Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Antzeztokian egotea adrenalina betekada da, emozio guztiak maila gorenera eramatea"

Dokumentuaren akzioak

"Antzeztokian egotea adrenalina betekada da, emozio guztiak maila gorenera eramatea"

Igor Yebra, Dantzaria

Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Euskonews
Tokia
310. zkia.
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/07/22

Yebra, lantzean behin, sorterrira itzultzen da. Hala egin zuen ekaina amaieran eta uztaila hasieran, Dantza Klasiko Lantegiko irakaslea izan baitzen Bilboko Arte eta Kulturaren IV Topaketetan. EHUk, BBKk, Bilboko Udaletxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituzte ikastarook, eta Igor Yebrak badaramatza urte batzuk dantza klasikoari dagokion arloa koordinatzen. Eskola baten aurrean elkartu ginen berarekin eta, haren agenda estuak behartuta, nahi baino laburrago jardun genuen. Gustura, hala ere.

Berandu samar hasi omen zinen baletean…

Hara, hamabi edo hamahiru urterekin hasi nintzen, eta normalean zazpi urterekin-edo hasten da. Zorionez, suertea eduki nuen; kirol asko egiten nuen, eta beraz kirolerako gorpuzkera egokia neukan. Baleta, azken batean, hori da oinarrian: kirola, eta goi mailakoa gainera.

Hala ere, balet egiteko malgutasun handiagoa beharko da…

Bai, kirol gehienekiko aldea hori da, zenbait kiroletan ere malgutasun handia behar den arren. Gimnasian, esaterako. Balet klasikoan –dantza garaikidea bestelakoa baita- giharrek oso lirain behar dute. Hau da, edertasun-eredu klasikoen araberakoak. Izenak ere hala dio: klasiko, hots, antzinako greziarrentzat ederra zena. Gihar lirainak izan behar dira, beraz, eta aldi berean malgu eta indartsuak.

Igor Yebra

Bilbon hasi zinen balet egiten, ezta?

Bai, Deustuan.

Hala ere, zure karreraren hastapenetan Madrilen egon zinen, Victor Ullateren konpainian. Eta hamabost urte besterik ez zenuen…

Hasi nintzenean, urte bat eman nuen Bilbon, eta ondoren suertea eduki nuen, gurasoek asko lagundu zidaten eta. Konturatu egin ziren nik jarraitzeko erabateko gogoa neukala, eta aukera eman zidaten hamalau urte neuzkala Madrilera joateko. Orain, denborak ematen duen ikuspegitik aztertuta, harrigarria da amaitu dudan bezala amaitu izana. Okerreko bideren batetik sar nintekeen, nolabait esateko. Kontuak kontu, suertea eduki nuen gurasoek lagundu egin zidatelako, eta Madrilera joan nintzen. Hara ailegatu nintzen, Victor Ullateren konpainiara. Ullatek sortu berria zeukan konpainia; mutil askorik ez zegoenez, eta ni, gainera, altua nintzenez, zuzenean sartu nintzen bertara. Nire ibilbidea, beraz, ez-ohikoa izan da, ez bainaiz benetako eskola batean ibili. Antzezlekua izan da nire eskola.

Eta zelan moldatzen da Madrilen hamabost urteko mutil bat, guraso barik?

Lehenengo urtean zazpi etxe desberdinetan egon nintzen. Etengabe aldatzen nenbilen: hilabete bat senide batzuen etxean, beste bat ezagun batzuenean… Zaila zen, nire ordutegiak ez zirelako arruntak. Baina hara heldu eta urte eta erdira gutxi gorabehera, diru kopurutxo bat jasotzen hasi nintzen, profesional modura, eta horri eta nire etxean egin zuten ahaleginari esker, pisu bat alokatu genuen ni bakarrik bizi nendin. Benetan ez-ohikoa izan zen hura, sinestezina. Eta nire gurasoek nigan eduki zuten erabateko konfiantza eskertu behar dut. Dena dela, ez dut halakorik egitea aholkatzen. Esan dizudanez, nik oso argi neukan hura zela nik egin nahi nuena; eta gaztea izan arren, oso argi neukan, halaber, ezin nintekeela tontakeriak egiten ibili. Banekien gure amarentzat oso ahalegin handia zela, diru aldetik, ni han egotea. Beti eduki dut hori gogoan, ez dit inork gogorarazi behar izan. Bestalde, goizeko bederatzi eta erdietan sartzen nintzen Victor Ullaterenean, ordu bi eta erdiz hartzen nituen dantza-eskolak, ondoren konpainiarekin entseatzen nuen arratsaldeko bost eta erdiak arte, eta sei eta erdietatik bederatziak arte eskolak hartzen segitzen nuen han bertan. Hamarrak aldera heltzen nintzen etxera, eta hala zen astelehenetik larunbatera. Edonor ohartuko denez, hain lan gogorra egiten denean, eta hainbeste orduz, gorputzak ez du beste ezer egiteko gogorik. Ezin inongo tentaziori men egin, beraz.

