Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Anoetako Dantza Taldea, parte hartzea bultzatuz izen eta irudi bila

Dokumentuaren akzioak

Anoetako Dantza Taldea, parte hartzea bultzatuz izen eta irudi bila

Sei hamarkadako historia duen talde bati izena jartzea ez da erraza. Horregatik, hamaika buruhausteren ondoren, parte hartzean aurkitu dute irtenbidea Anoetako Dantza Taldeko kideek: «Dantza eskola indarra hartzen ari dela ikusirik, aurrera jarraitzeko eta talde izaera hori bermatzeko, izena eta logoa behar ditugula erabaki dugu. Hori dela eta, hausnarketa sakonak egin ondoren, izena eta logoa bilatzeko lehiaketa egitea bururatu zitzaigun».
Egilea
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza
Komunikabidea
Anoetaldeko Hitza
Tokia
Anoeta
Mota
Albistea
Data
2012/11/14
Lotura
Anoetaldeko Hitza

Ideia buruan, dantza taldeko kideak lehiaketaren oinarriak aztertzen hasi ziren. Asmoa egitasmo bilakatu ondoren, irudimena dantzan jartzeko garaia iritsi da, eta prozesu horretan, ahalik eta jende gehienen laguntza nahi dute, ideiaren bat duen oro parte hartzera animatuz.
Lanak aurkezteko epea hilaren 19an zabalduko dute, 30ean ixteko. Irabazleak, Hernialdeko Elketa jatetxean bi lagunentzako afaria irabaziko du. Saria nork irabazi, epaimahaiko kideek erabakiko dute. Hauek, lau izango dira: Dantza Eskolako irakasle bat,  dantzari bat, guraso bat eta Anoetako Udaleko Kultur zinegotzia. Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da. Antzeko lehiaketetan gertatzen den bezala, epaimahaiak eman gabe utzi ahal izango du saria, aurkeztu diren lanek saria lortzeko kalitate nahikoa ez dutela uste badu, behintzat. Horrez gain, lau kide hauen epaia «aldaezina» izango dela azaldu dute Anoetako Dantza Taldetik.
Dantza eskolaren bilakaera
Lehiaketa aurkezten diren lanek Anoetarekin eta dantzarekin zerikusia izatea nahi dute dantza taldeko kideek. Herriaren ezagutza etxeko lan bezala utzita, dantza taldearen ibilbidearen hasiera 1952. urtean kokatzen dute anoetarrek, Manuel Odriozola zenaren gerizpean: «Herrian bera hasi zen gaia mugitzen, dantza soka eta ezpata dantza erakutsiz 14-17 urte bitarteko gaztetxoei». 20 ikasle inguru izan zituen Odriozolak, bi taldetan banatuta. Lan horretan, 1970. urtera arte aritu zen anoetarra.
Tartean, 60. hamarkadan, Joxe Leon 16 ikaslerekin aritu zen fandangoa eta arin arina erakusteko lanean. Zortzi neska eta zortzi mutilekin osatu zuen taldea Leonek, 6-8 urte bitarteko haurren artean. Bi urte iraun zituen ekarpena izan zen hau.
1970. urtera itzuliz, zazpi urteko etenaldia aipatu behar da hemen. 1977an, ordea, orduko Eskola Publikoko irakaslea zen Tere Mozok, Manuel Odriozolaren lekukoa hartu zuen: «Herrian dantza suspertzeko, egun desagertua dagoen Arkaitz Tolosako Dantza taldearekin hitz egin zuen Mozok. Horri esker, bertako irakasle batzuk Anoetan hasi ziren klaseak ematen. Zortzi urte inguru egon ziren hemen, 50 ume inguruko talde batekin». Hauetatik 20 mutilak eta 30 neskak zirela aipatzen dute Anoetako Dantza Taldeko kideek.
Arkaitzeko kideek utzi zutenean, Mertxe Allue anoetarra hasi zen klaseak ematen, eta ondoren, Miren Beraza eta Izaskun Goikoetxea.
Naiara Yurrita, Amezketako bi dantzari, Villabonako Oinkari taldetik etorritakoak, Oinkari Txikikoak… Irakasleen joan etorriak ez zuen etenik, baina hori ere iritsi zen, hau da, Anoetako Dantza Taldearen bigarren geldialdia.
Bideari 2006an berrekin zioten anoetarrek, kasu honetan, Ibarrako Alurr dantza taldeko irakasleekin. «Urteak igaro ahala, dantza eskolak gora behera asko izan ditu, baina gaur egun berreskuratzea lortu dugu», diote taldeko kideek.
Egun 72 dantzari elkartzen dira Mikelasagasti auditorioan, Alurreko sei irakaslerekin, horietatik bost anoetarrak dira. 45 haur daude hiru taldetan banatuta; gaztetxoak, berriz, 12 dira, eta helduen taldean 15 lagun daude. Guztiek osatzen dute izen eta logotipo bila dabilen Anoetako Dantza Taldea.
Zer egiten ari diren galdetuta, urtean zehar hamaika emanaldi eta entsegu egiten dituztela diote dantza taldeko kideek, indarra hartzen ari direnaren adierazle: «Ikasturtean zehar, inguruko herrietako dantzari txikietara joaten gara haur txikienekin. Herri mailan, Dantzari Txiki Eguna antolatzen dugu, eta ikasturte amaieran dantza emanaldi handi bat egiten dugu, haur, gaztetxo eta helduekin. Horrez gain, Euskal Jaia, San Juan bezpera, Gabonak…». Etenik gabeko zerrendak jarrai dezala!

Lehiaketaren oinarriak
Baldintzak
Lehiaketan pertsona fisikoek har dezakete parte, ez enpresek.
Izena eta logotipoa Anoetako Dantza Eskola ordezkatzeko erabiliko dira, edozein emanaldi nahiz lanetan.
Izena: Anoetako herriarekin eta era berean dantzarekin zerikusia duena izango da. Izenarekin batera, proposamenaren zergatia biltzen duen azalpen laburra erantsiko da.
Logotipoa: Paper euskarrian 10cmX10cm, edo euskarri digitalean, JPG formatuan, aurkeztu behar da.
Izena edo logotipoa bakarrik aurkezteko aukera dago.
Lanak eta egilearen datuak gutun azal itxi batean sartuko dira. Gutun azalaren kanpoaldean, eta lanaren atzealdean, egilearen goitizena idatzi beharko da.
Lanak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 19tik 30era izango da.
Lanak udaletxean utzi edo anoetakodantzataldea@gmail.com helbidera bidaliko dira.
Izenarekin batera, proposamenaren zergatia biltzen duen azalpen laburra erantsiko da.
Pertsona bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu.
Informazio gehiago nahi izanez gero, dantza taldearen emailera idatzi behar da.
Saria
Hernialdeko Elketa jatetxean bi lagunentzako afaria.

Dokumentuaren akzioak