Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Andaluziaren apoteosia

Dokumentuaren akzioak

Andaluziaren apoteosia

Crítica, La Cuadra de Sevilla

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2004/03/30

Carmina Burana-ren hasierako piezak, O Fortuna izenekoak, ezin hobeto murgiltzen gaitu ikuskizunak behar duen maiestate giroan, Arriaga antzokiko argiak jaisten diren bitartean. Hortik aurrera, prest gaude Sevillako La Cuadraren azken erritoan parte hartzeko. Salvador Tavorak zuzendutako edozein antzezlanak erritotik asko duelako eta erritoek ere antzerkitik zerbait dutelako.



Imágenes andaluzas para Carmina Burana honetan Sevillako zuzendariaren betiko sinbologia eta elementuak ikusten ditugu, zentzumenen eta buruaren gozamenerako. Hala izanik, flamenkoaren ikonografia osoa hiru gitarrista zoragarri, kaxa, cantaora eta hiru dantzari bikain, benetako zaldi bi, burdinazko zezen pare bat eta herri hartako erlijiotasun folklorikoarekin lotutako ia guztia agertuko da emanaldiaren une batean edo bestean: bi fraide ipotx, lau serorek osaturiko abesbatza, intsentsu usaina eta gurutze erraldoi bat barne. Dena edertasunaren zerbitzura jarrita. Dena heroiko, epiko eta barrokoa dei geniokeen estetikaren baitan kokatuta. Agian Urrezko Mendea izan zelako Andaluziaren arorik distiratsuena. Agian barrokoa delako andaluziarren izpiritua hobekien islatzen duen estiloa. Ildo horretatik, deigarria da koloreen aukeraketa aszetikoa zuria eta beltza besterik ez dira erabiltzen baina argien diseinu tenebrista, gune argiak oso argi eta ilunak erabat ilun uzten dituena, guztiz bat dator esandako estetika barrokoarekin.



Dudarik gabe, muntaia honetako apusturik arriskatuena Carl Orff-en musikaltasun ia matematikoa eta flamenkoaren suhartasuna elkartzea zen. Akaso horrexegatik egin zaigu gogorra lehen saeta entzutea, konpositore alemaniarraren musika hilezina eta sopranoaren ahotsa entzun ostean, batez ere lehen koadroko dantza flamenkoa Orffen estiloari ederki moldatzen zela ikusi eta gero. Beranduago, baina, baterago ibili dira mundu biak eta une jakin batean eredugarria izan da gitarristek interpretaturiko kantataren pasarte bat. La Cuadraren ikuskizun gehienetan bezala, irudien itzelezko plastizitatea da luzaroen gordeko duguna muntaia honetatik, eta haien artean betiko gordeko dugu Lalo Tejada bailaora-k gurutzearen inguruan eta gainean burutzen duen solo zirraragarri eta probokatzailea. Irudi horiek, fortunaren gurpilean bueltaka doazen aingeruenak eta herri xeheak hango banderekin abesten duen ereserkiak beste ezerk baino hobeto islatzen dute lan honek irudikatu nahi duena: Andaluziaren apoteosia.

Dokumentuaren akzioak