Igor Yebra

Gaur egun, Madril eta beste hainbat hiriren artean bizi zara…

Madril, Erroma eta Bordele, batez ere. Kontratua daukat, dantzari iraunkor gisa, Erromako operan, eta beste bat Bordelekoan. Horiek uzten didaten tarteetan, han eta hemen dantzatzen saiatzen naiz. Oraindik orain Budapestetik etorri naiz, Hungriako Balet Nazionalarekin dantza egin eta gero. Eta laster Errusiara joatekoa naiz.

Australian ere ibili zinen, ezta?

Bai, hara joan nintzen freelance modura hasi nintzenean, sei hilabeteko kontratu batekin. Oso konpainia ona da, eta oso gustura jardun nuen han. Benetan bizipen zoragarria izen zen niretzat, eta gainera herrialde ederra da. Edonori gomendatzen diot joatea.

Hala ere, adorea behar da haraino joateko…

Hara joan nintzen konpainiako zuzendariak, Moskuko Maya Plissetskaya lehiaketan ni ikusi eta gero, oso eskaintza ona egin zidalako. Eta Australian Ballet, beharbada, ezezaguna da gehienentzat, baina baletean gabiltzanok badakigu munduko konpainiarik onenetakoa dela. Daukan arazo bakarra Australian egotea da. Munduan antzezpen gehien egiten duen konpainia da: 180 inguru urtean…

Bat bi egunero!

Bai. Entsegu-aldia oso laburra da. Oporretatik etorrita, dantzariek hilabete daukate entseatzeko. Gero, emanaldiak datoz, eta aldi beran entseguak egiten jarraitzen da. Dantzariek badute beren lan-ordutegia: goizez, hamarretatik ordubiak edo hirurak arte entseatu, eta gauez antzezpena egin.

Gizon gutxi omen dabil baletean…

Hori hemen gertatzen da batez ere, baina hemendik kanpo, atzerrian, ez. Ni ibiltzen naizen herrialdeetan –Europako ekialdeko edozein herrialde, Italia, Frantzia…- ez dago horrelako arazorik. Nolanahi, egia da emakumeak beti izaten direla gehiago gizonak baino. Izan ere, balet klasikoak aukera gehiago ematen die emakumeei; lanpostu gehiago dago haientzat.

Eta zergatik hemen ez da gizon gehiago sartzen?

Bada, ez dagoelako tradiziorik, besterik gabe. Sozialki ere baleta ez dago oso errotuta, berdin emakumeentzat zein gizonentzat. Ez dago azpiegiturarik, ez dago etorkizun argirik, eta ez da “saldu”. Eta jendeak “saltzen” diotenera jo ohi du. Begietatik sartzen diotenera. Hori argi dago.

Igor Yebra

Eta gorpuzkerak, giharrek, ez dute zerikusirik, ez al da zailagoa balet dantzatzea gizona izanda?

Ez, ez dut uste horrek zerikusirik daukanik. Gainera, gaur egun fisionomiak asko aldatu dira, elikaduraren kariaz eta abar. Ez dut uste arazorik dagoenik horregatik.

Ikusle mailan, badugu hemen balet-kulturarik?

Nire ustez, bai. Hona etortzeko eduki ditudan aukera bakanetan, edo beste konpainia bat datorrela ikusten dudanean, antzokiak beteta egoten dira beti. Uste dut badagoela ikuslego bat; hobe esanda, uste dut badagoela ikuslego baten oinarria.

