Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ardoa eta bere kultura omenduz

Dokumentuaren akzioak

Ardoa eta bere kultura omenduz

Principal antzokian antzeztu dute, arrakasta handiz, Lurra, Ardoa, Dantza izeneko ikuskizuna. Arabako Errioxan kokatutako istorioa kontatu dute bertan, ardoaren kultura eta mahatsondoak lantzen dituztenei gorazarre eginez.
Egilea
Juanma Gallego
Komunikabidea
Alea
Mota
Albistea
Data
2017/09/30
Lotura
Alea

Arabako Errioxarekin eta ardoaren kulturarekin zerikusia duten pertsona guztiei egindako omenaldi txikia. Horrela aurkeztu du Mulixka dantza taldeak Lurra, Ardoa, Dantza izeneko ikuskizuna. Larunbatean antzeztu dute, Gasteizko Principal antzokian. Eta omenaldiak funtzionatu duela dirudi, Mulixka taldeko Iñaki Palacios musikariak azaldu duenez. 

"Ikaragarria izan da. Ia 800 pertsona egon dira antzokian, eta, esan digutenez, asko hunkitu dira; batzuek negar ere egin dute. Aktoreak istorio bat kontatzen du eta publikoak bat egin du istorio horrekin".  

Palacios musikaz arduratu da, eta Josu Sanchezek koreografia prestatu du. Dantzariekin eta musikariekin batera, Arabako Errioxan kokatutako istorioari bizia eman diote. Taularen gainean 14 dantzari eta 6 musikari izan dira, denera, hamaika pieza antzezten. Horien bitartez ardoaren inguruan izaten den prozesuaren berri eman dute.

Kolore aldaketa

Lehenik eta behin, lo dagoen mahatsondoa esnatu da. Iluntasuna izan da nagusi hasieran, ardoaren mundua oraindik orain jaiotzear dagoelako. Berdea eta argia agertu dira gero: Arabako Errioxak hain berezkoa duen paisaia marraztu da.  Tentu handiz burututako mahastiaren zaintza etorri da ondoren, eta mahats bilketa. 

Muztiaketan, oinak mahatsetan jartzeko unea, gero; fruitu preziatuari hoberena ateratzeko unea, alegia. Upeletan gorde dute, ondoren. Kimikaren magiaren bitartez bilakatuko da ardoa. Lehen dastaketa, hurrena. Eta jaia. Grezia zaharretik datozen jaia eta alaitasuna.  

Duela lau urte inguru aurkeztu zuten Mulixka taldekoek "ardoaren dantza" izendatu zutena, Eltziegon. Euskal dantzetan oinarritutako koreografia bat osatzea izan zen haien asmoa. Orain Principalek  erakusleiho  ederra eman die. Berriro antzezteko asmoa agertu dute, baina eszenografia eta bitartekoak beharrezkoak dira halako ikuskizun bat egiteko, Palaciosek ohartarazi duenez. Datorren urtean ekingo diote horri. Seguruenena, Arabako Errioxan, tokia eta data oraindik zehazteko badago ere. Igande honetan Añana Gesaltzan egongo dira, dantza plazan, eta hilabetean behin, ostegunetan, Gasteizko Zabalgana auzoan Zabaldantza egiten jarraituko dute. Dantzan eta alaitsu.

Ardoa eta bere kultura omenduz

Guztira 14 dantzarik eta 6 musikarik parte hartzen dute ikuskizunean. | Irudia: Mulixka D.T.

Dokumentuaren akzioak