Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Antzerki dantzatua

Dokumentuaren akzioak

Antzerki dantzatua

'Romeo y Julieta'

Konpainia: Espainiako Dantza Konpainia Nazionala. Zuzendaritza eta koreografia: Goyo Montero. Musika: Sergei Prokofiev. Orkestra: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Guenter Neuhold. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Data: Maiatzak 25.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/05/28
Lotura
Berria

Espainiako Dantza Konpainia Nazionala Bilbora etorri da Romeo y Julieta dantza lanarekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak jo du zuzenean Prokofievek sortutako suitea, Arriaga antzokiko besaulki guztiak beteta zeudela.

Goyo Montero Morell izan da oraingo bertsioaren koreografo eta zuzendaria, eta bera ere arduratu da eszenografiaz, jantziez eta argien diseinuaz, Verena Hemmerlein eta Olaf Lundtekin batera. Dekoratuak eta jantziek giro kaletar garaikidea irudikatu dute gehienbat —West Side Story ekarri digute gogora ezinbestean— eta argiek tonu zuri eta urdin hotzetan geratu dira denbora osoan, berez pasionatua den istorioak kontrakoa eskatzen duen arren.

Proposamenak hasiera-hasieratik eta konplexurik gabe hartu du narratibotasun esplizituaren bide antzua, eta koreografoak partitura programatikoaren esaldi eta nota guztiak baliatu ditu Shakespeareren tragedia hilezina azken xehetasuneraino deskribatzeko, halako moldez non une askotan uste izan dugu antzerki emanaldi batean geundela, hain zen begi-bistakoa taula gainean gertatzen zen den-dena. Testuarekiko menpekotasuna are argiagoa izan zedin, emanaldian zehar hiru bakarrizketa labur errezitatu ditu, ingelesez, patuaren irudikapena izan zitekeen pertsonaia misteriotsu batek, eta zeremonia-maisu hori izan da zuzendariak jatorrizko obrari egin dion ekarpenik nabarmenena.

Arestian esan bezala, mugimenduaren diseinua estuki lotuta egon da musikaren inflexioei, eta horrek zeharo eragotzi digu geure burua dantzaren bidez lurretik baino goragoko plano batean kokatzea. Hala ere, ikusle askoren gustuko une politak egon dira, hala nola Romeo eta Julietaren amodio eszenak edota Teobaldo eta Mercutioren arteko borroka hilgarria, baina keinu melodramatikoen abusuak eta Hollywooden estiloko efektismoek maila diskutigarrian utzi dute dantzaren planteamendua.

Gauzak horrela, eta nengoen lekutik orkestra primeran ikusten zelarik, BOSen lan ederraz gozatzeko aukera profitatu dut. Izan ere, Neuhold zuzendariaren gidaritzapean, musikariek fineziaz jo dituzte pasarte delikatuak eta kemen handiz Zaldunen dantza beldurgarriaren modukoak, aspaldian entzun dudan interpretaziorik enpastatuenean, eta orkestrari esker lortu zuen gaualdiak taula gainean egon ez zen handitasuna.

Dokumentuaren akzioak