Dokumentuaren akzioak
Angeluko elkarteek bat egin dute kabalkada antolatzeko, herri animazioa sortzeko asmoz
Angeluar guztiei eskainiko zaie ekainaren 2an iraganen den kabalkadan parte hartzeko aukera
Goizeko ibilaldiaren ondotik toberak emanen dira, kabalkadetako ohiturari jarraiki. Angeluko toberetan hiriko jarrerez irri eginen dute. Hizkuntza lokalen geroaren gaia jorratuko dute. Funtsean, tobera horiek hiru hizkuntzetan emanen dituzte: euskaraz, frantsesez eta gaskoinez. Toberen ondotik bazkaria, haurrentzako animazioak, mutxikoak eta arratsean Oskorriren kantaldia iraganen dira. Bazkaria izan ezik, dena urririk antolatu dute.
Baina hemendik hara, Angeluko elkarteek badute oraino non josta. Kabalkadan parte hartu nahi duten angeluar guztiei deia zabaldua zaie. Martxoaren 30a arte dute izen emateko. Ondotik dantza ikastaldiak antolatuko dira haientzat, ikusgarrirako prest egoteko gisan.
Angeluko Ibaialde, Hardoytarrak, Angeluarrak, Angeluzain, Angeluko ikasleak, Angeluko ikastola, Ipar Izar eta Ikas Bi elkarteak juntatu dira ekimen horrentzat. Euskal Kultur Erakundeak eta Udalak beren laguntza ekarriko dute. Helburua elkarteek elkarrekin «herri animazio» bat sustatzea da. Halaber, Angelun euskal kultura bultzatu nahi dute, bai eta ere jendea horretaz informatu.
Hemendik ekainaren 2ra kabalkadei buruzko erakusketa bat xutik ezarriko dute Angeluko liburutegian. Garaztarrak Donibane Garaziko dantza taldeak sortu zuen 1995ean. Hilabete guziz mutxikoak dantzatzen jarraituko dute, elkarteak aurkeztuz. Animazioak joan den urtean hasi ziren. Toberei buruzko hitzaldi batek jende ugari bildu zuen eta hemendik ekainera bitartean hitzaldi gehiago antolatuko dute.
Dokumentuaren akzioak