Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Antzinako ezkontza

Dokumentuaren akzioak

Antzinako ezkontza

Komunikabidea
Anboto
Mota
Albistea
Data
2005/06/23

Esan ohi da antzina ezteguak goizeko zazpiretan ospatzen zirela. Herriko aitonaren bati entzuna diot, elizatik irten eta plazara joaten zirela denak, emaztearen ondasunak gurdian pilatuta eta idi parea aurrean zela. Liburu zaharren batean badator, nola, “bai, nahi dut” esan berriak plazaren erdian zeudela, notarioak ezkontza-kontratua irakurtzen zuen, bakoitzaren ondasunen berri emanez. Antzinako kontuak dira, gure aiton-amonen garaikoak. Kriskitin Dantza Taldeak tradizio berezi hori bost urterik behin gogoratzeko konpromezua hartu zuen 1995ean. Halaxe iritsi zen 2000.urtea eta domeka honetan ospatuko da hirugarren aldia: “Ohitura berreskuratzea baino gogoratzea da helburua, batez ere, gazteei begira”, dio Pili Alberdi antolatzaileetako batek.



Prest dago dena; arropak, gonbidatuak, gurdiak… eta, noski, ezkongaiak. Beatriz Arriaga eta Azibar Villa dira, Katalinen eta Txominen paperean sartuta, “ezkonduko” direnak. Goizean, denek batera Durangotik zehar kalejira egingo dute. Kanpatorrostetan irten, Kurutziaga, Montebideo eta Ernodo kaleetatik pasa, eta Madalenan lehen geraldia egingo dute dantza batzuk erakusteko. Ondoren, Andra Mariko elizpean beste hainbeste egingo dute. 13:00 inguruan Santa Anan bilduko dira ezkontza-kontratua irakurtzeko: “Ezkontza bera baino, horren ostean egiten zutena gogoratuko dugu. Antzina, 1910.urte inguruan, goizean goiz ospatzen zen elizkizuna, 07:00ak inguruan. Ondoren, emaztearen etxera joaten ziren senarrarekin banatu beharreko ondasunak biltzera. Dena gurdian batu ostean Santa Anara igotzen ziren”, azaldu du Alberdik.

Pertsonaiak eta arropak



Ezkontza ahalik eta errealena izan dadin, pertsonaiak garaiko arropekin jantzita joango dira. Orduko materiala batzen ere ahalegindu dira: “Lan zailak dira horiek, benetako ezkontza nolakoa zen jakiteko ez dagoelako erreferentzia askorik, pare bat argazki zahar bakarrik. Gainera, zoritxarrez etxean pilatutako traste zaharrak bota egiten ditu jendeak, bat ere balio ez dutelakoan. Arropak eta materiala lortzeko garaian asko lagundu digute inguruko dendek eta norbanako batzuek”. Pertsonaietan ohiko gonbidatuez gainera (gurasoak, izeko-osabak, ameriketako familiartekoak…) Iparraldeko osabak ere izango dira. Santa Anako ekitaldiaren ostean Tabirako landetan bazkalduko dute.



Arratsaldean zehar erromeria ere izango da. Eta iluntzean, “etxera formal-formal!lehen egin ohi zen moduan”, gogoratzen du Alberdik irribarrez. Bueltan ez dira alkandorak solteak eta paineluak buruan faltako, azken batean, “tradizio bat gogoratzeaz batera jai-giroa sortu eta ondo pasatzea” baita asmoa.



Ekimenak Lekeitioko dantza erakustaldi batean du sorburua, orain hamar urte: “Lekeition urtero egin ohi dute antzinako erako ezkontza eta guk ere antzerako zeozer prestatu genezakeela pentsatu genuen”. Esan eta egin. Hori bai, urtero baino bost urterik behin egitea erabaki zuten antolakuntzak lan eta dedikazio handia eskatzen duelako.

Dokumentuaren akzioak