Dokumentuaren akzioak
"Ardi beltza" seduktorea, dantzari fina...
Iztuetari buruzko dantza-ikuskizuna ekarriko dute igandean Donostiara: "Zuria gure erara"
Juan Ignazio Iztuetarengan (1767-1845) oinarritutako dantza-ikuskizuna eskainiko dute igande honetan Donostiako Antzoki Zaharrean, iluntzeko 19:30etan hasita "Zuria gure erara". Dantza ikuskizuna da bai, Egape urnietar taldekoek egingo duten dantza. Koreografiaz Edu Muruamendiaraz beteranoa arduratu da, baina dantzatik harago doan ikuskizuna ere bada. Nolabait esateko, hitza ere badago ikuskizunean, izan ere Iztuetak esandako batzuk ere plazaratu nahi izan dituzte, eta fisikoki ere agertuko da hura, aktore lan hori Jon Unanuek egingo duelarik, Larramendi Bazkuneko aurpegi ezaguna bera. Eta Anabas taldeak sortutako doinuak ere aipatu beharrekoak dira, noski.
Baina ikuskizunaren ideologoa beste bat da: Luis Mari Zaldua filologoa. Gizon honi elkarrizketa egin dio duela aste batzuk "Aiurri" aldizkariak eta izenburu hau aukeratu du hedabideak: "Duen tokia baino hobea dagokio euskal kulturaren historian". Esan liteke adituek haren dantza-bildumari erreparatu izan diotela batik bat, baina gizon hura askoz gehiago izan zen. "Gipuzkoako probintziaren kondaira" liburuan ikus daitekeenez. Zalduak, adibidez, uste du badaudela Iztuetaren bi ekarpen behar bezala nabarmendu ez direnak: bateko, nola lotu zuen dantza bertsolaritzarekin; eta besteko, nola lotu zituen eskubide historikoak euskararekin.
Alegia, Iztuetak ideia hura utzi zuen idatzita: bertsolaritzako doinuak eta metrika ezagutu gabe, euskal dantzak ikastea zaila dela, baina ez alderantziz. Beraz, bertsolaritzaren metrika barneratzen duenak errazago ikasiko ditu euskal dantzetako pausoak. Eta hau zergatik? Lehengo dantza doinu haiek letra zutelako. Adibidez, Iztuetak hau idatzi zuen: "Dantzarekiko lanbide hau ez da erraza adierazten soinu zaharrak beren bertsoekin ez dakizkitenei".
Bestalde Iztueta bizi izan zen garaian (1767-1845), foruen arazoa orduko eztabaida politikoaren erdi-erdian zegoen, eta bai karlistek bai liberalek azpimarratzen zuten eskubide historikoen garrantzia. "Gipuzkoako probintziaren kondaira" idatzi zuenean, lehen karlistada bukatu berria zen, eta hara non liburu hartan agertzen den gazte Iztueta orduan berria izen ideia batekin: foruen iraupenaren gakoa ez dago Jaungoikoarengan (fedean), ezta erregearengan (legitimismoa) ere, baizik eta hizkuntzan. Alegia, eskubide historikoen oinarrian euskara dago, eta euskarak iraun duelako iraun dute haiek ere.
Baina Iztuetaren inguruan arazo bat dago: erabili zuen prosa. Gizon hura barroko hutsa zen, bai ideiak espresatzerakoan, bai hizkuntz baliabideak aukeratzerakoan. Gutxitan idatzi zituen esaldi "normalak", eta gainera Larramendiren hiztegiko lexiko berriaren zale ere bazenez... Erabat urrundu zen jaioterriko -Zaldibiako- hizkeratik, halako euskara batu bat egiten saiatu zen, hango eta hemengo foemak txertatuz, eta azkenean emaitza zera izan zen: prosa landu eta, aldi berean, bihurri bat.
Pertsonaia erakargarria da Iztueta. Bizitza luze bezain betea izan zuen, ez baitzen geldi egoteko horietakoa: dantzari fina, hiru aldiz ezkondu zen, espetxean egon zen, hainbat lan idatzi euskeraz... Orduko idazle laiko bakanetako bat izan zen. "Ardi beltza" izan zen bere garaian: kartzelan behin baino gehiagotan egondakoa -arrazoiak ez daude garbi-, frantsesen ideia berritzaileen aldekoa, Zumalakarregiren mireslea baina liberala, apaiz izan gabe idazle... 1824an egindako dantza-bildumarekin gertatutakoa paradoxa da: eskuliburu zurruntzat erabili da urte luzez, "egileak, beste ororen gainetik, gauzak bere erara egitea, asko izatea, maite zuenean, kosta hala kosta", adierazi du Luis Mari Zalduak.
Kointzidentzia batzuk
Bestalde, Juan Antonio Urbeltzek -Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko duen gizonak- bizi guztia eman du Iztuetarekin interesaturik, normala den bezala, folklorezalea baita, eta euskal dantzak berreskuratzen eta biziberritzen makina bat ahalegin egindakoa.
Liburua idazten ari da, izenburu hau izango duena: "Iztueta y yo". "Iztueta eta bion artean kointzidentzia batzuk daude, zer pentsatua eman didatenak: Nik Iztueta ez nuen ezagutzen, baina berak ni bai. Lehenengo emaztea Urnietakoa izan zuen, Mª Joaquina de Linzoain, eta nire aitaren arbasoak Linzoainekoak ziren, nafarrak, Eratiko ibarrekoak, Mª Joaquina horren arbasoren batzuk ere handik etorriko ziren Urnietara bizitzera". Baina bada beste kointzidentzia bat: Mª Joaquinaren aiton amona batzuk Azpizozkoak ziren, eta nire emazte Marian Arregiren arbaso batzuk ere Azpizozkoak ziren. Aspaldi-aspaldi han ibili ginen, Marian eta biok ingurutxoak biltzen".
Iztuetari, jakina denez, "Zuria" ipini zioten goitizena. Esanahi ugariko hitza da hori. "Traidore" esateko ere balio lezake, baina Urbeltzek bestela uste du: "Zuria, gizon honen kasuan, seduktore esan nahi du, limurtzaile. Kontuan izan ezazu neskak erakartzen aparta zela. Hirurogei urte zituela ezkondu zen hirugarren aldiz, eta orduan ere askoz gazteago zen neska batekin, Maria Asunción de Urruzolak hogei urte baino ez zituen".
Bestalde, gogora dezagun Iztueta Fundazioa sortu zela Zaldibian orain sei urte, eta haren webgunean material interesgarriak daudela. Jaiotetxea zutik dago, baina ez dago Iztuetaren inguruko "gune fisikorik". Haren erretraturik ere ez dago. Tamala da.
Dokumentuaren akzioak