Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Araztasuna nagusi

Dokumentuaren akzioak

Araztasuna nagusi

'Hiru zitroin lur hotzean' eta 'Un coup de don'

Konpainiak: Mizel Theret eta Ariadone. Lekuak: Miarritzeko Les Decouvertes eta Kasinoko aretoak. Eguna: Irailak 14.
Egilea
Gontzal Agote
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/09/17
Lotura
Berria

Miarritzeko Maitaldiaren azken larunbatean ikusi genuen jaialdi osoko lan berezienetariko bi, eta, beste ezeren gainetik, dantzaren araztasuna nagusitu da bietan.

Hiru zitroin lur hotzean herri kanta batetik harturiko hitzak dira, eta Mizel Theret koreografoak zitroinek adierazten duten garbitasuna irudikatu du izen bereko piezan, Eneka Bordatxo, Gael Domenger eta Johanna Etxeberrirekin batera. Lur gainean hiru zitroin zeuden, eta lau dantzariak oinutsik agertu dira, edertasun naturala sinpleki nabarmentzen zuten praka eta elastikoekin, eta begirunezko isiltasunean bilduta.

Hasieratik bertatik nabarmendu dira haien jarrera lasaia eta presentzia trinkoa, eta lauren keinu kalitatea harrigarria egin zaigu, pausatua izateaz gain, garbia, ia metafisikoa, iruditu zaigulako, Beñat Axiariren ahots esanguratsuak lirismo handiko kantak abesten zituela, Sofia Gubaidulina, Pascal Gaigne, Evan Parker eta Pello Ramirezen doinu eta instrumentazioek lagunduta. Abestietariko batzuk herri kantak izan dira —Goizean goizik, Argizagi ederra, Maitia nun zira...— eta besteetan Joxean Artze, Auxtin Zamora eta Jon Miranderen olerkiak musikatu dira, besteak beste, eta azken atalean San Joan Gurutzekoa espainiar mistiko errenazentistaren poema bat ere abestu du Axiarik.

Melodia guztietako hitzetan naturako elementuen soiltasun erabatekoa eta berebiziko indarra nabarmentzen zen —herioa, maitasuna, denboraren iragatea, uraren zurrumurrua, ilargia, ekiaren hiltzea eta berriro sortzea...—, eta dantzariak horren araberako barne ariketa bati ekinez ibili dira, garbikuntza erritual batean egongo balira bezala, abestien muturreko lirismoan murgilduta eta trantze gisako batean sartuta, orain zutik orain lurrean, ametsetan bezala, gehienetan bakarrik eta batzuetan bikoteka, baina ia inoiz elkar ukitu gabe, noizbehinkako besarkada kolektiboetan salbu. Lauren magnetismo indartsuak eta proposamenaren sakoneko zintzotasunak ikusleak harrapatu ditu eta, amaitutakoan, agerikoa zen gu guztiongan izandako eragina.

Dantza jardunaldia, bestalde, sakoneko bideetatik zebilen, eta arratseko bigarren emanaldian Ariadone konpainiak Un coup de don aurkeztu du, butoh lengoaiaren erakusgarri. Butoh dantza Japonian sortu zen, II. Mundu Gerraren amaieran bonba atomikoa jaurti ostean, gizakiengan sortutako izuaren eraginez. Espirituaren paralisiarekin eta sentimenduak adierazteko ezintasunarekin batera, mugimenduaren geldotasun ia erabatekoa ekarri zuen Ekialde Urruneko eskolak, baina behin edo behin haren mistifikazio merkeak jasan behar izan ditugu.

Kasu honetan, aldiz, jatorrizko iturritik edan dugu, Ko Murobushi eta Carlotta Ikeda japoniarrek sinatu dutelako koreografia eta zuzendaritza artistikoa, hurrenez hurren. Murobushik Europara ekarri zuen bere garaian butoh-a, eta Ikeda orduko pieza batean dantzatzen zen. Larunbatean ere dantzatu zen, beste sei dantzarirekin batera, eta argi zurien zehaztasun itzelak, zuriz jantzitako gorputzen dardarek eta uraren hots ahalmentsuak Fukushimako hondamenak sortutako izua biziberritu zuten, Hiroshima eta Nagasakiko suntsiketak denon gogoan zeudela.

Mizel Thereten emanaldiak ikusleak harrapatu zituen. / LUIS JAUREGIALTZO / ARP

Dokumentuaren akzioak