Jendetsua izan da zinez aurtengo Jaundone Saturdi eguna, azaro hondarreko eguzkiak goxaturik, Udaletxe plaza ardatz harturik. Dena lepo eguerdian. Jende artean trostan erraldoiak eta kilikiak, buruhandiak eta zaldiko-maldikoak, Dugunako adin guztietako soka-dantzariak eta txistulariak. Dantzan ere harat-honat Muthiko Alaiak taldeko neska-mutil eta gizon-emakume alaiak. Dena mukuru ilunabarrean, Eguberrietako argiak eta apaingarri argitsuak lehendabizikoz nola pizten ziren ikusteko, gure garaien ezaugarri. Horrenbertzez, herenegun abiarazitako zubiaren barnean gaude, zenbaitek gaur zortzira arte luzatuko dutena. Eta etzi, berriz, San Frantzisko Xabierkoaren eta Nazioarteko Euskararen Eguna, Peio Monteano ikertzaileak plazaratu berri duen liburuan errandakoak gogoan, hots, garai batean, hamarretik zortzik bazekitela euskaraz Nafarroan. Oraingoan ere, ikerlan sakon, zehatz eta jakingarria ondu du atarrabiarrak, berriz ere Arga bazterreko harresi gainean zut dagoen Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko eskuizkribuak oinarri harturik. Ez da pareko artxiborik Euskal Herri guztian euskarari loturiko agiriendako. Bada, artxibo horretatik ere atera da euskarazko lehen liburua idatzi zuen gizonari dagokion agiri bat, Koldo Azkona iruindar musikari iaioak aurkitua. Eta hain zuzen ere, bihar, Etxepareren liburuko poesiak emanen ditu Azkona buru duen Danserie ensemble taldeak Nafarroako Parlamentuan, garaiko musikaz kantatuak. Agiriaren arabera, Etxepare aita izan zen, apaiztu eta urtebetera. Garai zurrunbilotsuan bizi izan zen zinez Eiheralarreko erretorea eta bizitza ere arrunt gorabeheratsua izan zuen. Ea nork eramaten duen zinemara. Bitartean, hara, artxibo berean agertutako bertze agiri batzuek erranik badakigu nola erraten zitzaien Iruñean berean apaizen seme-alabei euskaraz: axari edo axarikume.
Dokumentuaren akzioak
Apaizaren semea
Dokumentuaren akzioak