Dokumentuaren akzioak
Antzerki estreinaldiak, nazioarteko dantza eta kalitatezko musikalak
Arriaga Antzokiak kalitate maila handiko programazioa jasoko du udatik urtea amaitu arte, ikus-entzule guztiei zuzendutako eduki anitzekin. ABBA taldeari buruzko Mamma Mia musikala lehen aldiz antzeztuko den abuztuaren 15etik, Broadwayeko Cabaret musikalaren azken emanaldia izango den abenduaren 30era arte, ikus-entzuleek 25 ikuskizunez gozatu ahal izango dute Arriaga Antzokian.
Antzerki eskaintza
Arriaga Antzokian arte eszeniko guztiek dute lekua, baina abuztutik abendura arteko bost hilabeteetan antzerki programazioa nabarmendu behar da beste guztien gainetik, antzezlan handiak eszenaratuko direlako eta lehen mailako artistak etorriko direlako. Horietako batzuek erabateko estreinaldiak ere eskainiko dituzte. Hori da irailaren 15etik 18ra bitartean karteldegian egongo den Claudio Tolcachirrek zuzendutako La Mentira laneko antzezle taldearen buru diren Carlos Hipólitoren eta Natalia Millánen kasua. Lau egun geroago, irailaren 22tik 25era, Arriagak beste erabateko estreinaldi bat jasoko du, beste zuzendari argentinar batek, Daniel Veronesek, zuzendua. Invencible izango da, beste izar handi bat protagonista izango duen komedia urratzailea: Maribel Verdú.
Nazioarteko dantza
Inolako zalantzarik gabe, azaroa ospakizun hilabetea izango da dantza zaleentzat. Izan ere, egun batzuk geroago, 11n eta 12an, Arriaga antzokiak Düsseldorfeko Ballett am Rhein hartuko du, Alemaniako dantza konpainia hoberena omen dena eta munduko hoberenetakoa. Zuzendariak, Martin Schläpfer koreografo bikainak, 16 nazionalitatetako 45 dantzarik osatutako taldea zuzentzen du. Dantzari guztiak bakarlariak dira. Bilbon aurkezteko aukeratu den egitarauaren izenburua 7 da, eta Gustav Mahlerren Zazpigarren sinfonian dago oinarrituta. 2015eko Edinburgoko Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zenean kritika osoaren laudorio eta txalo sutsuak jaso zituen.
Euskal musika
Ikuskizun musikala izan arren dantzara zuzenduta egongo den eta dagoeneko aipatu dugun Oreka TX-ren emanaldiarekin batera, kontzertuen programazioa euskal artistek beteko dute, izan ere, 2016. urtea amaitu aurretik aurreikusitako 5 emanaldietatik 4 bertako bakarlarien edo taldeen esku etorriko baitira. Bakarlarien artean, azaroaren 13an, pianoan arituko den Rubén Fernández Aguirrek lagunduta eszenara igoko den Ainhoa Arteta sopranoaren errezitaldia azpimarratu behar dugu, Federico García Lorcaren figurari eskainitako La voz y el poeta izeneko kontzertu berezian.
Arriaga Antzokiko eszenatokia zapalduko duen beste izen propio handi bat Benito Lertxundi izango da, euskal folkaren goi mailako erreferentea eta euskal kulturaren totema. 'Orioko bardoak' azaroaren 20an eskainiko ditu bere letra eta melodia bikainak.
Arriagako gelatxoak
Arriagako Gelatxoek formatu txikiagoko beste ikuskizun mota intimistagoa ikus-entzuleei hurbiltzen jarraituko dute. Formatu horretan, ikus-entzuleek eta antzezleek antzezpenaren espazio fisikoa ia konpartitu egiten dutela esan behar da. Gainera, bertako proposamen artistikoak jasotzen dituenez, ekimen hori bultzada garrantzitsua da Euskadiko eszenarentzat eta artistentzat.
Proiektu pedagogikoak
Arriaga Antzokiak, prestakuntzan eragina duten izaera didaktikoko eta pedagogikoko ekimenen aldeko apustuarekin jarraitzen du. Kabia Teatro konpainiarekin egiten den lankidetzari esker, irailaren 12tik 17ra, arte eszenikoetako profesionalei eta ikasleei zuzenduta dagoen eta New Yorkeko SITI Company ezaguneko kide diren J. Ed Araizak eta Barney O’Hanlonek emango duten Suzuki y viewpoints ikastaroa antolatuko du.
Tadashi Suzuki zuzendari txalotuak eta Suzuki Company of Toga bere konpainiak garatutako Suzuki metodoaren helburu nagusia antzezlearen entrenamendua da, gorputz osoa antzerkiaren testuinguruan murgilduz eta antzezleak adierazpenerako berez dituen trebeziak azaleratuz. 'Viewpoint' izenekoak (Ikuspuntu eszenikoak), dantza postmodernoaren mundutik sortu zen inprobisazio teknika dira.
Dokumentuaren akzioak