Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ander Errasti: "Badakit dolua igaro beharko dudala, baina bizitza etapak dira"

Dokumentuaren akzioak

Ander Errasti: "Badakit dolua igaro beharko dudala, baina bizitza etapak dira"

Egilea
Mireia Galarza Bastida eta Urtzi Oteiza
Komunikabidea
Guka
Tokia
Orio
Mota
Albistea
Data
2025/01/31
Lotura
Guka

Urte askotako dantza ibilbidea eta gero, oholtza gainera igotzeari utziko dio Ander Errastik (Orio, 1984). Barruak eskatutako erabakia dela dio. Otsailaren 9an du azken emanaldia, etxean.

Urte askoko dantza ibilbideari amaiera emango diozu. Zergatik hartu duzu erabaki hori?

Aspaldi murgildu nintzen dantza munduan, eta zenbait gorabehera izan ditut azken urteotan. Horrek pentsarazten zidan bukaera agian gertu egon zitekeela. Erabaki naturala izan dela esan dezaket, barruak eskatu didan zerbait izan delako.

Asko kostatu al zaizu erabakia hartzea?

Egia esateko, bai. Beti esaten nion nire buruari: «Tira, beste pixka bat gehiago». Baina lehenago edo beranduago erabakia hartu egin behar da. Faktore askok eragin dute nik erabaki hau hartzeko orduan, eta momentu egokian hartu dudala esan dezaket. Badakit gero gaizki pasatuko dudala eta dolua ere igaro beharko dudala, baina bizitza etapak dira.

Ibilbideak bukaera bat badu, hasiera bat izan zuelako da. Orion hasi al zen zure dantza ibilbidea?

7 edo 8 urte izango nituen, eta Talaimendi elkarteak euskal dantzak irakasten zituen garai hartan. Larunbat arratsaldeetan izaten ziren klaseak, eta oinarrizkoa ikasten genuen saioetan: arin-arina, fandangoa, Axuri beltza... Nire arreba ere ibiltzen zen dantzan, eta lagun batzuekin batera, nik ere izena eman nuen. Ezer ez zekitenak eta dantzari buruz pittin bat zekitenak banatu egiten zituzten taldeetan, eta ikastolako jolastoki zaharrean batzen ginen amaieran denok elkarrekin dantzatzeko. Handik musika eskolara igarotzeko saiakera egin nuen, baina lehenengo urtean ezinezkoa izan zen, matrikulazio epea igaro zitzaigulako. Izugarrizko gogoarekin geratu nintzen; beraz, lehen urtean beraiek eskaini zuten emanaldia ikustearekin konformatu behar izan nuen. Orduan garbi gelditu zitzaidan zer nahi nuen, eta amari esan nion: "Ama, nik hau egin nahi dut". 18 bat urtera arte aritu nintzen han, eta gero, Harribil dantza taldean hasi nintzen.

Oriotik irtenda, zure ibilbidea egin zenuen gerora.

Maitane Mujika Aukeran dantza taldeko kidea ni baino urtebete zaharragoa da, eta harremana nuen berarekin. Jende, eta batez ere, mutil bila ari ziren taldera sartzeko, eta horrela bihurtu nintzen taldeko kide. Bertan egon nintzen urte askoan, eta pandemia eta gero, Kimua dantza konpainia sortu genuen lagun talde batek.

Erraza izan al da bide hori egitea?

Nirea oso naturala izan da, aukerak bidean zehar sortu zaizkidalako. Dena dela, badakit jende askorentzat askoz ere zailagoa izan dela leku bat egitea.

Euskal dantza garaikidetzen ikusi zaitugu konpainia eta ikuskizunetan. Musikan ikusi dugu 'betikoa' aldatzen ari dela, gauza bera ari al da gertatzen dantzan?

Bai, bai. Niri beti gustatu izan zait fusio hori egitea. Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da, baina hortik harago bestelako lanketa egitea ere oso aberasgarria da. Gaur egun normalizatuago dago, baina garai batean kritika gogorrak jasotakoak gara. Niri, pertsonalki, iritzi guztiak iruditzen zaizkit errespetagarriak, baina kontrako horiei ez diet kasu gehiegirik egin. Esan bezala, ordea, egungo egoera beste mota batekoa da, aukera asko daudelako merkatuan, bai modalitate eta bai konpainia aldetik. Dantza mundu zabal bat da.

Dantzari izateaz gain, dantza irakasle ere bazara.

Bai, eta oso aberasgarria ari da izaten niretzat lanbide hori. Aukera hori ere pixka bat kasualitatez sortu zen, baina oso gustura aritzen naiz irakasle lanetan. Izan ere, Magisteritza ikasketak egin nituen, eta dantza klaseak eskainita, gustuko ditudan bi arlo uztartzeko aukera bilatu dut.

Dantzari bezala Orion igoko zara azken aldiz oholtzara. Zer ikusiko dute bertan oriotarrek?

Otsailaren 9an izango da emanaldia, 18:30ean, Karela kiroldegian. Kimuako konpainiako nire oholtzakideekin izango naiz bertan, eta GenErorAntz ikuskizuna eskainiko diegu oriotarrei. Emanaldi hori GenEroa emanaldiaren ondoren dator; hori kaleko ikuskizuna izan zen, eta herriz herri ibili ginen. Antzokietara bideratutako zerbait sortu nahi izan dugu orain; gai bera lantzen dugu bertan, baina modu desberdinean.

Eta egun horretatik aurrera, nolakoa izango da zure harremana dantzarekin?

Nire asmoa da konpainian jarraitzea, baina ez dantzari moduan, baizik eta atzeko lanetan. Izan ere, askotan bukaerako emaitzaz gozatzen dute ikusleek, baina lan asko dago horren atzetik. Gainera, Kimuako kideok emanaldi bat sortu eta hori zabaltzeko prozesu guztiaz arduratzen gara, eta lan asko egin behar da gauzak ondo ateratzekotan. Asmoa hori da, baina ikusiko da zer gertatzen den.

Dokumentuaren akzioak