Behin irakurri nuen, Euskal Herriko balet irakasle bati egindako elkarrizketa batean, balet errusiarrak datozenean antzokiak bete egiten direla, baina bestela zailagoa dela…

Ni etorri naizen aldi guztietan, baita Victor Ullaterekin etortzen nintzenean ere, beti egon da beteta. Ez dakit ba… Azken batean, esaldi horren atzean dagoenak frogatu egiten du jendeak “saltzen” diotenera jotzen duela. Publikoari, oro har, “saldu” egin zaio balet errusiarrak direla munduko onenak, eta mundu guztia joaten da horiek ikustera. Horregatik beti esaten dut historia aldatu beharko dugula, geu ere onak garela erakutsi beharko dugula, eta zerbait sortu beharko dugula jendea etor dadin.

Bide batez… Arrakasta itzela lortu zenuen Errusian, Maya Plissetskayaren lehiaketan bigarren geratuz. Ingalaterrari, eta Ingalaterran, futbolean talde batek irabazi zion lehen aldia bezalakoa izan zen?

(Barre). Bai, gogorra izan zen hura. Gogoratzen naiz herrialde guztietakoak geundela hasieran, baina azkenean, finalera heldu ginenetatik neu nintzen errusiarra ez zen bakarra. Errusiarrek, ez soilik baletean, baizik eta edozertan, beti pentsatzen dute eurak direla onenak. Nola edo hala onartzen bazaituzte, orduko hartan bezala, esan nahi du egindako lana ez dagoela hain txarto eginda.

Dantza klasikoak ez duela aurrera egiten, motelegi dagoela, esaten duzun esaldi bat irakurri dut nonbait. Hala da?

Ez da guztiz zuzena. Zerbait moteltzeko, zerbait egon behar da aurretik. Eta ez dago ezer. Ezin ezer moteldu, ezer ez badago.

Baina konpainia asko dago, ezta?

Espainian?

A, zu Espainiaz ari zinen…

Bai, bai, jakina. Atzerrian ez da horrelakorik. Ni joaten naizen leku guztietan, “Zisneen lakua” edo “Loti ederra” ipini, eta antzerkia jendez lepo dago, sarrerak agortu egiten dira. Ez diot nirekin soilik, e? Edozein balet konpainiarekin. Balet klasikoa opera bezalakoa da. “La Traviatta” ematea bezalakoa, esaterako. Gero, egongo da “lan berriak behar ditugu, klasizismoaren barruan gauza berriak egin behar ditugu, betiko antzezpenak hautsi, joera berriak bilatu…” esaten duenik, baina oinarria, garrantzitsuena, hor dago beti, eta hori da arrakasta daukana eta ikuslegoa sortzen duena.

Igor Yebra Uste ohi den bezainbeste orduz entseatu behar da baletan aritzeko?

Bai, ordu asko behar dira. Agian ez zortzi egunero, baina bai, gutxienez, hiruzpalau. Eta ariketa fisiko etengabeaz ari naiz. Hori asko da. Edozein kiroletan, edo behintzat kirol askotan, egiten den ariketa fisikoa gutxi da guk egiten dugunarekin konparatuta.

Ariketa fisiko hutsa, dantzarik gabea?

Hara, niretzat dena da gauza bera. Eta horrez gain, dantzaria goizean jaikitzen denetik oheratzen den arte da dantzari. Bizitzeko modu bat da.

Eta hori ondo ordainduta dago?

Ez. Batez ere, dantzariok zenbat denbora iraun dezakegun kontuan hartuta. Dantzariek, oro har, 40 urte ingururekin hartu behar izaten dute erretiroa. Adin horrekin amaitzen da zure lanbidea, eta bizimodua beste era batez bilatu behar duzu. Beraz, erretiroa hartutakoan bizi ahal izateko beste diru irabazi beharko genuke, eta ez da hala. Edonor bizi den bezala bizitzeko adina irabazten dugu, hain justu.

Eta zuk zeuk, zelan ikusten duzu etorkizuna? Baduzu oraindik luze irauteko asmorik? Eta, bide batez, erretiroa hartu ondoren badago baletarekin zerikusia daukan lanbideren batean jarduterik?

