Dokumentuaren akzioak
Antonio Gadesek Fuenteovejunako herria dantzan jarriko du Donostian
Dantzariak eta kantaoreak elkartzen ditu herritarren mendekua interpretatzeko
Kordobako Fuenteovejuna herria Lope de Vega idazleak egin zuen ezagun, XV. mendeko gertaera erreal bat, handik mende eta erdira, antzezlan bilakatu zuenean. Komendadorea hilik agertu zen bere jauregian, eta «nork hil du komendadorea?» galdegin zioten herriari. «Fuenteovejunak, jauna, Fuenteovejunak», erantzun zuen herri osoak.
Herria mendean zuen komendadorea inork ardurarik eskatzen ez zion injustizia eragilea, herriak hil zuen, eta Antonio Gadesentzat herriak emandako «lezio politikoa oso gaurkoa da. Irainaren aurrean herritarren elkartasunak beti mirestu izan nau», esan zuen atzo Donostian. Horregatik, duela lau mende pasatxo sortutako antzezlana dantzara eramatea erabaki zuen Gadesek.
Ez da koreografia berria ordea. 1994an estreinatu zuen Antonio Gadesen konpainiak Genoako Operan, eta Italian eta ondoren Espainian arrakasta handia izan zuen. Orain, berriz, Espainiako Balet Nazionalak hartu du koreografia bertako dantzariek interpreta dezaten. Donostian izango da bihartik igandera bitartean Kursaaleko Auditorioan. «Koreografian ez da aldaketarik egon», argitu du Gadesek. «Nik gauza bat egiten dudanean ez dut aldatzen, bestela beste zerbait berria egingo nuen».
Fuenteovejuna estreinatu zenean Gadesen konpainian zegoen Elvira Andres, Espainiako Baleteko zuzendari artistiko kargua hartu berri duena. «Pribilejio handia izan da niretzat zuzendari gisa egindako lehen lana Fuenteovejuna izatea, goitik behera ezagutzen dut Gadesek zer nahi duen eta».
Andresek obra ezagutzea «laguntza handia» izan da Gadesen ustez, «ez baita erraza behar bezala prestatzea». Ez da dantza soila, antzeztu egin behar da, eta dantza akademietatik urruntzen diren estiloak nahasteak ez ditu gauzak errazten. «Obran agertzen diren egoera animikoen isla izan behar du dantzak. Munduko edozein ikuslek ulertu behar du gorputza adierazten ari dena. Pertsonaien zergatia dantzatzea interesatzen zait, aktore izatea dantzatu eta abestu egiten den bitartean».
Flamenkoa eta Mussorski batera
Hogeita bost dantzari, lau musikari eta lau kantaore igoko dira agertokira, Extremadurako, Aragoiko eta beste hainbat gunetako musika herrikoiekin batera, Modest Mussorski, Gades, Solera edo Nuñezen flamenkoa nahasten diren koreografia bitxia da.
Zinemarako Carmen baleta sortutako koreografo ezagunak Fuenteovejuna du orain buruan, eta «gauza batean bakarrik» egin dezakeela lan aitortzen du. «Amaitu ondoren lasai egon nahi dut. Nekaturik nago», aitortzen du, «baina erretiratzeko ordua oraindik ez» zaiola heldu. Don Quijote dantzan jartzea du asmoetako bat, baina «gauza askotarako zaharra naizen bezala horretarako uste dut oraindik ez dudala behar den heldutasuna lortu».
Dokumentuaren akzioak