Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Antzina bezala dantzan

Dokumentuaren akzioak

Antzina bezala dantzan

Azken urteotako aldeketetan atzera egin eta euskal dantzak berriz denon eskura jarri nahi ditu Aiko elkarteak, dantza egin nahi duen herritar oro plazara atera dadin.

Egilea
Maite Asensio
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Erreportajea
Data
2006/12/27

Batzuetan iraganeko ohituren falta sumatzen da. Askok gogoan dute herriko plazetan gazteak, helduak eta zaharrak musika entzun orduko dantzara ateratzen zireneko garai hura. Egungo dantzari profesionalen perfekzio eta zehaztasunik ez zuten; bai, ordea, ondo pasatzeko gogoa, eta euren gorputzak musikaren erritmora askatasunez astintzekoa. Aldaketa asko izan dira data zehatzik ez duen garai hartatik, baina zaharra berri ere bada eta elkarteko kideek giro hartara itzultzea proposatzen dute: atzera joanez, dantza egiteko antzinako estiloa berreskuratzea, gorputzak agintzen digun modu naturalean. Eta, batez ere, dantza berriz jende artera ekarri, denontzako eskuragarri jarri.

Musikari eta euskal dantzei bizitza eskaini dieten profesionalek osatzen dute Aiko: Aitor Furundarena akordeoi jotzaile eta konpositoreak, Patxi Laborda dantzari eta danbolinteroak, Sabin Bikandi musikari eta Londresko unibertsitatean Etnomusikologian doktoreak, Alvaro Garcia gitarrista, konpositore eta Bilboko Musika Eskolako zuzendariak eta Larraitz Artetxe dantzariak. Baina teknikoki musika eta dantzaren esparruetan adituak izateaz gain, arlo horietako irakasleak ere badira. Eta hori da, hain zuzen, talde honen barruan biltzeko arrazoia: dantza egiten irakatsi nahi dute. Ez dute inor ikuskizun edo txapelketa baterako prestatu nahi, ez dute profesionalik sortu nahi. Dantza eginez ondo pasatu nahi duen jendeari irakatsi nahi diote, plazan dantza egin dezaten, erraz eta lasai.

Aiko taldekoak dantzarekin eta batez ere dantza tradizionalarekin maiteminduta daude. Eta maitasun hori adierazi egin nahi dute, hedatu. Hori dela eta, abian jarri dute Maisuak izeneko proiektua: ikuskizuna baino gehiago, anti-ikuskizuna izatea nahi duten musika eta dantza emanaldia. Plazan, bi dantzari, hiru musikari eta dantza egiteko gonbita. Musika jotzen hasten direnean, dantzariek oinarrizko argibideak emango dituzte, dantza egin nahi dutenek gorputzari lehen bultzada eman diezaioten. Eta pausoz pauso, fandangoa edota jauziak modu errazean dantzatzen ikasiko dute; hortik aurrera, ondo pasatzea da kontua.

Taldea euren abestiez baliatzen da dantzan irakasteko. Datozen asteotan dantzarako sortu dituzten abestiak disko batean bilduko dituzte, eta, hala, Maisuak proiektua biribilduko dute.

Helduentzako ekimena da, taldearen ustez, kontraesan handia delako dantza suspertzearren haurrei irakastea, eta horren ondorioz, dantza umeen kontu bihurtu delako. Izan ere, egungo dantza taldeetan 15-25 urte bitarteko gazteak dira ikuskizunetan eta txapelketetan parte hartzen dutenak. Helduago bihurtzen direnean, aldiz, taldea utzi egiten dute askok, eskolan bakarrik ikusi duenarentzat edo gurasoak sekula dantzatzen ikusi ez dituenarentzat, dantza umeen kontu bihurtzen delako.

DANTZAN, ALDAKETA ANITZ. Azken urteetan euskal dantzak aldatu egin dira, baina Aiko taldekoak kezkatzen dituzten aldaketak oso aspaldikoak dira. XX. mendeko lehenengo bi hamarkadetan eta Espainiako bi diktaduren arteko garaian, kultura ekintzak baimendu ziren, eta gaur egungo egoerara ekarri gaituzten hainbat elkarte sortu ziren, Euskaltzaindia esaterako. Garai hartan eratu ziren lehendabiziko dantza talde folklorikoak ere bai. Horiekin batera, dantza bere inguru naturaletik atera eta oholtza gainera eramateko prozesua hasi zen.

