Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Andre «superboteretsuen» erretratua

Dokumentuaren akzioak

Andre «superboteretsuen» erretratua

'M eme M (Mari emakume Mitologikoa)' dantza lana estreinatuko dute Olaeta eta Oldarra balletek Bilbon

Mundu mitologikotik egungo gizarterako bidaia da Olaeta Balleta elkartearen eta Miarritzeko Oldarra balletaren bigarren elkarlanaren emaitza. Ipar eta Hego Euskal Herria uztartuz, euskal dantzak ballet klasikoan txertatuz, M eme M (Mari emakume Mitologikoa) ondu dute, andrazkoei omen egiteko. «Emakume guztiak dira Mari», esan zuen atzo Jon Maia bertsolari eta gidoiaren idazleak: «Gizarte garaikidean ere Mariz beteta daude kaleak, jainkosaz beteta. Aurkitutako oztopoak gaindituz joan dira; beren gaitasunari eta indarrari esker, 'superbotere' horiei esker, bizitzan aurrera egitea lortzen dute». Bihar eta etzi taularatuko dute obra Bilboko Arriaga antzokian, 20:00etatik aurrera.
Egilea
Maite Asensio Lozano
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2012/11/01
Lotura
Berria

Mitologiari buruzko lanak berrirakurrita erreparatu zion Maiak andrazkoen protagonismoari: «Emakumea da euskal mitologiaren figura zentrala. Denok ezagutzen ditugu lamiak, sorginak, Mari... Baina ez diogu begirada partikular hori eman, azpimarratuz emakumea dela elementu zentrala». Jainkosaren pertsonaia hartu du ardatz, «herri guztietan ikusi dutelako pasatzen».

Hartara, Mariren begietatik emakume baten bizitza antzeztuko dute, jaiotzatik helduarora. «Umetan mundu magiko bat aurkitzen du, unibertso imaginario bat; hori du euskal kulturak», azaldu du Maiak; «Bizitzan aurrera egin ahala, emakume horrek beste pertsonaia batzuk ezagutuko ditu, maiteminduko da...».

Tartean agertuko zaizkio sorginak. Emakume guztiak dira Mari, baina badute sorginetik pixka bat ere. Ez deabru gisa aurkeztutakoetatik, baizik eta bere garaiko kultura jaso zuten andrazkoetatik: «Sortu eta egin hitzen batura dira sorginak. Emakume normalak ziren: landa eremuan naturaz inguratuta bizi zirenak, beren jakinduriaren arabera, euskaraz hitz egiten zutenak. Hori nahikoa izango zen, kanpotik etorritako elizgizon baten begietara, zerbait gaiztoa izateko».

«Mari modernoa»

Dantza ikuskizun baterako idatzitako lehen lana izan da Maiarentzat. Hitza musika eta irudi bihurtzeko prozesuarekin harrituta agertu da, baita lan taldearen izaerarekin ere: «Aurkikuntza handia izan da dantza, halako diziplina klasikoa, hain modu herrikoian ulertzen duen jendearekin lan egitea». Izan ere, obran parte hartuko duten talde asko ez dira profesionalak. Ugaoko (Bizkaia) Sarea abesbatzarentzat, adibidez, aldi berean abestu eta antzezten duten lehen aldia izango da.

Olaeta elkartea arduratu da prozesu osoa zuzentzeaz. Halere, Oldarrako taldearekin batera sortu dute koreografia, bost lagunen artean. Ines Uriarte dantzariak azaldu du «Mari modernoa» irudikatu nahi izan dutela: «Dantza klasiko eta euskal dantzetatik ez ezik, beste diziplina batzuetatik ere saiatu gara Marirengana hurbiltzen». Mariren rola antzeztuko duen Eneka Bordagarai dantzariak ere hartu du parte koreografiaren zati batean, Oldarra balletan irakasle izandako Koldo Zabalarekin batera: «Feminitatearekin jostatzeko aukera eman dit, emaztea izatea zer den aztertzekoa».

Musikari dagokionez, saiatu dira hainbat estilo aukeratzen, Jone Goirizelaia Olaetako dantzariaren hitzetan: «Garai hartako musikariekin hasi, eta gaurko musikariengana ailegatzen saiatu gara: badaude Guridi, Aranbarri eta Usandizagaren zatiak, baina Mikel Laboa eta Juan Carlos Perezenak ere bai». Et Incarnatius orkestrak musikatuko du obra: 30 lagunetik gora egongo da agertokian, Miguel Zeberioren gidaritzapean.

Akelarrearen zatian, ordea, txalaparta eta DJa uztartuko dituzte. Asier Gonzalez txalapartariak azaldu du «sokak apurtu» nahi izan dituztela nahasketa horren bidez: «Egoera ukroniko eta utopiko bat planteatu genuen, lekurik eta garairik gabea». Lege zehatzik gabeko abagune horretan, pieza «kaotikoa» egikaritu dute: DJak Euskal Herriko corpus musikala nahastuko du; «eta horretaz ari garenean, izan daiteke pasodoble espainol bat, edo Hertzainak taldearen abesti bat, edo Otsagabiako dantza bat».

Bihar eta etzi estreinatuko dute dantza ikuskizuna Arriaga antzokian. / Jon Hernaez / Argazki Press

Dokumentuaren akzioak