Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Añorgako dibertimendua, errealitatea iraultzeko festa

Dokumentuaren akzioak

Añorgako dibertimendua, errealitatea iraultzeko festa

Asteburu honetan ospatuko dira inauteriak, eta Añorgan, iaz abiatutako dibertimenduari jarraipena emango diote. Zuberoan eta Nafarroa Beherean hain ohikoa den egitasmoa ekarri nahi izan dute auzora, bizilagunak kezkatzen dituzten gaiak jai giroan azaleratzeko.
Egilea
Sara Ibarguren
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Añorga (Donostia)
Mota
Albistea
Data
2023/02/17
Lotura
Irutxuloko Hitza
Dibertimendua
Iazko dibertimenduko alkatea, antzezle batzuekin. (Argazkia: Xalba Ramirez)

Añorgako kultur elkarteak 100 urte bete zituen iaz, eta urteurrenaren harira, epe luzerako egitasmoak pentsatzea erabaki zuten auzotarrek, ekitaldi puntualak baino “interesgarriagoak” iruditu zitzaizkielako. Beñat Gaztelumendi eta Gari Otamendi auzotarrek inauterietan Nafarroa Beherean eta Zuberoan egiten duten libertimenduaren ideia zerabilten buruan, eta pentsatu zuten polita zatekeela festa hori Añorgara ekartzea. “Iruditzen zitzaigun mendeurrenari begira interesgarria izan zitekeela horrelako zerbait martxan jartzea”, azaldu du Otamendik.

Esan eta egin. Bertsoa, antzerkia eta dantza uztartzen ditu dibertimenduak, eta Gaztelumendi Añorgako bertso eskolan aritzen denez, eta Otamendi auzoko Arkaitz dantza taldean dabilenez, pixkanaka auzotarrak egitasmora hurbilarazi zituzten. “Hasieran kosta egin zitzaigun ideia edo kontzeptua azaltzea, hemen inguruan ez dagoelako eredu horretako inauteri zehatzik. Baina lanketa batekin, kontzeptuak azalduz, eta batez ere eginaren eginez, polita geratu zen. Orokorrean, jendeak oso hitz onak ditu dibertimenduarentzat”, adierazi du.

Arrakasta horren ondorio da aurtengo jarraipena. “Orotara, 120 auzotarrek hartuko dugu parte biharko dibertimenduan. Bertsotan Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz arituko dira, eta bertan izango da Arkaitz dantza taldea ere, beste hainbaten artean”, nabarmendu du.

Hezurdura bera

Iaz sortu zuten dibertimenduaren lehenengo eredu horren “hezurdura” bera mantentzea da asmoa. “Dantzak, adibidez, Donostiako inauterietan eta neguko festetan erabiltzen diren kantak hartuta sortu genituen iaz. Horiek mantendu egingo ditugu printzipioz”, azaldu du Otamendik.

Era berean, zirtzilek edo aktoreek egiten dituzten errepresentazioetan, iazko bi pertsonaia nagusiak errepikatuko dituzte aurten: Giri eta alkatea. “Girik gure komunitatea eta nortasuna nolabait kolokan jartzen duen hori irudikatzen du. Iaz, esploradorez jantzitako turismo gidari bat zen, Donostia parke tematiko bat bihurtu dugula kritikatzeko. Spoiler-ik ez dut egingo, baina aurten beste ofizio bat izango du, beti ere puntu kritiko hori mantenduz”, adierazi du.

Alkateak, berriz, boterea irudikatzen du. “Egun horretan auzotarrak izaten dira herriaren jaun eta jabe. Alkatea horregatik ateratzen dugu, nolabait botera iraultzen dugulako. Gure bizitzak eta errealitatea nahiko gogorrak eta enkortsetatuak dira, eta inauteriak hiru egunez hori aldatzen uzten digu”, zehaztu du Otamendik.

Bi pertsonaia horiek ardatz hartuta, gai dezente jorratuko dituzte aurten ere. Gainerako zirtzilek “kaosa” irudikatuko dute, eta dantzariak izango dituzte lagun, bertsolariek gertatzen ari dena bertsoen bidez kontatzen duten bitartean.

Joaldunak eta Goizuetako dantzariak

Otamendik azaldu duenez, dibertimendua ez da ikuskizun bat beraientzat; bai, ordea, ikusteko modukoa den zerbait. “Etorri nahi duten guztiak oso ondo etorriak izango dira, baina hau, batez ere, auzotarrek auzotarrentzat egiten duten festa bat da”, aitortu du. Lanketa hori “kulturaren eta sorkuntzaren ikuspegitik” egiten dute, eta baita gizarte ikuspegitik ere, “auzo kohesiorako tresna” izan dadin.

Hori dela eta, aurten taldea handitu eta pertsonaia berriak sartzea erabaki dute. Alde batetik, auzotar baten ekimenez, 11-12 urteko zortzi haur joaldun izango dira dibertimenduan. “Joareak eta zintzarriak oso zabalduta daude Europa osoan inauterien munduan, eta oso aproposa iruditzen zitzaigun gurera ekartzea”, azaldu du.

Bestetik, Goizuetako (Nafarroa) 20 dantzari arituko dira aurten Añorgakoekin dantzan. “Añorgak lotura handia dauka Goizuetarekin. Duela hainbat hamarkada Goizuetako familia asko etorri ziren Añorgara, Rezola fabrikara lanera. Azken finean, Añorgaren sorburua eta iturria fabrikaren inguruan sortutako langileen etxeak dira, eta oraindik ere mantentzen da lotura hori Goizuetarekin”, adierazi du Otamendik.

Guztiek elkarrekin egingo dute dibertimendua, eta amaieran, iazko moduan, Giri epaitu eta erre egingo dute. Kanpotik datorren mehatxua sutara kondenatzea ere toki pila batean erregistratuta dagoela azaldu du Otamendik: “Zalduondon Markitos erretzen dute, Mielotxin Lantzen, eta badaude horrelako gehiago Alpeetako eta Kroaziako inauterietan ere, adibidez”.

Ekitaldia bukatzeko, suaren inguruan, iaz euskarara itzuli zuten The Poguesen Dirty old town (Herri zahar hau) abestuko dute.

Puska biltzea eta emanaldi handia
Bihar, 10:00ak aldera, dibertimenduko partaide guztiek puska biltzea egingo dute Añorga Txikin, Errekalden eta Pedro Josen. Auzoa zeharkatu ostean, Harrobiaren plazan egingo dute emanaldi nagusia.

Dokumentuaren akzioak