Ordura arte, plazetan biltzen ziren askoren helburua mutiletan edota neskatan egitea zen. Dantzari dantza edota ezpata dantza bezalako dantza erritualak kenduta, dantzaren funtzioa harremanak egitea zen. Dantza taldeetan, ordea, beste xede batzuk bereganatu zituen: euskal kultura eta nortasuna bermatzea eta mantentzea, betiere abertzaletasunari lotuta. Transmisio bidea ere aldatu egin zen: imitazioz edota kulturaz barneratzen zena irakasleen bidez ikasten hasi zen. Akademizazio prozesu horretan, balleta hartu zuten eredu, eta dantza klasikotik hainbat teknika bereganatu zituzten: dantza aereoagoa bihurtu zen, salto gehiago erantsi ziren, eta fisikoki nekagarriagoa bihurtu zen dantza egitea. Estiloa gero eta bikainagoa eta zehatzagoa zenez, horren inguruko erakusketak eta txapelketak sortu ziren, eta horrela agertu zen dantzari profesionalaren figura.

Eredu bihurtu ziren oholtza gainean liluratzeko moduko mugimenduak egiten zituzten dantzari haiek, eta dantzaren esparrua profesionaletara mugatuz joan zen pixkanaka. Dantzarekin gertatu zena azaltzeko, euskararen adibidea erabiltzen dute Aiko taldekoek. Euskara batua sortu zenean, euskalkiak zerabiltenek eurena euskara zikina zela uste zuten, ez zekitela benetan euskaraz hitz egiten. Plazetan ere bazeuden dantzariak, eta asko, baina tradizioz dantza egiten zuten gehienek dantza egiteari utzi zioten, dantza egiteko modu berriaren aurrean eredugarri ez zirelakoan.

Baina dantzaren inguruko faktoreek ere eragin handia izan zuten eraldaketa hartan. Garai hartako katolizismoaren ondorioz, erotikotzat hartuta zeuden dantzak galdu egin ziren; jota, esate baterako, bikote dantza bat zen, baina orain biribilkian egiten da. Politikak ere izan zuen zeresanik. Mende hasieran Euskal Herriko plazetan denetarik dantzatzen zuten arren, 70eko hamarkadatik aurrera, alde batera utzi zituzten pasodoblea bezalako dantzak, espainiartzat edo frantziartzat hartuta. Jota baino dantza espainiarragorik ez dagoela diote Aikoko lagunek, eta euren helburuen artean galdutako dantza haiek berreskuratzea ere badago.

Dantza taldeek euskal dantzak bizirik mantendu dituzte, baina, nola edo hala, gutxi batzuek burutu dezaketen ariketa bihurtu dituzte. Aiko taldekoen proposamena prozesu horretan atzera egitea da; dantza oholtza gainera igaro aurreko egoerara itzultzea hain zuzen. Eta berriz ere dantza plazara, herrira atera.

 

«Dantza desdramatizatu egin behar da, eta haren alde ludikoa jorratu»

Patxi Laborda eta Sabin Bikandi Aiko taldeko kideak

Helburua ondo pasatzea dela aldarrikatuz, Aiko taldeko kideek euskal dantzen estilo aniztasuna azpimarratu dute.

Garai bateko dantzatzeko estiloa berreskuratu eta profesionalak ikusteak sortzen duen beldurra gainditu. Hori da Aikoren erronka, eta horrela azaldu dute Patxi Laborda dantzariak eta Sabin Bikandi musikariak.

Dantza taldeek dantza monopolizatu dutela diozue. Zer dela eta?

Patxi Laborda: Dantza taldeak bihurtu direlako dantzaren erreferentzia, euren estiloa izan da garatu eta hedatu dena. Baina estilo hori akademizatua da, ikuskizunetarako moldatua.

SABIN BIKANDI: Ez dugu ezer euren aurka, gu geu dantza taldeetan ibilitakoak gara. Eurek museo bihurtu dute dantza, tradizioa gordetzeko, eta ikuskizunak egin dituzte. Dantza taldeek badute leku hori, baina gure funtzioa desberdina da: jendeari irakatsi, normal dantzatzera animatu, dantza egiteko aukerak ugaritu. Antzinako sistema berreskuratu nahi dugu.

