Dokumentuaren akzioak
Andoain Dantzan murgilduta, apirileko asteburuetan
Abiatu da Andoaingo Udaleko kultura sailak antolatzen duen Andoain Dantzan jarduera.
Joan zen apirilaren 2an, Ertza taldeak eskainitako 4x4 emanaldiarekin ekin zitzaion aurtengo Andoain Dantzan jarduerari. Umorea eta dantzarien dohainak batu zituen emanaldiak Basteroko plazan, ezberdinak izateko eskubidea aldarrikatuz. Asteburu honetan bertan jarraipena izango du eta oso estilo ezberdinetako dantza konpainien emaitzak ikusteko aukera izango da. Larunbatean (apirilak 9), Aracaladanza konpainia entzutetsuak ‘Vuelos’ ikuskizuna taularatuko du Basteroko auditorioan 18:00etan. Gizakiak hegan egiteko duen amets unibertsala oinarrian hartuta landutako emanaldia da, imaginazioari ateak zabalik uzten dizkiona. Biharamunean, kortsarioek hartuko dute Andoaingo Espigoia eta ‘Itsas lapurrak’ ikuskizuna eskainiko dute Haatik dantza konpainiako kideek, 18:30etan hasita. Hurrengo asteburuan, apirilaren 17an, berriz, Andoaingo dantzariak arituko dira Basteroko eszenatokian. Euskal dantza tradizionaletan oinarritutako emanaldia izango da. Herriko dantzari gazteek herrian bertan euren lana erakusteko aukera izango dute beste behin. Apirilaren 22an, Basteroko auditorioan, Dantzaz konpainiaren ‘Aureo’ emanaldiarekin amaituko da aurtengo Andoain Dantzan. Bost pieza koreografikok osatzen dute ‘Aureo’, aditu nahiz ikusle berrientzat ulergarri eta gozagarri izango direnak. Dantzaz gozatzeko aukerarik, beraz, ez da faltako hilabete osoan zehar. Gonbidatuta daude herritar guztiak.
Kortsarioak Andoainen
Igandeko ‘Itsas lapurrak’ emanaldian Andoaingo espigoian dantzan arituko dira Haatik konpainiako dantzariak, kortsarioen paperean dotore. Nerea Ezenarro billabonatarra izango da dantzarietako bat. Berak eman ditu xehetasunak.
Nola laburbilduko zenuke ‘Itsas lapurrak’ ikuskizuna?
Euskal Herrian itsasoak oihartzun handia izan du, baina arrantzale edo merkatarien ikuspegitik batik bat. Pirata edota kortsarioen gaia ez da horrenbeste landu eta azken horien kontuak dakartzagu ikuskizunean: haien abenturak, misterio kutsua… Ikuskizuneko zati batean lami bihurtzen gara eta paper aldaketa horrek ere asko aberasten du emanaldia. Niri, dantzari bezala, istorio ezberdina delako gustatzen zait.
Ikusleentzat erraza izan daitekeela uste dut, kanpoan eskaintzen dugunez, ustekabean eta aurrez hura ikustera joatea pentsatu gabe ere ikus daitekeelako. Musika entzundakoan gerturatu eta hasiera ikusi gabe ere erraz jarrai daiteke. Hori positiboa da, egun asko kostatzen baita antzokiak betetzea. Neurriz 25-30 minutuko saioa da eta luzeegia ez izateak arindu egiten du. Haur nahiz heldu, adin guztietako pertsonei zuzenduta dago.
‘Itsas lapurrak’ ikuskizunean dantzatu bezala antzeztu ere egiten dugu eta saioaren hasierak portua nolakoa zen adierazten du, lurralde ezberdinetako jendearen elkargune. Kanpoko lurraldeetako jendea etortzen den herri bat antzezten saiatzen gara, eta amaitu ere, portuko egoera irudikatuz amaitzen dugu. Dantzari gisa, edozein paperetan sartzeak aberastu egiten nau pertsonalki. Oso ezberdina da tristura, beldurra edota poza adieraztea. Sentimendu ezberdinak adieraztea erronka da beti.
