Dokumentuaren akzioak
Aratusteetan murgilduko dira gaur Busturialdean
Euskal Herriko aratusterik ezagunenen artean daude Mundakakoak, eta aurten, gainera, goi-goitik ospatuko dituzte inolako murrizketarik barik. Domeka izaten dute egun handia goizeko Atorren eta arratsaldeko Lamien kalejirekin. Jakitera eman dutenez, herritarren gozamenerako, Goiko Kalea itxita egongo da Medikuaren kontsultategitik Intxaurrondo plazatxoraino, 11:00etatik, 20:00etara, eta Bizkaibusaren geralekuak saihesbidean izango dira. Mundakako alkate Irati Gondrak garraio publikoa erabiltzeko eskaera egin die bisitariei. Bihar, hala eta guztiz ere, umeen danborrada bueltatuko da bi urteko geldialdiaren ostean. Mundakarrek martitzenera arte luzatuko dituzte aratusteak.
Bermeon, martitzena izaten da egun handia, herria mozorroz janzten dute, baita ere tabernak. Gero eta indar handiagoa hartzen ari dira zapatuak. Bihar, esaterako, marroz jantziko da herria. Alkartasuna Dantza Taldearen ohiko lantzeko inauteriekin bat egin dute aurten Txosna Batzordekoek, baita ere, KIETB erraldoi txikien konpartsakoek. Hurrengo zapatuan, berriz, Kafe Antzokian jarraituko dituzte aratusteak Vade Retro jaialdiagaz. Egunotan, hala ere, ez dira faltako tostada txapelketak, dantzaldiak, kalejirak, tailerrak…
Gernikarrak gaur hasiko dira aratusteak ospatzen, eta euskal mitologia jarri dute mozorrotzeko gaitzat. Lilibertsokoek, gainera, lehenengoz antolatu dute bertso poteoa gaurko. Bihar eta etzi, berriz, marroen txanda izango da. Busturian eta Foruan ere, marroen kalejirak egongo dira herrietako dantza taldeek antolatuta.
Muxikarrak ere gaur murgilduko dira aratusteetan. Urretxindorra guraso elkarteak antolatuta, frontoian batuko dira jai giroan, eta udalak antolatuta, berriz, domekan batuko dira Elizalden.
Busturialdeko gainontzeko herrietan ere ez dira atzean geratuko, eta jarduera ugari dauzkate prestatuta aratusteak ospatzeko. Kalejirak, jolasak, dantzaldiak, txokolatadak eta mozorro lehiaketak egongo dira nonahi.
Ibarrangeluk eta Morgak, bestalde, hurrengo astebururako utzi dituzte ospakizunak, bi herrietan otsailaren 25erako antolatu dituzte mota askotako jarduerak.
Dokumentuaren akzioak