Edozeinek dantza al dezake?

P.L.: Bai, eta hori da hedatu nahi dugun mezua. Bakoitzak bere mugak edukiko ditu, baina edonork dantza dezake ahal duen moduan, eta hori berreskuratu nahi dugu: musikaren aurrean dugun psikomotrizidade naturala. Ikasleei beti esaten diet: gorputzak badaki dantzan, eta dakiena egiten uzten badiogu, aterako da.

Orduan zerk geldiarazten gaitu?

P.L.: Ereduek. Askotan pauso errazak konplikatzen ditugu, hori delako eredua, profesionalek egiten dutena. Ereduen ondorioz barneratu dugu dantza egitea zaila dela, baina ez da hala. Lasai hartu behar da, gorputzari utzi. Irizpide profesionaletan oinarritzen gara profesional batek nola dantzatzen duen baloratzeko, baina profesionala ez denarentzat, balio bakarra ongi pasatzea da. Ikasleek galdetzen didate, jotaren musika hasten denean, noiz hasi behar duten dantzatzen, eta nik esaten diet nahi dutenean hasteko. Zergatik hasi behar dugu batera? Eta zergatik egin behar dugu guztiok pauso berdina?

Zer esango zeniokete Arratiako jota bezalako dantza korapilatsu bat ikasi nahi duenari?

S.B.: Hasteko, Arratiako jota ez da existitzen. Hori ikertu genuen, eta iturrien eta informatzaileen kateak Bilbora eraman gintuen, garai bateko artista jotalariak Kasilla plazara etortzen baitziren, baita ikasi nahi zutenak ere. Beti izan dugu euskal dantzen irudi bukolikoa, landa giroarekin lotuta, baina fenomeno hiritarra izan zen. Dantza taldeak, ordea, herrietakoak ziren, eta bertara eraman zituzten dantzak.

Nondik dator Arratiako jotaren mitoa?

S.B.: Ikuskizunetarako sortutako dantza da. Guztiek egiten dituzten oinarrizko pauso batzuk daude, kantetako baltseoa adibidez, baina gerora, txapelketetarako eta erakustaldietarako, pauso konplikatuak garatu ziren. Zein da kontua? Jendeak beti konplikatuena ikasi behar duela. Arratiako jota ikasi nahi duenari esango nioke ikas dezakeela, badaudela oinarrizko pauso batzuk, eta gero beste pauso konplikatu batzuk, artistek egiteko. Baina azkenean hori gertatu da: dantza tradizional bat hartu eta oholtzara eramateko, artistentzako beste estilo bat jorratu dela, eta hori hedatu dela.

Zer metodologia erabiltzen duzue Aikon?

S.B.: Imitazioa eta murgilketa erabiltzen dugu, eta musika dantzari egokitzen diogu. Baina, oro har, modu zuzenean eta eskuragarrian irakasten dugu, eta, hala, erraz ikasten da.

P.L.: Dantzaren alde ludikoa jorratzean datza. Dantzatzea ongi pasatzeko, ez ikuskizun batean parte hartzeko, horretarako dantza taldeak daudelako. Nahi duguna zera da: ikasleek lotsa kentzea eta dantzatzeko gai direla konturatzea. Umorea ere oso inportantea, eta dantzan galdu dugu. Nik dantza taldean ikasi nuen; ikasketa prozesua oso zorrotza zen, baina oholtza gainean irribarre egiteko eskatzen zidaten. Nik ez nuen ulertzen zergatik eta nola atera behar nintzen barrez. Aldiz, prozesuan barre egiten baduzu eta ondo pasatzen baduzu, dantzatzean irribarrea berez aterako zaizu. Dantza desdramatizatu behar dugu.

Zer esan nahi du horrek?

P.L.: Oro har, denok uste dugu egiten duguna oso garrantzitsua dela. Dantzariok uste dugu dantza egiteko modu bakarra dagoela, eta pentsaera hori okerra da. Ezin da esan estilo bakarra dagoenik, norberak egiten duen bezala dantzatzen ez duenak gaizki egiten duenik edota folklorea hutsaltzen duenik... Ikastaroetan teknikoki zehatzak izaten saiatzen gara, baina zein da gure benetako helburua: oso ongi dantzatzen ikastea ala oso ongi pasatzea?

Dokumentuaren akzioak