Haurra zela, 2012ko kabalkadan parte hartu zuen Aña Hauskarriagak (Irisarri, Nafarroa Beherea, 2000). Aurtengo kabalkadan dantza irakasle da, eta lehen emanaldia joan den astearen hondarrean eman dute. Balorazio ona egin du Hauskarriagak, iaztik eraman duten lanaren emaitza baita, haren erranetan. Bertzalde, kontatu du Maritzuli konpainiarekin pentsatu dituztela bolant jantziak.
IKUSI GEHIAGO
Noiz hasi zineten dantza taldea osatzen?
2023ko urrian hasi ginen izenak hartzen, eta 2024ko urtarrilean hasi ginen errepikekin. Hortik uztailera mutxikoak egin ditugu, agorrilean entrexatak, eta irailetik goiti hainbat talde egin genituen dantzak erakusteko. Parte hartzaileen artean, kasik denak hasiberriak ziren. Gehienek hutsetik hasi dute dantza, kabalkada prestatzeko.
Zenbat dantzari zarete?
Hastapen-hastapenean, izen emateen arabera, 160 pertsona ginen, eta gero, hainbat arrazoirengatik, batzuek gelditu zuten dantza, ikasketak eta osasun arazoak tarteko. Orain, orotara 140 gara.
Dantzen aldetik, 2012ko kabalkadak berriz hartu dituzue?
Alde batetik, kabalkadetako betiko dantzak badira: mutxikoak, euskaldunak eta sorginak eta kadrillak. Horiek dira 2012tik berriz hartu ditugunak. Sorkuntzen artean fandangoa, arin-arina eta mutxiko bat sortu dugu.
Joan den udan Maritzuli konpainiarengana joan ginen bolant berri batzuk sortzeko. Irisarriko koloreak eta herriko keinu batzuk sartu nahi izan ditugu. Claude Iruretagoiena ikustera joan ginen marrazki batzuekin, eta hortik modeloak egin zizkigun. Ondotik, dendari tropa muntatu zen herrian, jantzien josteko.
Nola antolatu dira dendariak?
Hamazazpi dendari dira. Ideiak marraztu genituen, eta Maritzulikoekin eta dendarien artean trukean aritu gara.
Biziki, zinez. Ni ez nintzen ohartzen nolako lana zen. Ez nuen pentsatzen urte bat beharko genuela 26 jantzi sortzeko. Behin elkartzen hasita, denbora anitz-anitz behar izan dugu dena finkatzeko. Dendariak erretretan direnez, astean zehar ere biltzen ziren josketa lana egiteko, eta eskerrak haiei.
«Hastapenean dena ele bitan egiten genuen, eta ohartu gara pixkanaka gehienek ulertzen zutela; eta, dantza gorputz adierazpena denez, errazki uler daiteke zer egin behar den. Orokorki, azken errepiketan kasik dena euskaraz egin dugu.»
Oro har, nola eraman dituzue dantza errepikak?
Urtarriletik astean behin elkartzen gara. Azken hilabeteetan, berriz, asteko errepikaz gain igandeko errepika orokorra ere egiten dugu.
Errepiketan, euskara erdigunean ematen entseatu zarete.
Hastapenean dena ele bitan egiten genuen, eta ohartu gara pixkanaka gehienek ulertzen zutela; eta, dantza gorputz adierazpena denez, errazki uler daiteke zer egin behar den. Orokorki, azken errepiketan kasik dena euskaraz egin dugu.
Euskara kabalkadaren funtsa baita azken finean.
Bai, arrunt. Hori zen helburua. Irisarrin irisartarrentzat euskaraz mintzatzeko toki bat nahi genuen. Eramaile gisa, entseatu gara zinez dena euskaraz egiten. Laguntzaileentzat Plazara-rekin tailer bat egin dugu lehen hitza euskaraz eman dezaten denek. Gehienek euskara dakitenez, Irisarrin errazagoa izan zaigu lana, baina ez pentsa, frantsesera errazki lerratzen gara.
Zer tailer mota proposatu dizuete?
Kabalkadako puntu estrategikoak identifikatu genituen. Seinaleen aldetik, piktogramekin baldin badira panelak ulertarazi digute ez dugula bortxaz dena itzuli behar.
Nola baloratzen duzu egin duzuen lehen emanaldia?
Ukan ditugun ohar guziak positiboak izan dira. Hasiberri anitz ditugu taldean, eta badakigu nondik heldu garen. Harro gara eraman dugun lanketa ikusirik. Plazer hutsa da ikustea jendea hain gustura ibili dela eta azkenean denak motibatuak ginela. Astero hor ziren dantzariak, eta zinez indar handia eman dute errepiketara jiteko. Nahiz gazteek elkar ezagutu, belaunaldien arteko elkargune bat eskaini du kabalkadak.