Dokumentuaren akzioak
Ane Albisu: «Aspaldi nuen euskal jantziei buruz liburu bat idazteko gogoa»
Zer aurkituko du bertan zure liburuaren irakurleak?
Euskal Herrian jantzi tradizionalaren
esparruan gertatutako eraldatze prozesua. Euskal kulturaren alor honen
egoera zer nolakoa den azaldu nahi izan dut, eta euskal jantziei
buruzko argibideak emateaz gain, XX. mendeko fenomenoa agertzea izan da
nire asmoa, abiapuntu gisa XXI. mendea hartuz. Bestalde, jantziak
egiteko aholkuak ere ematen ditut.
Lan handia hartu al duzu liburua egiteko?
Bai. Orain dela 31 urte hasi nintzen
zeregin honetan, auzoko dantza taldearen jantziak josiz, ereduak
bilatuz, liburuetan irakurriz... Eta hasiera batean liburuak ahalik eta
ikuspegi gehien bil zitzan nahi nuen: ikerketa sakona islatu, argazkien
bidezko irakurketa eskaini, ahalik eta informaziorik praktikoena ere...
Baina hori guztia argitalpen bakar batean azaltzea ia ezinezkoa da,
eta, azkenean, hau baino ez dago, egindako lan handiaren iceberg baten
tontorra bezalakoa den liburua. Ikusten ez den lan asko dago liburu
honen atzean.
* * * * * * * * * * * *
Atondu
XXI. menderako proposamena
Ane Albisu
elkar
152 or. / 29,50 euro
Gure aurrekoen jantziak berreskuratzea posible da
Gure aurrekoen jantziak berreskuratzeko prozesua zaila izan arren, posiblea dela erakusten digu Ana Albisuk osatutako Atondu. XXI. menderako proposamena
lanak. Baina, Juan Antonio Urbeltzek liburuaren hitzaurrean gogoratzen
duen bezala, jantzi tradizionalak ezin dira duinduko dituen gutxieneko
kalitaterik gabe, «benetakotasunik» gabe, berreskuratu. Edozein
motatako gehiegikeria edota ñabardura zein oihaletan kolore eta formen
erabilera txarrak, ezinbestean mozorro bihur ditzakeelako. Horregatik,
zorroztasun osoz egin du Ane Albisuk azken ehun urte inguruotan gure
jantzi tradizionalek egin duten ibilbidearen historia laburra,
etorkizunerako proposamen berriak oinarri sendoa behar zuelako. Eta ez
bakarrik hitzetan adierazia, baizik eta zuri-beltzeko zein koloretako
argazkietan ezagutzera emana ere. 1976an hasi zen Ane Albisu Iriarte
donostiarra euskal jantziak ikertzen. Argia dantza taldean, Eusko
Ikaskuntzako Folklore sailean eta azken 21 urteotan Ikerfolk folklore
ikerketa erakundean, folkloreari eta modari loturiko hainbat ikerketa
lan eginak ditu. Liburuak jasotzen dituen emaitzak berak hamabost urtez
zuzendutako Atondu ekimenekoak dira.
Dokumentuaren akzioak