Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arantxa Lannes: “Elikatzeko behar da harremana, kanpora joan”

Dokumentuaren akzioak

Arantxa Lannes: “Elikatzeko behar da harremana, kanpora joan”

Dantzari profesionala da Lannes, baita dantza irakaslea ere, eta arte plastikoetan ere ari da. Pandemian sorkuntzarako denbora hartzen ahal badu ere, «elikatu ezinak» eta publiko aitzina eraman ezinak akitzen du.
Egilea
Joanes Etxeberria
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2021/03/19
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza

Dantzari gisa ezaguna da Arantxa Lannes (Uztaritze, 1987), baina arte plastikoetan ere ari da, eta laster bi ofizioak erakusteko esperantza du Marina Beheretxeren Aztarnak diskoarekin: azala eta liburuxka eginen ditu, baita zuzenekoan performance artistikoa ere, posible bada.

Nola bizi dituzu koronabirusaren garai hauek?

Lehen konfinamenduan, lanpetua nintzen; beraz, egia erran, lagundu nau. Hori lehen bi asteetan, eta gero aski fite itogarria zen, baina baliatu nuen lanak aitzinatzeko, proiektu berri batzuk bidean ezartzeko. Gero, Donibane Garaziko Iparralai dantza eskola ez genuen berriz hasi, pedagogikoki ez baitzuen zentzurik bi hilabeterentzat aritzea. Ikuskizunen aldetik, data arras guti: uste dut bakarra ukan nuela irailean, Ibilaldi artistikoa deitu nuen proiektuarekin. Garai latza. Bigarren konfinamendua zinez kolpe handia izan zen; irailean dantza kurtsoak berriz hasi, eta bi hilabetera berriz dena kokatu zen. Orain, leporaino asea naiz; beti proiektuetan segitzen dut, gauzak prestatzen, harremanak sortzen, diru laguntzak ukaiteko ere… Heldu den urtearentzat aski kezkatua naiz.

Sorkuntzarako denbora bai, baina sorkuntzak ezin plazaratu.

Prestakuntza gauza bat da; denbora ematen du, eta, egia erran, preziatzen dut erritmo hau, emekiago joatea eta. Baina egiazki momentu batez elikatu ere behar gara, eta elikatzeko behar da harremana, kanpora joan, airea hartu. Zozoa da, baina terraza batean kafea hartzea elikatzeko manera bat da. Zure mundua behatzen duzu; kanpoak zaitu inspiratzen eta aberasten.

Badituzu publiko aitzinera eramateko prest diren proiektuak?

Joan den irailean eman nuen Ibilaldi artistikoa prest da. Marina Beheretxeren Aztarnak diskoaren azala eta liburuxka eginen ditut, eta kontzertuak eman nahi lituzke arte performance batekin; hori kasik prest da.

Dantza fisikoa denez, trebatzeko trabak badituzu?

Arrunt! Hori puntu inportantea da. Ez naiz biziki kirolzalea, baina behartzen nuen ene burua erregularki kirola egitera, gimnasia geletan-edo, baina dena itxia da. Internetez egiten ahal da, baina usu badira konexio arazoak, eta ez da goxo bakarrik entrenatzea zure saloian. Lortu dut berriki muga pasatzea dantza klaseak hartzeko, baina hemen biziki mugatua da. Gauza guti bada, gehienetan bideoz egin behar da. Aste batez Bordelera noa dantza klaseak hartzeko, sasoian egoteko, baina biziki irregularra da.

Zer espero duzu orain?

Ikusten dut kasu eman behar dugula: iduri zait fite abandonatzen dugula zerbait antolatzeko ideia, konplikatua bilakatzen baita, ez baitakigu zer egiteko dretxoa baden edo ez. Behar dugu ahal bezainbat sarearen artetik pasatu, zerbait biziarazteko beti; bestenaz, iduri zait fite anestesiatzen garela.

Dokumentuaren akzioak