Dokumentuaren akzioak
antzerkia baino gehiago
Gazte sortzaileen lana plazaratu eta jendea antzerkira eta dantzara biltzea ditu aurten helburu nagusi BAD Bilboko Antzerki eta Dantza jaialdiak. Orotara, Euskal Herriko nahiz atzerriko hainbat konpainiaren hogeita hamar antzerki eta dantza ikuskizun emango ditu, hilaren 22tik azaroaren 1era bitarte. Obra horietako asko lehendabiziko aldiz ikusi ahalko dira Bilbon; konpainia batzuek beren azken lanak estreinatuko dituzte: Antzerkiola Imaginarioak Kaputen kanta emango du, esaterako, eta Moare Danza Amarauna taldeak, Gau bakar bat. BADek eskainiko dituen beste obra batzuk, ordea, ez dira hain berriak, alabaina, aurrenekoz ikusi ahalko dira Bilbon; Bartzelonako Lliure Antzokiak Santa Juana de los Mataderos eskainiko du, eta Suitzako L'Alakran konpainiak, Psychophonies de l'ame.
Iaz bezala, lau agertoki izango ditu BADek: Arriaga antzokia, Bilborock eta Fundicion aretoak eta Erriberako azoka. Azken horretan formatu txikiko antzezpenak egingo dituzte, BAD off ekimenaren barruan. BAD azoka atalean, berriz, arte eszenikoen inguruko argitalpenak, aldizkariak eta liburuak, paratuko dituzte erakunde publikoek zein pribatuek. Transpoem taldeak zabalduko du Bilboko antzerki eta dantza jaialdia hilaren 22an. BADek berak ekoitzitako 2C2-Cualquier ciudad-ciudad castillo ikuskizuna emango du, dantza, gorputz adierazpena, bideoa, musika elektronikoa eta interpretazio dramatikoa uztartzen dituen lana. Aktore-dantzariek Bilbori buruzko metafora egingo dute, Bizkaiko hiriburuan gal eta aurki daitezkeen pertsonaia eta gauzen inguruan arituko dira. Markeliñe euskal taldeak ere bere azken kreazio «gozo eta samurra» erakutsiko du Bilbon (hilaren 28an): Cuatro de corazones. Haceriak La cocina umorezko obra aurkeztuko du hilaren 30ean, eta Moare Danza Amaraunak Gau bakar bat euskarazko lan «intimista», hilaren 31n. Ixiar Rozasek idatziriko obran azken gaua berehala iritsiko da, eta albisteak hainbat erreakzio eragingo ditu. Azken gau horren larrialdiak lau pertsona bere barnetik ihes egitera bultzatuko ditu. Argia, iluntasuna, itzalak eta barne eta kanpo hormak azalduko dira. Eta, batez ere, heriotza baino lehen pertsonak sentitzen duen hutsunea. Gau bakar bat lanean apokalipsia errebelazioa da, ezkutuko gauzak azaltzen diren tokia, grezierako hitzaren esanahia bere osotasunean aintzat hartuta eta irudi katastrofikoak alde batera utzita. Hitza eta mugimendua dira Moare Danza Amaraunaren lan berriaren abiapuntuak. Eta hortik aurrera, gogoeta, hausnarketa sakona.
Antzerkiola Imaginarioak obra berria estreinatuko du
Teatro Mutante taldearen El arquitecto y el emperador de Asia antzezlanak zabalduko du Bilborock aretoko egitaraua hilaren 24an. Egun biren ondoren, hilaren 26an, Antzerkiola Imaginarioak bere azken obra estreinatuko du han: Kaputen kanta. Negar kantaria, requiem konpositorea, hilobi apaintzailea, hileta arropazaina, hilotz banatzailea, fotomomifikatzailea eta letania trafikatzailea dira antzerki konpainia bilbotarraren obra berrian ageri diren pertsonaiak. Askotariak eta harrigarriak. Heriotza ospatuko dute, nork berea, eta nork besteena. Azken batean, Kaputen kanta-n heriotza zorion hutsa da.
Etxea konpainiak Inexhib izeneko performance-a aurkeztuko du, hilaren 28an. Frederic Etxeberri eta Gloria Arasek osatutako bikotearen lanak ez du inor hotz utziko: definitu gabeko espazio eszenikoan ariko dira biak, argiztapen, dekorazio, musika eta testurik gabe. Biluzik. Gizon bat eta emakume bat agertuko dira oinez eta isilik. Eta antzezpena hasi eta berehala kenduko dute arropa. Antzerkia, dantza eta akrobazi nahasten ditu Inexhib lanak. Galiziako Sapristi, Kataluniako Marcel-li Antunez, Boliviako Teatro de los Andes... Hemengo eta kanpoko hainbat eta hainbat antzerki talde ariko dira BADen. Fundicion aretora irisiko da dantza. Austriako Dans Kias konpainiak Other feature ekarriko du BADera, eta El Bailaderok Disparate número 7-Don't explain. Antzerki eta dantza jaialdiaren osagarri, bideo eta zinema zikloak egingo dituzte. Dantza pantailan goiburupean, dantzari buruzko zortzi dokumental emango dituzte. Halaber, BAD zinema-k antzerkiaren eta zinemaren lotura historikoa erakutsiko du; The Company, Viaje a Narragonia eta West side story filmak proiektuko dituzte Multis zinema aretoan. Horretaz gain, kale antzerkiari ere tartea egingo dio BADek. Bilboeszenak antolatuta, Bizkaiko kale antzerkiaren egoerari buruz mintzatuko dira zenbait aditu, hilaren 28an, San Frantziskon.
Dokumentuaren akzioak