Dokumentuaren akzioak
Arbolak
Azken Tangoa
'The Tree of Life' filmean, haurtzaroko kulunkak eta
zabuak ipintzeko lekua zen arbola, familia giro zorion-tsuaren abaroa
eta desagerpen mingarrien ondorengo kimu berrien esperantza; zuhaitz
genealogikoa («gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak»).
'Bonsai' film txiki bezain freskoak bestelako zuhaitz bat du ardatz:
protagonistak adarretan ipinitako alanbreen bidez nahieran zizelkatu
nahi duen bonsai txikia («adarrei balizko elurraren pisua emanez»).
Bonsaia hemen norbere apeten arabera makurrarazi nahi den natura puska
bat da, pertsonaia nagusiak bere premien neurrira moldatu nahi lukeen
maitalearen irudikapena. 'Los pasos dobles' filmean, aldiz, baobab
sendoa bizilekutzat hartu eta bertara igota -Buñuelen 'Simón del
desierto' hartan legez- xaman bilakatzen da gazte bat. Hortxe da 'Bi
anai' ere, apaizaren sagasti eta guzti.
Zinemaldiko arbolarik hunkigarriena, ordea, 'Pina'
filmeko giza-arbola izan da. Wim Wendersek Pina Bausch koreografo eta
dan-tzariari buruz egindako maisulan honetan, dantzari bat agertzen
zaigu, zuhaitz gazte bat daramala, lurrez bildutako sustrai eta guzti,
bizkar-zorroa bailitzan arbola bizi hura. Geroxeago, dantzaria bera
bilakatuko da zuhaitz, beste dantzari batek burutik behera lurra
palakadaka botatzen diolarik, giza-arbola «lurperatu» edo «landatzea»
helburu balu legez. Film honek ihes egin badizue, ez galdu aretoetan
estreinatzen denean. Eta batez ere, ez Pina Bauschen aholkua ahaztu:
«Dantza, egin dantza; zuenak egin du, bestela».
Dokumentuaren akzioak