Hiru egunez, mundu osoko artista garaikideen topagune bihurtuko dira Lekeitioko (Bizkaia) karrikak. Izan ere, gaur hasiko da Nazioarteko Kaleko Arteen Jaialdia, eta asteburuan mota guztietako performanceak egongo dira ikusgai. Hain zuzen, aurtengoa 35. aldia da, eta tokiko zein nazioarteko hamahiru konpainiaren eskutik kaleko arteak bizirik mantentzea du xede.
Igor de Quadra artista eta antolatzailearen arabera, egun horiek garrantzitsuak izango dira jendeari aukera ematen dietelako «ezezaguna» den kultur arlo batekin harremanetan jartzeko. Are, iragarri duenez, herritarrek ikusle soil izateari utziko diote, eta subjektu parte hartzaile bihurtu: «Ez dugu Lekeitio ikusgune bihurtzerik nahi; horren ordez, ikusleek hausnar dezaten nahi dugu».
Kaleka jaialdiaren egitaraua askotarikoa da, nahiz diziplina nahiz hizkuntza aldetik. Proiektu berritzaileetan jarri dute arreta, hots, forma tradizionaletatik (zirkua, drama, dantza) harago doazen arte performatibo eta parte hartzaileetan. «Arteek bizirik dirautela erakutsi behar diogu ikusleari, aldakorrak direla», azaldu du antolatzaileak. Horrez gain, kaleko arteetan testurik gabeko proposamenak egiteko joera badago ere, jaialdian hitzek ere garrantzi handia izango dute, baita euskarak ere. Horren adibide dira gaurko Atx Teatroa konpainiaren Marmarra (23:00etan, udaletxe aurrean) eta jaialdiko azken emanaldia, La Pez taldearen Plaza (21:00etan, udaletxe aurrean), besteak beste.
18:30ean Eskolape kultur elkartean izango da lehenengo ikuskizuna: Mimeoost Herbehereetako taldearen Poesia fisikoa. Zazpi kideko taldea da, eta euren gorputzak, maskarak eta banjo bat besterik ez dituzte beharko jendea aho zabalik uzteko. Jarraian, Niñas Malditas konpainiako bi artista madrildarrek hartuko dute erreleboa, eta akrobaziak egingo dituzte Monolito inguruan. Ondoren, Frantziatik etorritako Barolosoren zirku ikuskizunak eta Komorebi Produkzioak elkartearen dantza eta ikus-entzunezko arteek beteko dituzte Lekeitioko kaleak. Azkenik, Atx Teatroa konpainiaren Marmarra emanaldiak borobilduko du eguneko egitaraua.
Zortzi gune herrian
Lekeitioko zortzi gunetan izango dira ikuskizunak: portuan, udaletxe aurrean, Eskolapean, Monolito inguruan, Abaroa jauregian, Talan, Harri Kiskirri aldean eta Kofradia aurrean. De Quadraren aburuz, azken hori, itsasaldeko txokoa, leku berezia da, «han gertatzen den orok atmosfera propioa baitu». Bertan ikusgai izango da Mama Crearen Desiderata, «liburuentzako ospitalea». Liburuen irakurketa eta konponketaren bitartez zainketaren garrantzia azpimarratzea dute helburu. Abaro jauregiko lorategiak ere xarma handia duela gehitu du De Quadrak.
Programa ofizialeko ikuskizunez gain, jaialdiak baditu beste hiru ildo: Kaleka Scratch, Kalekaz Blai eta Kalekari. Kaleka Scratch sormen prozesuan dauden lanen erakusleihoa da. Kategoria horretan, artistek beren lanen laginak erakutsiko dizkiete ikusleei. Kalekaz Blaik, aldiz, ikuspegi globalagoa du, eta artea eta herritarrak luzerako lotzea du helburu. Horretarako, urtean zehar herrian egindako ekintza eta prozesu artistikoak plazaratuko dituzte. Azkenik, Kalekarik hausnarketa egitera animatuko ditu adin guztietako herritarrak, modu jostalari eta kolaboratiboan. Atal horretan, artistekin solasean jarduteko eta ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute.
Aurten Igor de Quadrak berak eta Eneritz Artetxe artista gernikarrak gidatuko dituzte solasaldiak eta ikastaroak. De Quadrak dioenez, gehienek ez dute izaten ikusitakoaren inguruan gogoeta egiteko aurretiko jakintza nahikorik, ezta hiztegi, iritzi edo ikuspuntu zehatzik ere. Hori dela eta, ikastaroetan sentsibilizaziorako eta gogoeta estetikorako tresnak landuko dituzte.