Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Angelun kabalkada prestatzen hasi dira, Angeluarrak dantza taldearen 60 urteen kari

Dokumentuaren akzioak

Angelun kabalkada prestatzen hasi dira, Angeluarrak dantza taldearen 60 urteen kari

Egilea
Maitane Etxeberria
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Angelu
Mota
Albistea
Data
2025/01/03
Lotura
Kazeta
Kabalkadaren bidez, dantza, musika eta antzerkiaren inguruan bilduko dira herritarrak Angeluarrak taldearen 60. urtemugaren ospakizunean.
Kabalkadaren bidez, dantza, musika eta antzerkiaren inguruan bilduko dira herritarrak Angeluarrak taldearen 60. urtemugaren ospakizunean. (Angeluarrak)

Data ezaguna da jadanik: kabalkada bat eskainiko da Angelun 2026ko irailean, bertako Angeluarrak dantza taldearen 60 urteen karietara. Kalbalkada honen prestatzeko, denentzat idekia den bilkura bat eginen du abiatu berri den 2025eko urtarrilaren 18an, 10:30ean, Angelun, dantza taldearen egoitzan.

Hirurogei urteko bizian, Angeluarrak taldeak, elkarte gisa egituraturik, euskal kultura garatzen du, dantza eta musika tradizionalaren praktikaren bidez. Hain zuzen, 2002. urtean jadanik kabalkada bat antolatu zen Angelun, herri animazioa sortzeko asmoz, eta horren parte izan ziren Angeluarrakeko dantzariak. Ordutik, taldea Angeluko elkarteen arteko dinamikan murgilduta egon da eta aldi berean, dantza tradizionala bere hastapeneko eremura, hau da, karrikara eta plazara itzultzen saiatzen da.

Orain 60 urte betetzear dela, Patxi Amulet Angeluarrak elkarteko kideak azaldu duenez, naturalki etorri zaie karrikan eta plazan ospatzea urtebetetze hori, beste elkarte batzuekin batera, horregatik kabalkada egiteko ideia. Angeluko hainbat elkarte historikorekin arituko dira lanean, besteak beste, Ibaialde arraun elkartea, Kimua ikastola edota Manex Goyhenetche Kultur Etxean diren elkarte batzuekin.

Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, «orain antolatzen diren kabalkadek konpromiso bat aurkitu dute. Herrien arazoak aipatzen dira, baina denen tendentziak kontutan hartuz eta bortizkeriarik gabe. Herriko elkartasuna sustatzeko eta bermatzeko du gehien bat lehen helburua».

Herri-antzerkiaren xedeak zehaztu ditu Amulet musikariak: «Horrelako dinamika bat mantentzeko asmoarekin eta lor dezagun euskara eta euskal kultura biziarazten Angelun». Elkarte andana batek euskaraz bizi eta euskal kultura eskaintzen dute Angeluko hirian eta Angeluarren helburua horren mantentzea da, hiri mailako dinamika batean.

Urtebetetzea herritar guziekin ospatzeko nahiarekin, kabalkadaren prestaketan parte hartu nahi duten elkarte eta herritar guziei idekia da. Horretarako antolatu du dantza taldeak urtarrilaren 18ko biltzar nagusi eratzailea, eta maiatzera bitarte, Internetez ere kabalkadaren prestaketan parte hartzeko izena eman ahalko dela zehaztu du Amuletek. Informazioa eskuratzeko inprimaki bat zabaldu dute ere.

Dokumentuaren akzioak