AEBetako Dallas hiriko Meadows arte-museoak gai askotariko bideo-erreportajeak ekoizten ditu astero, eta kulturari buruzko Culture Corner espazioan hiru saio eskaini dizkio Euskal Herriari. Hirugarren bideoa Idaho estatuko Boisen bost urterik behin antolatzen den Jaialdiari buruzkoa izan da. Bertan ateratako irudiak erabili ditu erakundeak erreportajerako, tartean, Galdakaoko Andra Mari dantza taldearenak.
Iaz zen ospatzekoa bost urterik behin AEBetako Boise (Idaho) hirian antolatzen den Jaialdia, euskal diaspora protagonista duena eta euskal kulturaren espresio anitzez betetzen den festibal ezaguna. Pandemiak eraginda, ordea, aurtengo udara atzeratu zuten hurrengo edizioa, baina egoeraren bilakaera ikusita, 2022ra atzeratuko dutela iragarri berri dute.
Horren harira, Dallas (Texas) hiriko Meadows museoak astero emititzen dituen ikus-entzunezkoen asteotako hiru erreportajeak Euskal Herriari eskaini dizkio, euskaldunontzat hain ezaguna den Jaialdian amaituta hirugarrena.
Lehenak The Basque Country izan zuen izena, orain bi aste. Bigarren atalak The Basque Museum izena eta hurrengoak Jaialdi, alegia, euskaldunon diasporako museo honen bitartez jaso zuelako Meadows Museum delakoak Boiseko ekimenaren berri eta erreportajea egiteko laguntza.
Aipatutako Dallaseko museo honek Culture Corner atala —Facebooken 21.000 jarraitzaile baino gehiago dituena— astero egiten du eta, egiari zor, «Espainiako kulturaren alderdiak ezagutzeko» saio bezala izendatu du sekzioa. Horren barne kokatu dute argitalpen honetan protagonista den erreportajea ere, Espainia eta estatu honetako bandera inon ageri ez bada ere.
Kontuak kontu, jaialdi ospetsua 2020ko udan ospatu ezin izan dela, aurten ere ezin izango dela eta 2022ko udara atzeratu behar izanaren aitzakian, saioko azken erreportajea honen inguruan burutu du museoak, irakasgai ezin festazaleagoarekin: «Ospatu dezagun Jaialdia etxean egindako kalimotxo batekin!». Euskal edari tipikoa egiten irakasteko ardura Boiseko Basque Block kalean dagoen Basque Museum & Cultural Center-eko Kylie Bermensolok izan du, eta horren aurretik Jaialdia zer den, noiz sortu zen eta zertarako antolatzen den azaltzen du hedabideko kazetariak.
Jaialdia bera zer den eta zelan ospatzen den jakiteko, jarraian batutako bideoa entzutea baino ez dago. Ingelesez aditzeko zailtasunak dituenak agian ez ditu bertan azaldutakoak askorik ulertuko, baina ikusi erraz ikusiko ditu Jaialdiaren azalpenak laguntzeko Texaseko museoak erreportaje honetan erabili dituen argazkiak. Irudi gehienak 2005eko Jaialdikoak dira, eta edizio horretan hartu zuen parte Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak.
Bada, 65 urteak pasa dituen herriko dantza talde historiko hau da Dallaseko museoko erreportajearen protagonistetariko bat, Andra Mariren beraren hainbat erretratu erabili dituelako argitalpena janzteko.
Hauxe da Meadows Museum Facebook orrialdean argitaratutako bideoa:
Eta hauxe da, bide batez, Jaialdiaren webgune ofizialaren goiburua. Bertan ere, galdakoztarrak protagonista: Kepa Artetxe eta Soiartze Artetxe aita-alaba dantzariak jota-porrua dantzatzen, 2005eko Jaialdiko une batean.