Dokumentuaren akzioak
Ann Sholem Galesko dantza konpainia nazionaleko zuzendaria
«Eredu gara, herrialde txikia izan arren ahalik eta lanik onenak ematen ditugulako»
Ann Sholem Londresen jaio zen, 1956. urtean, baina bere burua galestzat dauka. Izan ere, Cardiffen bizi da duela 25 urte, Diversions Galesko konpainia nazionala sortu zuenetik Roy Campbell-Moore senarra eta koreografoarekin. Lehen aldiz Bilbon izango dira gaur, bi lanez osatutako ordubeteko saioa aurkezten.
Zeintzuk dira Diversions Galesko konpainia nazionalaren ezaugarri nagusiak?
Niri interesatzen zait dantza birtuosoa eta karisma duten dantzariak nahastea. Horrela, ikusleek jasotzen dutena benetan ziraragarria da eta, aldi berean, pertsonala. Beraz, taldeak lan asko du egitarauan, teknikoki oso indartsuak. Fisikoki erronka handia da, eta, hori dela eta, ikusleen arreta erabat bereganatzen dute, dantzariek jartzen duten horrenbesteko energiaren bidez.
Galeskoa baino nazioarteko taldea dela esan beharko genuke, dantzarien jatorriari erreparatuta behintzat, ezta?
Nahasketa handia dago. Dantzari bat ingelesa da, Poloniakoa beste bat, bi Greziakoak dira, Australiakoa beste bat... Nazio Batuen Erakundea ematen dugu. Mundu osotik datozkigu, konpainian dantza egiteko. Orain ez dugu Galesko dantzaririk, baina salbuespena da, orain arte beti izan dugulako bat edo bi.
Herrialde txikientzako dantza konpainia nazionalen eredutzat duzu zure taldea?
Hala izatea espero dut. Izan ere beti interesatu zait dantza ikusle guztiengana eramatea, hauek halakorik ikusten ohituta egon edo ez. Lehen aldiz dantza ikuskizun bat ikusten dutenak pozik ateratzea nahi dut, eta baita horretaz asko dakitenak ere. Nire ustez, eredu gara, Gales herrialde txikia izan arren lortu dugulako ahal ziren lanik onenak ematea etxean, Europan eta munduan. Bizpahiru lan enkargatzen ditut urtero, ikusi eta zirrara sortu didaten nazioarteko sortzaileei, dakidanean lan ona egingo dutela gurekin.
Zaila al da ongi prestaturiko dantzariak lortzea, Europan azken urteetan gutxi ateratzen direla ikusita?
Ongi prestaturiko gizonezko dantzariak lortzea da benetan zaila. Emakumezkoak askoz gehiago daude. Dena den, guk mundu osotik ekartzen ditugu, eta horrek asko errazten digu dantzari onak lortzea.
Bi pieza taularatuko dituzue igandean. Zuen bilduma osoa ondo islatzen dute?
Bi lanok aukeratu ditugu gure bildumako lanik zirraragarrienak direlako. Strange Attractors lanaren sarrera, esaterako, oso sentsuala da, basatia, eta dantzariak oso sexi eta erakargarri mugitzen dira. Ondoren, oso lan fisikoa egiten dute. Koreografiaren egilea Stephen Petronio da, New Yorkekoa, eta dantza azkarra eta etenik ez duena proposatu du, bere hiriko gaueko bizitza bezalakoa. Hango kaleetako indarkeria ere ikusten da lanean. Bigarren lana, Peeled, Itzik Galillik inoiz eginiko lanik hoberenetakoa da. Benetako tour de force bat da: hamar dantzari, poliki pilatzen, xake itxurako zoru baten gainean. Inoiz ikusi dudan lanik osoenetako bat da, dantza, musika eta argiztapenaren aldetik. Inork ez dio bere buruari galdetzen «zer esan nahi du honek?», erabat ederra eta gozagarria delako.
Dokumentuaren akzioak