Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aretoak 1- Kaleak 0

Dokumentuaren akzioak

Aretoak 1- Kaleak 0

Donostiako Antzerki Feriaren balantzea

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2003/07/15

Amaitu egin da Donostiako Antzerki Feria. Atzean geratu dira lau egun zoragarri, edozein antzerki zaleren ametsa betetzeko modukoak izan direnak. Gure neurona jipoituak indarberritzen hasi dira, goizez, arratsaldez eta gauez jasandako antzerki eta dantza betekadaren ostean. Heldu egin da balantze orokorra egiteko momentua.



Joandako egunak baloratzerakoan burura datorkidan lehen gauza da egundoko aldea izan dela areto eta kale antzerki emanaldien artean. Lehenek maila ona edo bikaina erakutsi dute gehienbat; bigarrenak, ordea, nahiko eskasak edo diskutigarriak izan dira.



Kalekoen artean Mirando al cielo eta Barto bere txikitasunean ondraduak izan dira, baina Unicornis-en Mar-i-terrania lotsa faltaren muturrean kokatzen da. Izan ere, muntaia erraldoi horrekin ikusi dugu noraino heldu ahal den planteamendu industriala, antzezpenaren artea zaborrera botaz negozioaren etekin azkarraren izenean.



Behin aretoen eremura sartuta, nabaria da aurten dantzak izandako presentzia, bai Feriak berak bai Eusko Jaurlaritzaren Dantzarako Plataformak bultzatuta. Ni benetan zaletua naiz formatu txikiko piezekin, baina benetako arte-ekarpena formatu handikoek egin dute aurten. Ballet Biarritzena pasa den astean jaso genuen eta Aukeran-ena lerro batzuk beherago topatuko duzue. Azkenik, Nuevo Ballet Español-ek Romeo eta Julieta-ren sintesi ederra egin zuen Kursaalen, flamenkoa eta estilo garaikidea bikain uztartuz.



Euskal ekoizpen ugari plazaratu dira, haietariko batzuk oso kalitate onekoak gainera: Las mujeres de verdad tienen curvas, Vida y muerte de Pier Paolo Passolini, Yuri Sam (euskarazko lan bakarra)... Herri gonbidatu gisa Katalunia izan dugu eta ohiko ekoizpen arrakastatsu eta hutsalez aparte (Exit, Poe...), bi lan zoragarri ekarri dituzte (Super Rawal eta Centvinticinc). Berri ona inondik inora, pentsatzen hasiak ginelako hango antzerkia komertzialtasunak janda zegoela.



Balorapenarekin amaitzeko, nire txalorik beroena beste toki batzuetatik etorritako Tangos y tragedias, Cyrano eta Sueños de psiquiátrico lanentzat.



Euskal fusioa dantzan



Izena duen guztia omen da du izenburutzat Aukeran taldearen azken lanak. Bere jatorrizko estiloari jarraiki, Edu Muruamendiarazek gure herriko mitologiatik edaten du euskal dantzan oinarrituriko ikuskizun garaikidea osatzeko. Euskal fusioa esan ahal geniokeen bide horretan Zuberoako pastoraletako ibiltzeko era, Iturengo joaldunen hots erritmikoa eta Lekeitioko Kaxarranka bezalako elementuak elkartzen dira folkloretik haratago joateko.



Esan beharrik ez dago talde guztiaren prestakuntza itzela dela, bereziki Muruamendiarazen eta Aiert Beobideren kasuetan, eta azpimarratzekoa da produkzioaren ikusgarritasuna: maila goreneko argi-diseinua, bost musikari zazpi-zortzi instrumentu zuzenean jotzen, jantzien diseinu ausarta (ausartegia ene ustez, hanka eta oinen mugimendua ikusten uzten ez duelako)... Bestetik, eskertzeko modukoa da kanpoko zuzendaritza eszenikoa hartu izana, horrek Sutargi-n falta ziren norabidea eta oreka ekarri dizkiolako muntaiari.



Kataluniako Semola taldeak Centvinticinc lanarekin harritu gintuen Gazteszenan, errealitate bihurtuz amesgaizto batean irudika ditzakegun paranoia guzti-guztiak. Dantzaren eta antzerkiaren artean dagoen erabateko performance honetan girotze ezin hobea, soinu-banda ahalmentsua eta antzezleen inplikazio harrigarria dira ezaugarri nagusiak.



El veneno del teatro, aldiz, guztiz kontrakoa izan zen. Aktore biek mikrofonoaren beharra omen zuten ahotsa proiektatzeko, eta balizko testu interesgarriari interes guztia kendu zioten beren lanaren makaltasunarekin. Gauzak horrela, ikusleok siesta kolektiboa bota genuen zenbait momentutan eta bakarrik esnatu ginen Antonia San Juanen bular miresgarrien erakustaldi zentzugabearekin.

Dokumentuaren akzioak