Gauza askotan egin daiteke lan: koreografo, maisu… Irakastea beti da bide bat. Baina nik neuk ez diot eperik ezartzen neure buruari. Ergelkeria galanta dela iruditzen zait. Izan ere, bihar teila bat jausten bazait buru gainera, zer? Akabo asmo eta plan guztiak.

Betidanik eduki dut jakingura: zuek ispilu aurrean entseatzen duzue…

Bai.

Eta horrek ez dizue gero, antzezlekuan zaudetela, segurtasuna kentzen?

Bai. Behin zerbait esan nuen horretaz elkarrizketa batean, eta esaldia nabarmendu egin zuten. Oso hitz gogorrak dira beraien testuingurutik kanpo. Zera esan nuen: dantzaria oso izaki egozentriko eta segurtasunik gabekoa da. Egozentriko, antzezleku batera igotzen den edonor bezala, hala izan behar dugulako. Bestela, ezin izango genuke jasan antzezleku batean, epaituko gaituzten auskalo zenbat lagunen aurrean egoteak dakarren tentsioa. Egozentrikoa ez bazara, mundiala zarela pentsatzen ez baduzu, ezin duzu halakorik egin. Eta zergatik segurtasunik gabeak? Zuk esan duzunagatik, hain zuzen. Dantzaria zera da: lau urte dituenetik hiru hormak eta ispilu batek inguratzen duten izakia. Hori da dantzariaren mundua, ordu eta egun askotan zehar. Are gehiago, nik joera hori hautsi nahi nuke; gure mundua kanpokoari gehiago zabaltzea nahi nuke. Nik ez dut gustoko ispiluarekin lan egitea, besteak beste ispiluak gezurrezko irudia ematen dizulako atzera. Azala baino ez dizu erakusten, eta ez barrua; hala, arriskua dago itxurak besterik ez lantzeko. Ez da barnea lantzen. Ispilua bi norabideko arma dela uste dut.

Zer sentitzen duzu antzezlekura irtendakoan? Ikusleez pentsatzen duzu, edo beste zerbaitetaz, edo ez duzu ezertaz pentsatzen?

Oraindik naiz emanaldia hasi aurretik une latzak igarotzen dituen horietakoa. Baina hori guztiz desagertzen da behin emanaldia hasita. Bestalde, ezin da azaldu zer sentitzen den. Adrenalina betekada da, emozio guztiak maila gorenera eramatea.

Igor Yebra Iglesias (Bilbo, 1974)

Bilbon baleta ikasten hasi eta urtebetera-edo, Madrilera joan zen, Victor Ullateren eskolara. Lehen momentutik, gainera, Ullateren konpainia sortu berrian sartu zen dantzari. Ikasketak eta jardun profesionala uztartu zituen Madrilen; ondoren, beste maisu-maistra batzuekin jarraitu zuen ikasten (Karemia Moreno, Angela Santos, Pino Alosa…). Real Conservatorio de Danza de Madrid delakoaren titulua eskuratu zuen, ohorezko matrikula eta guzti. 1987 eta 1996 artean, Madrilgo Erkidegoko Baletean aritu zen, lehen dantzari gisa; bitarte horretan, Van Manen, Van Dantzing, Linkens, Christe eta beste hainbaten koreografiekin aberastu zuen bere errepertorio neoklasikoa.

1996an bakarkako ibilbideari ekin zion, eta hainbat baletekin dantzatu du gonbidatu modura: Australian Ballet, Atter Balleto, Nizako Operako Baleta, Kubako Balet Nazionala, Venezuelako Balet Nazionala, Kremlineko Baleta, Bolshoi eta Kirov antzokiak, Scottish Ballet, Erromako Operako Baleta, Lituaniako Balet Nazionala, Veronako La Arena baleta… 1996an, Italiako dantzari onenari ematen zaion “Dantza eta Dantza” saria irabazi zuen, eta urte berean bigarren geratu zen Maya Plissetskayaren lehiaketan, Moskun. Abuztuaren 1ean beteko ditu 31 urte.

Dokumentuaren akzioak