan etxez etxe.
Eguerdian, meza ostean Gernikako arbolaren erreplikan ekitaldia egin genuen eta alkatea ere etorri zen. Gogoan dut, azken tragoa Euskal Etxean hartu genuela. 14:30ak ziren. Baziren 20 ordu inguru parrandan genbiltzala. Lagunari botila bat ardo ateratzea proposatu nion eta hala erantzun zidan: igual etxera joatea hobe izango deu, ez? Eskerrak bitik batek burua bere lekuan zeukan!
[Haritz kimuan Euskal Etxeko kideek jarri zuten plaka oroigarria, Gernikako Arbola gogoratuz]
Azpeitiko Korralenean patxaranak atera ahala husten dira. Jendea mozkortzen ari da eta Hernanirako autobusa goizean aterako da. Guk lehenago egin dugu alde eta agurra ez da hain latza izan. Ikusiko ditugu oraindik. Gogorragoa egin zitzaigun Necotik alde egitea. Hilabeteko harreman hunkigarriak emozio sakonak sortu zituen gure artean. Euskal Etxean agurreko afaria eman ziguten eta autobus geltokira ere ia denak etorri ziren. Besarkadak, muxuak… Handik negarrari eusten aldegin genuen, bizitzako hilabeterik ederrena pasa izanaren sentsazioarekin eta berriro bueltatzeko asmo sendoarekin.
Dokumentuaren akzioak