Portu edo erreka inguruetan aurkezteko egokia da ‘Itsas lapurrak’ ikuskizuna. Andoainen Espigoian arituko zarete…
Plazetan ere polita geratzen da, inguru guztian ikusleak jarriz gero. Baina, dudarik gabe portu inguruetan emaitza ikusgarriagoa izaten da. Noizbait eszenatoki gainean egitea egokitu izan zaigu eta kasu hartan gertutasuna galdu zuela esango nuke. Antzokian urruti izaten ditugu ikusleak, baina kalean ikusleen aurpegiak ikusi egiten ditugu eta dantzariontzat garrantzitsua da gertutasun hori, asko laguntzen digu.
Zein ezberdintasun du ikuskizuna kalean edo antzokian aurkezteak?
Antzokian errekurtso asko izaten da eta argiek edo soinuek asko aberasten dute emanaldia. Baina kalean beste gauza askok hartzen dute protagonismoa; baita dantzak berak ere, nire ustez. Eta ikuskizun honen kasuan bereziki, arropek. Ramon Garciak egin ditu jantziak eta oso lan polita egin duela aitortu behar zaio. Jantziekin lotuta, kalean aritzeak uneoro eszenatokian egotea esan nahi du eta ondo pentsatu behar da pertsonaiez aldatzea egokitzen zaigunean nola erakutsi aldaketa hori. Erritmo eta seriotasun baten barruan egiten dugu.
ANDOAINEN
Aiert Beobide dantzariak, duela bost urte sortu zuen Haatik dantza konpainia eta geroztik ikuskizun ezberdinak eskaini dituzte. Horien artean, ‘Errimak oinetan’ emanaldiak harrera beroa izan zuen eta saio ugari eskaini zituzten dantzariek. Pauso berri bat eman eta antzokira sartzeko asmoz sortu zuten gerora ‘Ilargiaren malkoa’ ikuskizuna, zeina abian zenean, duela bi urte ekin zion taldeko kide izateari Nerea Ezenarro dantzari billabonatarrak. Andoainen eskaini zuen Haatik konpainiaren baitan lehen emanaldia eta gune berezia da beretzat. Bertan arituko da igandeko emanaldian ere. Andoainen egiten du lan Nereak (euskara nahiz dantza irakaslea da) eta gogo berezia du bertan dantza egiteko. Etxetik gertu edo kanpoan dantza egitea ezberdina dela adierazi du, “oraindik eta gehiago exijitzen diot neure buruari gertu naizenean eta ondo sartu nahi izaten dut dagokidan paperean. Tentsio hori izatea dantza egiteko ona dela uste dut”, adierazi du Nereak.
Dantzari billabonatarrak
Zortzi dantzarik hartzen dute parte ‘Itsas lapurrak’ ikuskizunean. Haatik konpainian hamar dantzari dira guztira eta horietatik bi billabonatarrak: Nerearekin batera, Jon Arsuaga herritarra. Une honetan kanpoan bada ere, hiru urte daramatza Jonek Haatik konpainian dantzan. Biak ere, ume zirela, Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldean hasi zuten euren dantzari ibilbidea.
Jon Arsuaga, kaxaren gainean Orion dantzan.
‘Hormek diote’ ekimenean lanean
Donostia 2016 ekimenaren baitan, ‘Hormek diote’ proiektu berrian buru-belarri lanean ari da Haatik konpainia. Ereiten kultur zerbitzuak, David Zapirain eta Koldo Almandozek gidatutako ekimena da eta gune ezberdinetan margotu diren bost mural ezberdinak konpainiako dantzarien eszenatoki izango dira ekaina eta uztaila artean. Elkarbizitza oinarrian hartuta bost koreografia prestatzen ari dira: Aiert Beobidek osatu du haietako bat eta bina Iker Arrue eta Vitali Safronkine koreografoek. Pascal Gainek egin du bost saioetarako musika.
Egitaraua:
- Ekainak 27, astelehena. Altza
- Uztailak 4, astelehena. Intxaurrondo
- Uztailak 15, ostirala. Trintxerpe
- Uztailak 24, igandea. Errenteria
- Uztailak 29, ostirala. Donostia.
Dokumentuaren akzioak